Idatzita egon ohi da herriak noiz sortu zituzten, eta ohikoa izaten da sorreren urteurrenak ospatzea. Trintxerpe Pasaiako (Gipuzkoa) lau auzoetako bat da, urteurren bat baino gehiago ditu, eta sorrera urte asko. David Zapirain (Pasaia, Gipuzkoa, 1968) Historian doktorea da, eta Trintxerpe: urteurrenak liburua idatzi du, auzoaren historiari buruz. Historia «prozesu bat» dela nabarmendu du: «Une historikoak data zehatz batzuekin lotzen ditugunean, ez gara historia egiten ari».
Zenbat urte ditu Trintxerpek?
Gaur egun Trintxerpetzat jotzen dugunak ehun urte bete zituen iaz, nahiz eta multzo moderno eta industrial horren zati bat askoz berriagoa izan. Multzo industrial hori sortu aurretik, Trintxerpek betetzen duen espazioak beste antolaketa sozial bat zuen, eta horri ere heldu diogu liburuan. Ezin da zehaztu, baina agirietan espazio hori XV. mendean agertzen da, eta hor nonbait hasiko ziren antolatzen.
Ba al du garrantzirik urteurrenak ospatzeak?
Hori bera galdetu diogu guk geure buruari liburua egitean. Normalean urteurrenak aitzakia ederrak izaten dira ospakizunak egiteko, baina horrelakoak ospatzeko aintzat hartzen ditugun datek duten balioa askotan erlatiboa da. Guk ematen diegu balioa. Hau da adibide bat. Uste nuen 1522koa zela Trintxerpe aipatzen duen agiririk zaharrena, baina, lanean hasita, zaharrago bat topatu dugu: 1492koa da Trintxer baserria aipatzen duen dokumenturik zaharrena. Bostehun urte ospatzeko nahia erlatiboa bihurtu zen. 1923a ere hartu dugu, baina, ehun urte horien inguruan ikertzen hasita, ikusi dugu Trintxerpe moderno horren hastapena pixka bat zaharragoa izan daitekeela, 1893. urtearen bueltakoa.
Trintxerpek ehun urte baino gehiago izate hutsa da egin duzun aurkikuntzarik deigarriena?
Bai, bai! Denoi iruditzen zaigu Trintxerpe oso toki berria dela, baina ez da hala. Plazer txiki bat ematen du bostehun urte baino gehiago atzera egin ahal izateak; batez ere, auzo horren inguruan une batez egon den estigmatizazioa edo denok hartzen diogun itxura moderno, katastrofiko eta zatar hori dela eta.
Trintxerpe oso lotuta dago Pasaiako portuarekin eta industriarekin. Nekazaritza ere egon da auzoan?
Bai. XIX. mendearen amaierara arte besterik ez zen egon. Badu bere xarma Trintxerpe sagasti eta haritz artean irudikatzeak.
Eta betidanik izan du lotura itsasoarekin?
Horretan ez dago zalantzarik. Gaur egun ezin dugu irudikatu portu industrial hori dena nolako badia izan zen, baina inguru horretan baserriak egotea lotuta dago arrantzarekin eta orain dela bostehun urteko nazioarteko itsas merkataritzarekin.
Gaur egungo Trintxerpe noiztik da horrelakoa?
Gaur egun ikusten dugun itxura XIX. mendearen amaieran hartu zuen, baina paisaia soziala, humanoa eta urbanoa etengabe aldatu da. Badia portu industriala bihurtu zenetik, bailara osoa aldatu zen.
Hirigintza garapen guztiak, beraz, portu industrialaren beharrak asetzeko helburua izan du?
Bai. Horretarako, trena, errepideak eta bestelako azpiegiturak egin zituzten. Denak batera doaz, eta ez soilik Trintxerpen: bailara osoan.
Soziologikoki ere aldatu zen eremua.
Bai, eta hori behin eta berriz gertatu da. Baserririk baino ez zegoen mundu hori erabat elebakarra zen, euskaraz bizi zen. Industrializazioaren garaian, Nafarroatik eta Arabatik etorri zen jendea, eta etorkin gehienak galiziarrak izan ziren. Orain beste gizarte berri bat dago: bertan bizitzen geratzea lortu dutenek, Donostiatik etorri direnek eta askoz urrutiagotik etorritakoek osatzen dute.
lotsabako
Trintxerpeko lekurik kuttunena?
Andonaegi.
Trintxerpeko pertsonarik kuttunena?
Gurasoak.
Eta garairik kuttunena?
Ezinbestez, 1990eko hamarkada.