«Zer omen handiagoa, jendeak Imanolen kantak herrikoitzat jotzea baino»

«Zer omen handiagoa, jendeak Imanolen kantak herrikoitzat jotzea baino»

Eguberrietako protagonistak, Olentzero eta Mari Domingi ez ezik, gabon kantak ere badira. Herrikoitzat jotzen badira ere, horietako asko ez zituzten aspaldi sortu. Hain zuzen, Imanol Urbietarenak dira Din dan don, Kanta Alleluia eta Kanpaiak jaietan, esaterako. Haren bidelaguna izan zen Kontxi Aizarna (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1958), eta sorkuntza prozesuaren parte izan zen Xirula Mirula musika eta pedagogia eskola-laborategian.

1984ko Gabon gauean diskoan daude sortu zenituzten hainbat gabon kanta.

Bai. Euskal tradiziokoak sartu genituen —Olentzero dela, Hator hator dela—, eta beste batzuk geuk sortu genituen. Atzerriko melodiak hartu genituen, eta horiei hitzak jarri genizkien. Oso prozesu polita izan zen. Ostiral iluntze batean, Zarautzen [Gipuzkoa] buelta bat ematen ari ginela, nahiko ondo abesten duten lagun batzuk aurkitu genituen. Galdetu genien ea hurrengo goiza okupatuta ote zuten. Ezetz esan ziguten, eta gurekin etorri ziren Xirula Mirulara, kanta batzuk grabatzera. Horrelaxe grabatuta daude batzuk, entsegu berezirik gabe.

Abesti herrikoi guztiak noizbait sortuak dira, eta zuek sortutako hainbat abesti jada herrikoitzat jotzen dituzte. Nola bizi duzu hori?

Ondo. Imanolen filosofia zera zen: egin dituen kantak erabiltzeko dira. Garai batean, 40 Principales jartzen zenuenean, astebete irauten zuen kanta batek.

Gaur egun gauza bera gertatzen da.

Aspaldi ez dut entzun. Orduan, beti esaten zuen: «Nik egin ditudan kantak, bai gabon kantak eta bai eskolarako egindako beste kantak, nire esperientziatik egin ditut. Zuk kanta hau erabili nahi baldin baduzu, ea zure esperientziarekin egokitzen den; bestela, egin nahi dituzun aldaketa guztiak». Ez zen batere jeloskorra horretan. Hark herriarentzat egin zituen, eta zer omen handiagoa, jendeak Imanolen kantak herrikoitzat jotzea baino; bere egin dituen seinale da.

Zein gabon kanta sortu dituzue?

Alaken Iratzeder poeta eta idazle lapurtarraren [Jean Marie Ihartza] liburu batean topatu zuen Imanolek. Doinua gustatu zitzaion: onomatopeien mundua beti gustatu zitzaion. «Alaken/ txin pun/ ala pikula/ tun paire». Zer da hori? Umeek «ala tipula» esaten zuten.

Txis pun ere bai.

Eta nik: «Ez! Txis txiza da. Txin txindata». Hori hartu zuen, eta musika jarri zion. Bigarren parte bat ere egin zion hark. Bizarzuri ere gurea da. Kanta horrek badu bere istoriotxoa. Aiako [Gipuzkoa] eskolan ezagutzen zuten Imanol, eta urte batean esan zioten: «Imanol, kanta bat egin behar diguzu, gurea izango dena». Bizarzuri Aiako umeei egin zien.

Nola sortzen zituen hitzak?

Lehenengo, bertsoa osatzen zuen. Esaten zuen euskarak baduela berezko musikaltasun berezi bat, eta, orduan, bertso bat idazten zuenean, horretan zegoen erritmoa. Erritmo horrek sorrarazten zion melodia. 

Abesti berriak gero umeei erakutsi beharko zenizkieten.

Xirula Mirulako haurrek esperimentatzen zuten. Umeen erreakzioaren arabera, autokritika egiten zuen Imanolek. Gainera, ohitura handia genuen keinuak egiteko. Koreografiak egiten genituen, eta, erreakzio positiboak ikusten bagenituen, ikusten genuen balio zuela. Orduan hasten zen zabalkundea.

Abestien bidez balio asko landu dituzue Xirula Mirulan.

Nik pentsatzen dut beti kantatu behar dela. Zoritxarrez, susmoa dut eskoletan gero eta gutxiago kantatzen dela. Haur kontsumistak egiten ari gara, musikaren aldetik ere bai. Errazagoa da entzutea kantatzea baino. Nik uste dut kantatzeko gogo hori piztu egin behar dela. Musika baliabide baten moduan erabili behar da, haurraren hezkuntza integralean. Mila balio transmititu daitezke musikaren bidez.

LOTSABAKO

Zer eskatu diezu Mari Domingiri eta Olentzerori?
Jarraitzeko lanean, jarraitzeko umeei berdintasuna erakusten. Jendea harmonian bizitzeko: hori eskatuko nieke.