Gaztea Cover saioa irabazi zuelako egin zen ezaguna Ainhoa Arroitajauregi (Eibar, 1999). Musika estilo ugari landu ditu kolaborazioen bidez, eta Suerte en tu vuelo diskoa kaleratu zuen 2018. urtean Debajo del Paraguas taldearekin. Gaur egun, Gaztea irratiko musika saioa gidatzen du asteburuetan, Ainhoa Vitoriarekin, eta Arroi proiektu berria dauka eskuartean.
Noiz hasi zinen musikan murgiltzen?
Txikitatik abesten dut. Gurasoek nire lehenengo gitarra 11 urte nituela oparitu zidaten, eta Eibarko gazteen koroan hasi nintzen 12 urte ingururekin. Bertan lauzpabost urte egin nituen.
Akademikoki zer kontaktu izan duzu musikarekin?
Solfeoa ikasi dut, eta gitarra jotzen ere badakit, baina arlo horretan izan dudan prestakuntzarik aberasgarriena musika udalekuetan jaso dut. 13 urterekin hasi nintzen horietara joaten, eta gaur egun ere joaten naiz, baina, orain, monitore. Udaleku horietan hasi nintzen musika munduan gehiago sartzen, eta nik arlo horretan zer egin nahi nuen pentsatzen.
Debajo del Paraguas taldean hasi zinen azkenean abeslari.
Bai. Madrilera joan nintzen komertzioa eta marketina ikastera, eta bertan nengoela Bilboko lagun batek deitu zidan. Musika talde bat zeukan, eta abeslari bila zebiltzan. Debajo del Paraguas taldean sartu nintzen horrela. Haiekin hasi nintzen kantu batzuk kaleratzen; disko bat ere egin genuen. Nire lehenengo kontzertuak talde horrekin eman nituen, eta esan daiteke hor hasi nintzela musika modu profesionalagoan lantzen.
Gaztea Cover lehiaketa ere irabazi zenuen. Nolatan aurkeztu zinen?
Berez, ez neukan aurkezteko asmorik, pentsatzen nuelako ez neukala irabazteko aukerarik. Debajo del Paraguas taldeko nire lagun Leirek, ordea, beti sinestu izan du nigan, eta etengabe esaten zidan aurkezteko. Ez nuen grabazioa lehiaketara bidali, baina bera tematu zen, eta azken momentuan bidaltzea erabaki nuen. Beti esaten dut geroztik etorri zaizkidan aukera guztiak esker izan direla.
Iruzurgilearen sindromeaz ere hitz egin izan duzu.
Bai, askori gertatzen zaigu. Mundu honetan bereziki, pertsona publikoago bat zarelako. Egia da, gainera, musikaren munduan oso ikusgai zaudela; zure istorioak kontatzen dituzu, eta ez dakizu kontatzen duzun hori ona izango den edo jendeari gustatuko zaion. Baina, azkenean, egiten duzun hori pasioz bizi duzunean, aurrera jarraitu behar duzu.
Joan den urtean, Gaztea Coverreko lehiakide izateari utzi, eta epaile bihurtu zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Ez naiz inoiz aritu horrelako telebista saio batean epaimahaikide, eta esperientzia polita izan zen. Bizipenak asko aldatzen dira lehiakide gisa aurkeztuta edo epaimahaikide izanda. Lehen aldiz joan nintzenean askoz urduriago nengoen, eta, epaimahaikide gisa, beste patxada batekin hartu nuen.
Debajo del Paraguas taldea alde batera utzi, eta beste proiektu batekin hasi zara berriki. Nola sortu zen ideia?
Debajo del Paraguas taldean gustura ibili nintzen, baina oso estilo markatua zeukaten, eta estilo horrek ez zuen bat egiten nirearekin. Azkenean, erabaki genuen taldea atzean uztea, eta gauza berri batean zentratzea. Hortik jaio zen Arroi, proiektu berria.
«Pozik nago abestiekin, baina oraindik esploratzen nabil, nire estilo propioa bilatzen. Hasieran, uste duzu estilo jakin bat duzula, eta gero konturatzen zara ezetz»
Nondik dator izena?
Zalantza asko izan nituen izenarekin. Taldekoek esaten zidaten Ainhoa Arroita jarriko geniola; ni abeslari eta protagonista gisa, eta beraiek nire banda gisa. Baina niretzat gehiegizkoa zen horrenbesteko protagonismoa. Azkenean, Arroi izena jartzea adostu genuen. Egia da nire abizenetik datorrela, baina ez dauka zertan pertsona bakar bat izan. Nik idazten ditut abestiak, Ina Peñalba produktorearekin, baina gaur egun ere gainontzeko taldekideak dira musikariak. Iruditzen zait talde batekin musika egitea politagoa dela.
Arroi proiektuaren lehenengo kantuak kaleratu dituzue jada.
Bai. Ekainean atera genituen bi kantu. Pozik nago abestiekin, baina oraindik esploratzen nabil, nire estilo propioa bilatzen. Hasieran, uste duzu estilo jakin bat duzula, eta gero konturatzen zara ezetz. Beraz, pozik nago kantu horiekin, baina egia da orain jarraitu nahi dudan bidea, estilo aldetik, beste bat dela.
Beste hainbat talderekin ere egin dituzu kolaborazioak, estilo ezberdinetakoak.
Bai. Zelanda taldeko bateria jotzailea nire monitore izan zen lehen aipatu ditudan musika udalekuetan, eta hark eskaini zidan taldearekin kolaborazio bat egiteko aukera. Rock estiloa landu nuen haiekin. Horrez gain, nire kuadrillakoa da Esco rap abeslaria, eta harekin ere kolaboratu nuen. Arroirekin atera ditudan azken bi kantak, aldiz, pop estilokoak dira. Polita da, estilo ezberdinak probatzeko aukera izan dudalako. Bizitza bera bezalakoa da, urteak aurrera doaz, eta joan den urtean gustuko zenuena gaur jada ez zaizu gustatzen.
Zer ematen dizu musikak?
Urte honetan konposatzen hasi naiz, esaterako. Urte gogorra izan da niretzat neuretzat, eta idaztea izan da antsietatearen aurka aurkitu dudan ihesbidea. Koaderno bat daukat, eta pentsamendu txarrak etortzen zaizkidanean bertan islatzen ditut. Idazten dudan hori hartu, eta kantu bat egiten dut horrekin gero. Beraz, musika idazteak mina eta antsietatea baretzen laguntzen didala esan daiteke. Horrez gain, beste artista batzuen musika entzuten dudanean, batzuetan identifikatuta sentitzen naiz kontatzen dutenarekin, eta min hori nolabait partekatzen dut artista horrekin. Beraz, musika idaztean, zera lortu nahi dut: nire min propioa baretzea, baina baita beste pertsonaren bati aukera ematea ere min horrekin identifikatzeko.
«Beste artista batzuen musika entzuten dudanean, batzuetan identifikatuta sentitzen naiz kontatzen dutenarekin, eta min hori nolabait partekatzen dut artista horrekin»
Gaztea Cover irabazteak Gaztea irratian esatari lanak egiteko aukera zabaldu zizun.
Bai. Duela bi urte esango balidate irratian egongo nintzela, ez nukeen sinistuko. Aurretik ez dut inoiz neure burua irratian irudikatu, baina oso pozik nago. Komunikazioaren mundua, orokorrean, asko gustatzen zait mundu hori, eta adierazpide gisa ere asko laguntzen dit.
Zer proiektu dituzu aurretik?
Gaur atera beharko litzateke Arroiren hurrengo kantua, eta beste bi ere ateratzeko asmoa neukan, baina otsailaz geroztik kantatu ezinik nabil eztarriko nodulu batzuen ondorioz. Oraintxe hasi behar dut errehabilitazioan. Prozesu luzea izango da, baina espero dut datorren urte hasierarako kanturen bat ateratzea.