Haur eta nerabeetan espezializatutako terapeuta emozional sistemikoa da Donna Apellaniz (Donostia, 1990). Haurtzaroan jasotako heziketa emozionalak duen garrantzia nabarmendu, eta horrek helduaroan duen eraginaz aritu zen asteazkenean, Donostiako Okendo kultur etxean eman zuen Haurren emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldian.
Zer dira emozioak?
Emozioak energia dira. Hitzak berak hori esan nahi du: energia eta mugimendua. Gorputzak dituen zirrara bulkadak dira, gure gorputza mugiarazten digutenak testuinguruari erantzuteko. Erantzun horren helburua da norbera gertatzen ari den horri egokitzea. Esaterako, norbaitek iraintzen baldin banau eta horrek min ematen badit, babesteko mekanismo gisa, haserretu egingo naiz, eta nik hura irainduko dut, edo negarrez hasiko naiz min handia egin badit.
Zeintzuk dira lehen mailako emozioak?
Teoria ezberdinak daude, baina nik oinarrizko lau emozio hartzen ditut kontuan: beldurra, amorrua, poza eta tristura. Lau emozio horiek ezaugarri oso zehatzak eta energia oso konkretua dute, eta horien nahasketatik sortzen dira beste hainbeste emozio. Oinarrizko ez diren horietaz gain, baditugu oso pertsonalak diren emozioak, kulturalak direnak.
Nola eragiten die haurrei emozioek egunerokotasunean?
Denoi eragiten digute, mugitzen gaituzten energia diren heinean. Helduok, askotan, gure emozioak gordetzen ditugu; haserrea, esaterako. Haurrek, berriz, alde mental hori garatzeke daukatenez, gorputzean dauzkaten emozio horien arabera jokatzen dute, emozioak oso lotuta daudelako egiten dugunarekin, eta horiek kudeatzen ikasteko helduak behar dituzte.
Helduek emozio propioen kudeaketa egoki bat egitea beharrezkoa da gero haurrei zeregin horretan laguntzeko?
Bai. Kudeaketa propio ona edukitzea, bizitza guztian osatzen den prozesu bat da. Aldatzen goazen heinean ere kudeaketa aldatu behar da. Dena den, ez da beharrezkoa gurasoek aurretiko prozesu bat egitea gero umeak emozioetan hezi ahal izateko; haurrekin batera ere hori ikas dezakete. Emozioak ezin dira erakutsi matematika erakusten dugun bezala. Horien bizipena, kudeaketa eta bidelaguntza egunerokotasuneko bizitzarekin erakusten da. Horregatik, umeari esaten badiogu haserretu daitekeela eta ez dela ezer gertatzen, baina gero guk gure haserrea erreprimitzen badugu, desoreka handia sortzen da.
«Erreprimitzen dugun hori erreproduzituko dugu helduak garenean; patroi hori hausten ez baldin bada, behintzat. Aldiz, sentitzen dugun hori onartzen badugu, askeago sentituko gara haurtzaroan, nerabezaroan zein helduak garenean».
Zer eragin dauka haurretan emozioen kudeaketa oker bat egiteak?
Emozioekin bi gauza egin ditzakegu: sentitu eta orduan kudeatu, edo erreprimitu. Bitarte horretan, gauza ezberdinak gertatzen dira. Haurrari eta geure buruari emozio hori sentitzen uzten badiogu, gero nola kudeatu erakutsi behar diogu; hau da, zer egiten dugun sentitzen ari garen horrekin. Hori baita, azkenean, emozioen kudeaketa.
Eta zer gertatzen da emozio hori erreprimitzen denean?
Emozioak oso lotuta daude gure izatearekin. Gu ez gara gure emozioak; guk emozioak ditugu. Hala ere, ez badidate haserre edo triste egoten uzten, nire emozioak nolabait mugatzen badizkidate, horiek erreprimitzen hasten naiz, eta hor kateatuta geratzen dira. Hori arriskutsua da, gero eztanda egin dezaketelako. Ume hori oso zintzoa izan daiteke etxean, baina, adibidez, eskolan atera dezake haserre guztia. Edo, bestetik, ez badiogu uzten sentitzen ari diren hori sentitzen, haurrak pentsa dezake ezin dela norbera izan modu librean.
Zergatik da garrantzitsua haurrekin emozioen gaia lantzea?
Gure izatearen oinarria izan garen haur horretan dago. Umeak garenean gure arlo mentala garatu gabe dagoenez, gertatzen zaigun guztia egia osoa izango balitz bezala ulertzen dugu. Esaterako, pentsatzen dugu gure etxean ikusi ditugun gauzak gainontzeko etxe guztietan horrela egiten direla. Beraz, errepresioa bizitzen badugu emozioen aldetik, hori normaltzat hartu eta errepikatu egingo dugu geure buruarekin eta besteekin. Erreprimitzen dugun hori erreproduzituko dugu helduak garenean; patroi hori hausten ez baldin bada, behintzat. Aldiz, sentitzen dugun hori onartzen badugu, askeago sentituko gara haurtzaroan, nerabezaroan zein helduak garenean.
Nola lagundu dakioke haurrari emozio horiek identifikatzen?
Lehenego pausoa da sentitzen dugun horri hitzak jartzea. Eta helduak jakinarazi behar dio haurrari lau emozio primario horietako bat sentitzen ari dela. Horrela, umeak ikusiko du sentitzen ari den horrek izena daukala, eta baita zergati bat ere. Jakinarazi behar diogu ez dela zerbait txarra; mingarria izan daitekeela, baina bizitzaren parte dela. Baina horretarako guk ere sinestu behar dugu ez dela kaltegarria. Askotan ez dugu nahi gure haurrak beldurra sentitzea, eta guk geuk onartu behar dugu normala dela beldur horiek izatea, eta, gainera, erabilgarria dela, beldurrak babestu egiten gaituelako.
Eta emozio horiek adierazten?
Familiak hausnarketa bat egin behar du arlo horretan, eta pentsatu behar du haserrea etxe horretan nola bizi nahi duen. Adibidez, besteei min eman beharrean, baliabide bat izan daiteke kuxin batean askatzea energia, edo korrika egiten, negar egiten…Tresna ezberdinak eman behar dizkiegu haurrei.
Zer lotura egin beharko litzateke emozioen eta parte arrazionalaren artean?
Adimen emozionala buruaren eta bihotzaren arteko zubia da. Gure istorio pertsonalaren arabera, emozio bat pizten zaigunean, mezu mental jakin batzuk etortzen zaizkigu burura; batez ere, 8 urtetik aurrera. Esaterako, triste baldin bagaude eta haurtzaroan gure etxean ez badigute utzi triste egoten, emozioa ez dugu adieraziko. Horrek, era berean, beste emozio bat sortzen du, erresistentziak sortzen direlako: beldurra pizten da, amorrua…
Beraz, nondik has daiteke alde arrazionala eta emozioak bateratzen?
Alde emozionala sostengatu eta onartzetik. Horrek onarpenezko mezuak aktibatuko ditu geure buruan, eta mezu kaltegarri horiek geldituko ditu. Geure buruari esan behar diogu emozioak behar ditugula, eta ez direla zerbait kaltegarria, mina sentitu arren. Buruaren bidez, mezu horiek errepikatuta, emozioen akonpainamendua indartu behar dugu.