Zerrendak besterik ez dugu ikusten komunikabideetan urte akaberan. Lista horietan beti egoten da adjektibo bat superlatiboan: entzunena, ezagunena, aitatuena… Hitzen erreskada ere izaten da urtero. Edo urteko berba (pertsona, gaia, aktorea…) ere aukeratzen da. Aurten Euskaltzaindiak eta UZEIk hautatu duten urteko hitza zerrenda izan da, errenkada zentzuan baino gehiago, zati luze eta meharra adierazteko. Gazako zerrendak duen zoritxarreko protagonismoagatik aukeratu dute, genozidioak eta ankerkeriak bete dutelako lur eremu mehe eta luzanga. Munduko hiztegi guztiak hartuta osatutako hitz lerro infinituak ere ezin liezaioke bertan gertatzen den izugarrikeriari hitz doirik jarri.
Zerrenda elea gehitu nezake nire listan, baina nirearen gainaldean, duda barik, zaintza dago. Baliteke izatea gure adinekooi tokatzen zaigun bizitzaren etaparengatik, izan liteke, baina beste solasaldirik ez dago nire inguruan: gurasoen zaintza. Energia handia kontsumitzen duena, zama psikologiko bihurtzen dena, eta sentimendu larregi ―ia denak txarrak― eragiten dituena. Estresa, kasu batzuetan bakardadea, ez ulertu sentsazioa, tirabirak familien barruan… dena bizimodu antibizitza baten murgilduta, gurpil zoro hutsa dena, irentsi egiten gaituena. Muntatu dugun/diguten gizartea antizaintza da, gaitza delako soseguz jardutea. Izan ere, dena eta gehiago egiteko antsia bizia dugu, ezinbestean. Zeregin gehiegi hartzen ditugu/harrarazten digute ―ez dakit zenbat den inposatua, edota zurrunbiloan sartu garen gu geu, goxo― Bizitza konplikatua, bizitzaren kontrakoa. Dena egin nahi horrek ez digu inora ailegatzen lagatzen, ordea. Beti presaka, presaka inora ez iristeko! Gainera, zaharren zaintza laguntza sistema konplexu eta motel batez dago inguratuta, oztopoz eta labirintoz betea. Guztiz korapilatsua.
«’Zerrenda’ elea gehitu nezake nire listan, baina nirearen gainaldean, duda barik, ‘zaintza’ dago. Baliteke izatea gure adinekooi tokatzen zaigun bizitzaren etaparengatik, izan liteke, baina beste solasaldirik ez dago nire inguruan: gurasoen zaintza»
Horregatik, besteak beste, deitu zen azaroaren 30eko greba feministara, zentroan jartzeko zaintza guztiak, gizatiarragoak izan daitezen. Eta handik astetxo batera non irakurri nuen Kataluniako Generalitateak 1.000 robot erosiko dituela bakarrik bizi diren pertsona nagusiak artatzeko eta konpainia egiteko. Sare sozial baten ikusi nuenez, gezurretakoa zela pentsatu nuen, baina zenbait komunikabidetan argitaratu zen parlamentuko bideo eta guzti; beraz, egia da. Aurrekontua ere itzela du, 5,43 milioi euro gastatuko dituzte makina horietan. Baina etxez etxeko zaintzaileek garabiak eskatu zituztenean dependenteak ohetik altxatzeko, ezezkoa eman zieten. Zaintza anti-zaintza ber bi!
Laguntasuna egiteko robotak jartzea. Noren buruan sartzen da hori? Sukar-amets baten otu ote zitzaien? Bati ideia zoragarri etorri, baina besteek baiezkoa eman, eta gauzatu! Nobela distopikoa dirudi, adimen artifizialak asmatutakoa. Kontua da zaintza ez dela bakarrik ipurdia garbitzea, botikak ematea. Zaintza pertsonen arteko berotasuna ere bada. Eskutik heltzea, fereka, azala azalarekin, irribarrea, begirada, haserrea.
Gazako zerrendako genozidioa eta robotak zaintzarako, munduaren deshumanizazio argia.