Euskal Txirrindularitza Federazioaren ziklo-kros egutegiak hamaika proba izan ditu 2023-2024ko sasoian, eta horietako hiru baino ez dira izan Gipuzkoan: Tolosan jokatu zen denboraldiko lehen proba, urrian, eta Ormaiztegin, berriz, azkena, joan den asteburuan. Seguran ere lehiatu ziren txirrindulariak, abenduan. Juan Luis Ormazabal Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko ziklo-kros arduradunari zapore gazi-gozoa utzi dio aurtengo aldiak. Izan ere, haren ustez, kirol maila «ona» egon bada ere, eta gipuzkoarrak aurrean aritu diren arren, Gipuzkoako geroz eta herri gutxiagotan jokatzen delako lehiaketa. «Aurten Legazpiko proba galdu dugu, eta duela pare bat urte, berriz, Beasaingoa. Lasterketa gehiago behar ditugu, afizioa badagoelako». Orain dela zazpi urteko denboraldiarekin alderatu du Ormazabalek aurtengoa; 2016an sei proba jokatu baitziren Gipuzkoan: Legazpin, Arrasaten, Beasainen, Asteasun, Oñatin eta Ormaiztegin.
Galeraren atzean, toki aproposak lortzeko trabak eta zailtasun ekonomikoak daudela jakinarazi du arduradunak. Beasaingo lasterketa jokatzen zen eremuan, esaterako, etxebizitzak eraiki dituzte, eta Loinatz txirrindularitza elkartekoak lehiarako tokirik gabe gelditu dira. Antzekoa da egoera Legazpin: norbanako batenak ziren lurretan egiten zuten zirkuitua, eta tirabirak izan zituzten hori zela eta. Ormazabalek esan du, gainera, proba antolatzeko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituela Legazpiko Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak.
«Legazpiko proba galdu dugu eta duela pare bat urte, Beasaingoa. Lasterketa gehiago behar ditugu, afizioa badagoelako».
JUAN LUIS ORMAZABAL Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko burua
Haizeak kontra jo arren, lehiaketa berriak ere sortu dira azken urteotan. Segurako proba da horren adibide. «Egia esan, non sartzen ari ginen ondo jakin gabe hasi ginen lehiaketa antolatzen, 2022an», dio Joanes Imaz Segurako Txirrindulari Elkarteko kideak. «2022rako planteatu genuen egutegia zen aurreko zuzendaritza taldekoek egin zutenaren paraleloa. Hau da, kategoria bakoitzeko errepideko proba bat egin behar genuen, gizonena zein emakumeeena, hasi eskolartekoetatik eta afizionatuetara. Baina, azkenean, jubenilen lasterketa bat egin gabe gelditu ginen. Orduan ikusi genuen ziklo-krosa egiteko aukera egon zitekeela, udazken-negu partean». Aurreneko aldian, Legazpiko eta Beasaingo probetako antolatzaileengana jo zuten, eta, besteak beste, aurrekontua zehazten, zirkuitua diseinatzen eta materialak biltzen lagundu zieten. Imazek dio «gustura» amaitu zutela aldi hura, eta horregatik, 2023ko egutegian, hasieratik markatu zutela ziklo-krosa.
Logistika, zailtasun
Imazek dio logistika kontuak direla zailtasun nagusia: «Ziklo-kros goiz baterako aurretik lan handiko lau egun behar dira: materiala ekarri, txukundu, 20 edo 30 bat lagunen artean zirkuitua muntatu, txosnarako generoa erosi, dena jaso, itzuli… Errepideko proba bat antolatzeko egunean bertan jende asko behar da, baina aurretiazko lanak lotuago egoten dira, eta esperientzia handiagoa daukagu».
«Ziklo-kros goiz baterako aurretik lan handiko lau egun behar dira: materiala ekarri, zirkuitua muntatu, generoa erosi…».
JOANES IMAZ Segurako Txirrindulari Elkarteko burua
Etorkizunean ziklo-krosari eusteko asmoa dute segurarrek, baina azken hitza sosek dutela argi du arduradunak. Ormazabal poztu egin da jarraitzea posible izan litekeela jakitean, eta gainerako txirrindulari taldeak animatu egin ditu ziklo-kros probak antolatzera. «Kadeteak, gazteak… gustura ibiltzen dira. Dezente igo da parte hartzaileen kopurua. Eta 23 urtez azpikoen maila mantentzea edo eliterako jauzia egitea zailagoa den arren, aurten jarraitu dute txirrindulari batzuek. Nesken taldea ere urtez urte handituz doa».
Kopuruaz gain, maila nabarmendu du federazioko kideak: «Oso maila ona dago Gipuzkoan. Euskadiko zirkuituko lau maillotetatik hiru bertan gelditu dira». Bihar eta etzi Amurrion (Araba) Espainiako txapelketak jokatuko dituzte txirrindulari gipuzkoarrek, Euskal selekzioaren izenean, eta ongi arituko direla iragarri du Ormazabalek.