Gipuzkoa, urbanoa

Gipuzkoa, urbanoa

Irratitik baino gehiago, TikTok, Youtube zein Instagram eta antzeko sare sozialetatik jariatzen da gaur egun modako musika. Gazteek pantailetan ikusi eta entzuten dituzte Euskal Herriko zein kanpoko taldeen azken kantuak. Bada, ordea, indar handiz sartu den genero bat: musika urbanoak edo kaleko musikak irabazi du lekua azken urteotan, eta nabaria da estilo horren gorakada Gipuzkoan ere. Belaunaldi berri bat hasi da era horretako musikarekin dantzalekuak betetzen.

Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen zabaltzen genero hori, 1980ko hamarkadan, eta soula, rhythm and bluesa eta hip-hopa biltzen zituen hasieran. Musika estilo hori egiten zuten artista afroamerikarrak gutxiesteko erabili zuten terminoa urte luzez, eta mespretxuzko kutsua hartu zuen. Hala ere, gaur egun mundu osoan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den estiloa da; Hego Amerikan zabaldu zen lehenengo, eta Europara iritsi da azken hamarkadetan. Gaur egun, reggaetona, dance hall-a, mombathon erako musika, bachata, Latin dance deiturikoa, dembow-a eta trapa ere biltzen ditu, aditu batzuek kontzeptua zabalagoa dela aldarrikatzen duten arren.

«Flamenkoa ere urbanoa da, adibidez, eta ez da musika urbanotzat hartzen. Nolabait definitu behar dira musika motak, eta horretarako erabiltzen dira etiketak, baina, azken finean, hori da: musika». Martin Errasti Tatta-ren hitzak dira (Arrasate, 1998). Tattak hogei kantu baino gehiago atera ditu bakarka zein beste artista batzuekin, eta 47.000 entzule ditu hilero Spotifyn. «Orain, disko bat grabatzen nabil, eta denetarik dauka: bachata, brasileko funka, teknoa, popa…». 2018an hasi zen lehenengo kantuak ateratzen, Arrasateko hainbat lagunen artean sortu zuten Suprim’ Records taldearekin: «Lau lagun hasi ginen: Hodei Vicario Denso, Ur Bruña Ur suprim’, Unai Sierra eta laurok».

«Dena da musika. Flamenkoa ere urbanoa da, adibidez, eta ez da musika urbanotzat hartzen. Nolabait definitu behar dira musika motak, eta horretarako erabiltzen dira etiketak, baina azken finean hori da: musika». 
MARTIN ERRASTI ‘TATTA’ Artista

Gerora, Denso eta Tattak Mutiko artistarekin osatu zuten DMT taldea, eta entzutetsuago egiten hasi ziren. Kantu asko batera ekoiztu dituzten arren, badauzka bakoitzak norberaren abestiak eta ibilbide propioa. Aurten egin dute Euskal Herriko zenbait txokotan Jet plane tour bira, Etxepe kolektiboarekin batera. Etxepe sortzeko orduan, DMT taldea «inspirazio iturri» izan dela aitortu du bertako kide Eli Maidagan Eli-k (Arrasate, 2000). Arrasatekoak dira horiek ere, eta pandemiaren ondoren hasi ziren lehenengo kantuak grabatzen. Etxepe da, gainera, abestiak grabatzeko muntatu duten estudioa, eta bertatik hartu dute kolektiboaren izena. Han elkartu dira Eli eta Tatta elkarrizketarako: «Berriztu egin genuen lokala, eta gu ere musika egiten hasi ginen lagun artean».

Martin Errasti ‘Tatta’ eta Eli Maidagan ‘Eli’, astelehenean, Arrasaten, Etxepeko estudioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

DMT taldearen antzera, Etxepe kolektibokoek ere denen artean egiten dute musika, bakoitzak bere zigilu propioa duen arren. Oraingoz, Fane, Axeri eta Eli taldekideek kaleratu dituzte abesti gehien, baina Maida eta Harakin artistak ere hasiak dira Etxepe izenpean musika ateratzen. «Modu naturalean atera da. Hasieran ez geneukan pentsatuta musika kaleratzea. Ideia moduan bai, hor zegoen, baina gehiago zen ekoizten eta baseak grabatzen ikastea, kantatu nahi genuelako. Gero konturatu ginen guay zeudela, eta jendeari gustatzen zitzaizkiola. Pixkanaka atera genituen, eta kontzertuekin ere hasi ginen», azaldu du Elik. Bi disko atera dituzte aurten: Etxepe Kids —hasi zirenetik ateratako kantuen bilduma da— eta Etxeperreo.

Balloon Frame da azken urteotan eszenatokiaren gainean nabarmendu den beste talde bat. Izaro Nieto Izzi Rainbow (Ordizia, 2000) eta Unai Zugazua Caliè (Gasteiz, 1999) dira taldeko kideak, eta rapa lantzen dute, batez ere, erritmo azkarrekin. Donostiako arkitektura fakultatean elkartu dira biak; biek ikasten dute bertan, eta klasean ezagutu zuten elkar. Zugazuak sortu zuen taldea hasieran, DJ MTrekin batera, eta geroago batu zen Izzi Rainbow. «Pandemian, etxean geundela hasi nintzen letra batzuk idazten, eta banekienez Unai raparen munduan ari zela, hari idatzitakoa erakustea erabaki nuen. Ikusi zuenean, proposatu zidan Irungo Irungo Uwaprods ekoizlearen estudiora joan eta batera zerbait grabatzeko, eta horrela hasi zen dena», dio Izzi Rainbowk. Estudioan hasi zuten elkarlana Uwaprodsekin, eta batera ari dira orain ibilbidea egiten.

Aldarriak: bai edo ez?

Musika urbanoaren barruan, rapa bere izaera aldarrikatzaileak ezaugarritu du maiz. Hain zuzen, joera batzuek defendatzen dute garai historiko konkretu batean klase estratu baten parte izateak dakartzan bizi baldintzek ezaugarritzen dutela. Balloon Frameko kideek, esaterako, «kritika» egiten dute beraien letrekin, Caliek azaldu duenez: «Mikrofono bat daukazunean edo eszenatoki batera igotzen zarenean, posizio bat hartzen zabiltza zerbaitekiko. Artearen munduan oso ohituta daude lehenengo pertsonan hitz egitera, eta norbere barruan dagoen hori ateratzen; baina, horrez gain, badaude gure iritzia merezi duten kontu batzuk. Ni, behintzat, saiatzen naiz kritikoa izaten kanpoan gertatzen ari den horrekin, eta posizio bat hartzen». Bat dator Izzi Rainbow: «Entzuten nauzunean, ulertu behar duzu ni zein naizen, zer pentsatzen dudan. Eta eguneroko bizimoduan daukadan iritzi bera plazaratuko dut kantatzen dudanean ere».

Unai Zugazua Caliè eta Izaro Nieto Izzi Rainbow Ballon Frame rap taldeko kideak, joan den ostiralean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Elik, ordea, azaldu du nahiago duela aldez aurretik mezurik ez pentsatzea: «Nik neuk, ez dut sentitu ezer aldarrikatzen nabilenik. Ideiak nahastu egiten ditut musika egitean mezu konkretu bat helarazten saiatzen banaiz, eta sormena kentzen dit. Gainera, garrantzi handiagoa ematen diot melodiari edo soinuari. Ondo dago zentzua edukitzea, baina ez diot horrenbesteko inportantziarik ematen». Tattak ere adierazi du ez dituela letrak aldez aurretik pentsatuta idazten: «Idatzi egiten dut, eta, gero, irakurtzen dudanean ohartzen naiz zer esan nahi dudan. Batzuetan esaldi bat bukatzen dut errima egiten duelako, eta, gero, dena irakurtzean, esaten dut: ‘Ba, zentzua dauka’». Gainera, azaldu du norberak interpretatzeko modukoak izan behar direla letrak: «Uste dut mezua argiegia bada, norberaren interpretazioan sortzen den zera hori galtzen dela».

«Hasieran gaztelaniaz idazten nuen. Euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen dut, eremu formal eta informalean, eta erdara gauza serioagoak idazteko modu bat zen niretzat». 
IZARO NIETO ‘Izzi Rainbow’ Balloon Frame taldeko rap abeslaria

Mezuak emateko edo ez emateko moduan ere badauzka ezaugarri bereziak euskarazko musika urbanoak; hain zuzen, bi hizkuntzak nahastuta abesten dute elkarrizketatu guztiek. «Lehenengo abestiak euskaraz egiten hasi ginen, baina erdara ere sartu genuen gero, guk ere gure artean ez dugulako dena euskaraz egiten; nahastuta egiten dugu. Gainera, entzuten dugun musika gehiena gaztelaniaz edo ingelesez izaten da; beraz, zaila da dena euskaraz egitea», esan du Elik.

Alderantziz izan da Balloon Frameko Izzi Rainbowrentzat: «Nik hasieran gaztelaniaz idatzen nuen. Euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen dut, eremu formalean eta informalean, eta erdara gauza serioagoak idazteko modu bat zen niretzat. Hala ere, trebetasuna hartzen joan naiz, eta banabil pixkanaka euskara sartzen nire letretan». Tattak, berriz, adierazi du bere musikaren zati handi bat gaztelaniaz izan arren, ez duela «inongo presiorik» sentitzen «euskaraz, gazteleraz edo ingelesez» egiteko. Berezia da Calieren kasua: ama hizkuntza gaztelania badu ere, rapean euskaraz aritu da hasieratik: «Eguneroko bizimoduan beti gaztelaniaz aritzen naiz, baina raparen munduan euskaraz aritzen den jendearen bidez sartu nintzen, Zihakus adibidez, edo Gasteizko beste artista batzuk. Beraz, modu naturalean hasi nintzen euskaraz rapeatzen. Orain arraroa egiten zait gaztelaniaz egitea».

Urbanoa, geroz eta gehiago

Guztiak bat datoz Gipuzkoako musika urbanoaren panoramaren analisian: gutxi dira oraindik, baina gora doaz musika estilo hori sortzen duten gazteak. «Euskal Herriko musikaren industrian zirkuitu finko bat dago, eta inertzia politiko bat islatu nahi du. Orain argitara ateratzen ari den belaunaldiak beste bide batzuk aurkitu behar ditu bere musika ateratzeko, zirkuitu horretan ez duelako bere burua ordezkatua ikusten, eta desadostasun batzuk dituelako. Hori, gainera, musika egiteko eran ere islatzen da; ez da kasualitatea orain musika urbano mordoa ateratzea», dio Caliek.

Tattak adierazi du geroz eta gehiago ari dela Gipuzkoan musika mota hori lantzen, baina «egiteko asko» dagoela oraindik: «Bide onetik goaz. Nik uste dut hemendik bi urtera musikari asko irtengo direla». Elik, berriz, esan du publikoan ere aldaketak ikusi dituztela: «Ikusleak orain ari dira ikusten musika estilo hau ere badagoela, eta onarpena handiagoa da. Horrek ekarriko du geroz eta jende gehiagok horrelako musika egitea». Gehitu du egiten dutena jada badagoen zerbait dela, baina Euskal Herrira ekarrita: «Jendeak sare sozialetan entzuten duen musika bera da, baina hona ekarrita. Espainian edo Estatu Batuetan egiten den hori hemengo jendeak egiten da. Agian, ez soilik euskaraz, baita gaztelaniaz ere, baina hemengo jargoiarekin eta rolloarekin».