Miguel de Cervantesen On Kixote, Herman Melvilleren Moby Dick euskaratu berria, Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad, Juan Rulforen Pedro Páramo… Hasiera ezaguna dute literatura unibertsaleko obra enblematiko batzuek. Euskarazkoen artean Txomin Agirreren Garoa nobelakoa izango da, akaso, ezagunena: «Ura zan gizona, ura!».
Ezaguna bai, baina ez, seguru asko, arestian aipatutakoak bezain preziatua, gaur egungo ikuspegitik behintzat. Nostalgia, idealizazioa, esentzialismoa… sumatzen dira Agirreren nobela laburbiltzen duen esaldi horretan.
Gaur egungo bertsolaritzako albisteak irakurtzean, maiz joaten zait gogoa garai bateko bertsolaritzara eta, ibilian-ibilian, Garoa-ren hasierako esaldira, aldaketa txiki bat eginda: «Haiek bai bertsolariak, haiek!». Neure buruari kontra egiten diot gero, jakina, esanez gaurkoak ere bikain askoak direla, garaian garaikoa behar duela, denak bezala, bertsolaritzak… Baina, ordurako, nostalgiak, idealizazioak, esentzialismoak… erakutsia du hor dagoela, bizirik dagoela.
Bertsozale ugariren arbuioa jaso zuen Xabier Amurizak txapela jantzi zuen garaian, baina, urteek aurrera egin ahala, gero eta onarpen handiagoa izan zuen hark ekarritako berritze lanak, eta ez dakit gaur Amurizaren bidea zalantzan jartzen duen bertsozalerik geratzen den.
«Ia denoi gertatzen zaigu inoiz, gero eta sarriago bizitzan aurrera egin ahala, antzekorik. Bota dezala lehen harria sekula ‘basarriren’, ‘amurizaren’ edo ‘dylanen’ bat madarikatu ez duenak».
Aurretik, Basarrik ere ez zituen aurkari gutxi izan, bertsolaritza taberna eta sagardotegietatik atera eta plazara dotore, gorbata eta guzti, ateratzearen aldeko aldarria egin zuenean.
Amurizaren iraultzaren garaian, haren aurkako bertsozale batzuen iritzi sendoak entzutea egokitu zitzaidan, kasualitatez. Ni baino askoz zaharragoak ziren, eta gaur egungo ikuspegitik begiratuta, guztiz logikoa iruditzen zait haien nostalgia, idealizazioa, esentzialismoa… Ez zeuden Amurizak zekarren berrikuntza gozatzeko prestatuta eta galerari erreparatu zioten beraiek ezin balioetsi zituzten irabazien gainetik, oso gainetik. Horregatik, ez zuten onartzen bertsolaritza berria. Ulertzekoa zen Amurizaren bertsokerari zioten ezinikusia, Amurizak txapela buruan zuela jasan behar izan zuen arbuioa eta bakardadea bidezkoak ez ziren arren.
Aurrerapauso bakoitzak galera bat ekarri ohi du, ia beti eta ia arlo guztietan, eta ulertzekoa da galera hori deitoratzea. Garai eta leku guztietan gertatzen da. Adibide asko ezagun bat jartzearren, ez al da ulertzekoa Bob Dylanek, gaur egun denok laudatzen dugun pasoa eman zuenean, bere gitarra elektrikoarekin nahigabe handia eragin izana jende askori? Ia denoi gertatzen zaigu inoiz, gero eta sarriago bizitzan aurrera egin ahala, antzekorik. Bota dezala lehen harria sekula basarriren, amurizaren edo dylanen bat madarikatu ez duenak.
Denok nozitu baititugu betidanikoak eta betikoak ziruditen errealitateen galerak: ohiturak, tradizioak, adierazpide artistikoak, lanbideak, elkarteak, dendak, tabernak eta era guztietako areto, zentro eta establezimenduak… Gero eta gutxiago irauten du, gainera, ia denak; gero eta bizkorrago uzten baitu atzean berrikuntzaren batek.
Gero eta ulergarriagoak dira, horrenbestez, nostalgia, idealizazioa eta esentzialismoa. Hain fama txarrekoak, baina hain gureak, hain gizatiarrak! Ederrak ere izan daitezke, substantzia batzuk bezala, geuk menderatzen baditugu, haiek, gu menderatuta, toxiko bihurtu daitezen utzi gabe.