Aurreko udan egun batzuk eman nituen Lapurdin. Nire txokotik irteten naizen guztietan, bazterrak ezagutu eta monumentuak bisitatu ez ezik, bertako denda eta supermerkatuak ikustea gustatzen zait. Zelako produktuak eskaintzen dituzten, edo zein desberdinak diren nire eguneroko denden aldean.
Ez dugu ahaztu behar adin batetik gorako gipuzkoarrendako zer zen Lapurdira pasatzea. Zaila zen, eta bertako supermerkatuak oso desberdinak. Hemen ez zeuden produktuak pasilloetan txukun-txukun jarrita deskubritzen genituen. Hango jogurtak eta gaztak! Katuen zeruan egotea lakoa. Mundu berri eta distiratsua begien aurrean autarkian hazi ziren gurasoen seme-alabondako.
Hasieran esan moduan, Lapurdin emandako egunetan bisitatu nuen halako makro denda pare bat, eta atentzioa eman zidan zenbat bandera frantses ikusi nituen produktuetan. Telebistako iragarkietan ere fabriqué en France asko ikusi nituen. Beste edozein momentutan hiru koloreek uxatuko baninduten ere, atseginez hartu nituen, bertako produktuak aintzat hartzen dituzten seinale delakoan. Bai, badakit, frantses chauvinismoaren erakusgarria ere badela, jakobinismoar aztarna eta tar-tar-tar. Konforme. Baina ez da Lapurdiko dendaren baten sartzen naizen lehenengo aldia, eta produktuen jatorria identifikatzeko ahalegin hori ikusi barik nengoen.
Orain EAEko denda handi batzuetan hasi dira ikurrintxoak jartzen produktu batzuei, baina ez denei, eta denda-kate batzuetan Nafarroako eta Iparraldeko produktuek ez dute inongo ikurrik nabarmentzeko. Gainera, hainbat fruta, barazki eta okelaren jatorria ikusteko zoratuta ibiltzen gara, letra txiki-txikiz idatzita daudelako. Ondo begiratuta denetik topatu dugu: okaran gorriak Hegoafrikakoak, gari esparragoak Perukoak, sagar gorriak Txilekoak, meloiak Brasilekoak, lekak Marokokoak, behikiak Poloniakoak… Adi ibili ezean, gure otzarako produktuek guk baino bidaia luzeagoak egin dituzte. Eta beti, urruneko jaki horiek ingurukoak baino merkeago. Ederra amua!
«Elikagaiak bueltaka darabiltzagu munduan zehar, horrek eragiten dituen kalte guztiekin. Ez dakigu zelan ekoitzi den jaki hori, adibidez».
Gaitza da esplikatzen zelan litekeen hainbeste kilometro egin dituzten gaiak merkeago egotea, esplotazioa eta baldintza negargarriak ez badaude. Tira, Espainiar estatuan ere El Ejidoko negutegietako langileek sufritzen dituzte halakoak, eta Huelvako mailuki biltzaileek ere salatu dituzte esplotazio eta sexu erasoak. Beraz, nola azaldu aldea?
Elikagaiak bueltaka darabiltzagu munduan zehar, horrek eragiten dituen kalte guztiekin. Ez dakigu zelan ekoitzi den jaki hori, adibidez. Gainera, ikusi dugu Suezko kanalean kargaontzi baten istripuak sortutako egoera, Ukrainako gerrak ekarri dituen prezio igoerak, hondartzetan agertutako pinporta zuriak… Jakiak ez ezik, milaka gai kanpoan ekoitzi, eta produkzio ia guztia deslokalizatuta, merkeagoa delakoan. Baina, norendako merkeago? Planetarendako ez, behintzat.
Nekazariak protestan irten dira. Arrazoiz, batez ere ustiapen txikietakoak. Halere, lur jabe handiek jaso dituzten diru laguntzak ereite hutsagatik, gero ekoizpena ez saltzeko, horiek besteei lapurtu diete laguntza, eta orain protestan dabiltza. Azal lodia dute, gero! Sistemak hori baimendu ez eze, sustatu ere egiten du. Gero eta gutxiago ulertzen dut bizi garen mundu hau. Frantziako banderak ikusteak poztuko ninduenik ere!