Irungo LGBT kolektiboko kideek osatzen dute Lumak Haize taldea. Joan den ekainaren 28an sortu zuten, «harrotasun kritikoa» aldarrikatzeko asmoz. Ez ziren ekainean bakarrik aritu, ordea, eta hamaika dira harrezkeroztik egin dituzten jarduera eta mobilizazioak. Taldeko kide Gorka Iparragirrek nabarmendu du kulturan eragitea zutela helburu hasiera-hasieratik. Izan ere, adierazi du «luzea» dela LGTB kolektiboaren eskubideen borroka, eta horregatik duela garrantzia kulturan eragiteak. Arlo horretan. Lumak Haize taldeak erantzukizun bat duela uste du: beste errepresentazio bat eta beste zinema bat erakustea. Hain zuzen ere horregatik, zineforum bat abiarazi zuten joan den hilean taldeko kideek.
Pelikulak ez ezik, beste edonolako ikus-entzunezko euskarriak proiektatzeko sortu da zineforuma, Iparragirrek zehaztu duenez; hala nola telesailak, film laburrak, grabatutako antzerkiak…. Gaineratu du, halaber, zineforumak ez direla proiekzio soilak. Izan ere, haren ustez, saioen ondotik elkarren sentsazioen berri izateak, hausnarketak egiteak eta eztabaidatzeak «balio erantsia» ematen diote zineforumari. Lumak Haizeren zineforumean, baina, lan denek ezaugarri komun bat edukitzea beharrezkoa da: LGTB kolektiboaren eskubideen borrokaren gainean hausnartu ahal izateko baliagarri izan behar dute. «Zinemarekin nahi dugu erakutsi zer bizi dugun, zer bizitzen ari garen, eta zer dugun bizitzeko», esan du Iparragirrek. Pelikulen ondorengo hausnarketa inportantetzat jo du horretarako.
Kideen errepresentazioa
Iparragirrek dio kolektiboko pertsonak zineman ordezkatuta egoten direla, nahiz eta, haren ustez, «eskasa eta esangura gutxikoa» izaten den errepresentazio hori: «Film alternatibo asko sortzen dira, baina bidean geratzen dira pelikula horiek». Zineforum saioekin saiatuko dira kolektiboarenak diren «askotariko leku eta espazioak» erakusten. «Askotan, galdera hau egiten diogu geure buruari: ‘Baina zein da gure lekua zinema barruan?’. Galderak, ordea, hau izan beharko luke: ‘Zein dira gure lekuak?’. Izan ere, baditugu gureak diren lekuak, bat baino gehiago».
«Zinemarekin, zer bizi dugun erakutsi nahi dugu, zer bizitzen ari garen eta zer dugun bizitzeko».
GORKA IPARRAGIRRE Lumak Haize taldeko kidea
Hain justu, pelikula ikusi ondorengo hausnarketetan lantzen dute hori, eta ez kolektiboko kideek soilik, kolektiboaren parte ez direnek ere zabalik dituzte saio horietarako ateak, eta parte har dezakete hausnarketetan. «Bizipenak elkarri kontatzea inportantea da kolektiboarentzat, eta baita kide ez direnentzat ere. Bakoitzak buruan darabiltzanak ezagutzeko modu bat da». Oraingoz, Irungo Hazia kultur elkartean egiten dituzte saiook; Iparragirreren arabera, «oso modu xumean». Nolanahi ere, «espazio handiago bat» eskatu du, «zineforumetara jende gehiagok joateko aukera izateko, eta sortzen diren eztabaida eta hausnarketa horietan bozeramaile gehiago izateko». Finean, uste du egitasmoa «aberasgarriagoa» izango litzatekeela hala.
Hizki bakoitzaren garrantzia
Zinema komertzialari dagokionez, kolektiboko hizki bakoitzari errepresentazio eta leku bakarra ematen zaiola uste du Lumak Haizek, baina, kideen ustez, ez luke hala izan beharko: «Bollera guztiek atzean istorio bera izango balute bezala irudikatzen dute kolektiboa». Horren adibide, orain arte egindako azken proiekzioari buruz mintzatu da Iparragirre; To Wong Foo, thanks for everything! Julie Newmar filmaz, hain zuzen: «Pelikularen atal batean, transen bizitzaren inguruko broma bat egiten dute, eta txantxa horrek testuinguru bat zeukan bere garaian, baina egun ez dauka lekurik. Garai horretan, ordea, oso aurrerakoiak ziren filmak transei eta ez-binarioei buruz esaten zituenak». Horrenbestez, errepresentazio «osoa» nahi dutela dio, kolektiboko kideen errealitate zabala ordezkatuko duena. «Abanikoa zabalik eduki nahi dugu». Gainera, garrantzitsutzat jotzen dute zinema generoen abanikoa aintzat hartzea. «Kolektiboko narratibak ez dira beti intentsitate jakin batean eginak, kritikoak edo errealistak; batzuetan disfrutatu nahi dugu, besterik gabe».
Hasierako proiekzioetan, garai bateko pelikulak proiektatu zituzten, kolektiboko kideen errepresentazioa aitzat hartzen zutenak; kasu baterako, Ozeko Aztia. Lehen urrats horrek jarri ditu zineforumaren oinarriak. Baina zer pelikulak izan ohi dituzte protagonista kolektiboko kideak? «Gutxik, tamalez», dio Iparragirrek. «Gutxi dira narratiba eta erreferente horiek dituztenak. Izan ere, askotan, pertsonaia solteak izaten dira kolektibokoak, eta ez pertsonaia nagusiak. Ariketa kolektibo bat da, beraz, erreferente horiek bilatzea eta pantailetara ekartzea».
Hurrengo saioa ez dute finkatu oraindik. Dena dela, proposamenak jasotzeko prest dira Irungo taldeko kideak. Horretarako, sare sozialen bidez jar daiteke haiekin harremanetan.