Sor daitekeen telezabor guztia jada zerbitzaturik zegoela pentsatzen nuen; asmatu beharreko reality show guztiak jada asmatu zirela uste nuen. Oker nenbilen; mundu honetako bazter, telebista kate, herrialde eta ikusleak pozoindu ondoren, goia jo dutela iruditu zaie nonbait, eta beste planeta batera abiatu dira itsu-itsuan. Azkenengo proposamena Herbehereetatik dator; Martera kolono batzuk bidaltzeko asmoa dute, bertan bizimodua antola dezaten. Esan beharrik ez dago prozesu hori hemendik jarraitu ahal izango dela mundu osoan zabalduko den reality show baten bidez. Momentuz sortze prozesuan dagoen proiektu bat besterik ez bada ere, datuak ikaragarriak dira; sei mila milioi dolar behar izango direla aurreikusi dute; kalkuluak egiten hasi naiz, eta ez dakit zenbat diru den, kantitate batetik aurrera dena abstraktua iruditzen zait, Donostiako etxeen prezioak begiratzen dituzunean bezala. Lehenengo partaideak 2022. urtean abiatuko lirateke, lau guztira. Bi urtean behin lau partaide bidaltzea da asmoa. Lehenengo lau partaide horietako bat bazina, pentsa ezazu ze hiru pertsona aukeratuko zenituzkeen Marten bi urte pasatzeko… Ez da erraza!
Esperimentu honen alderik latzena, eta sineskaitzena, bueltarik gabeko bidaia bat dela jakitea da. Eta, hala ere, laurogei mila pertsonatik gora dira izena eman dutenak! Batzuek diote, “hemen dagoena ikusteko, nahiago dut mundu berri bat ezagutu”, eta ez dute arrazoirik falta, mundu hau goitik behera aspaldian usteldu zela iruditzen zait askotan. Baina gizakiok gara ingurua usteltzen dugunak; orduan, zertarako balio du beste mundu bat zapaltzeak?
Eta zein irizpide erabiliko zenuke hiru kideak hautatzeko? Bihotzak dioena, bizirik irauteko trebezia erakusten duena, itzal gutxiena egingo dizun taldekidea, edo “dona dona katona”? Zaila egingo litzaidake hiru pertsona soilik aukeratzea, besteak betiko hemen utziko ditudala jakinda; errazagoa iruditzen zait Martera bueltarik gabe nor bidaliko nukeen aukeratzea. Baina hiru gutxi dira, jende asko daukat soberan hemen, bizikidetzarako traba besterik egiten ez duten parasitoak. Denak bidaliko nituzke damuaren arrastorik gabe, pozik; haurra nintzenean izozkiaren makiltxoan premio irakurtzen nuenean sentitzen nuen zoriontasun erabateko eta inozente horrekin. Hain erraza balitz…