Tolosako San Joan jaietan aldaketa nabarmenak izango dira aurten. Ekainaren 24a egun garrantzitsua izaten da herritar askorentzat; batez ere, eguneko ekitaldi garrantzitsuenetan parte hartzen dutenentzat. Horietako bat eskopetarien alardea izaten da. Ehunka tolosar, eskopetak hartuta, salbak joz aritzen dira egun osoan, eta kaleetan barrena mugitzen dira, pausoak txirulen melodia itsaskorraren erritmoan emanez. Herritar gutxik dakite, ordea, alardea egin ahal izateko Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren Birsorkuntza Historikoetarako baimena behar izaten dela. Iaz, egunean bertan lortu zuen Tolosako Udalak baimena, eta ia ezinezkoa izan zen alardea egitea. Aurten, Ordezkariordetzak baimena eskuratu ahal izateko araudia aldatu du, armak eskuratu eta edukitzeko kontrolari buruz 2017an Europako Parlamentuan onartutako legean oinarrituta. Arrazoi nagusi bat dago: delituren bat egin nahian armarik ez erabiltzeko neurriak hartzea.
Izan ere, udalaren eta Tolardea elkartearen ohar batek dakarrenez, azken urteetan zenbait eraso egin izan dira alardean erabili ohi diren arma motak manipulatuta. Horregatik, jarduera historikoetan erabiltzen diren armak ere kontrolpean izan nahi dituzte Ordezkariordetzak eta Guardia Zibilak. Horrek zuzenean eragingo dio alardearen antolaketari, eta, egin ahal izateko, eskakizun horiek bete beharko dituzte udalak, konpainiek eta eskopetariek.
«Seriotasunetik abiatuta, ondo pasatzeko moduko festa bat da, baina ez dira inauteriak. Ekitaldi formal bat da, uniformea daramagu jantzita, eta ibilera ondo markatu behar da».
IÑAKI ETXEBERRIA Tolosako Tolardea elkarteko lehendakaria
Iaz sortu zuten Tolardea elkartea eskopetari konpainietako kapitainek, alardea modu arautuan antolatzeko. «Udalak eman zigun ideia, lanak errazteko baliagarria izango zelako, prozesu guztiak azkartzeko», esan du Iñaki Etxeberria Tolardeko lehendakariak. «Tolosako alardea sustatu, zaindu eta hobetzea da elkartearen helburu nagusia».
Erregistrorako argibideak
Eskopetari bakoitzak Tolardearen erabilera baimena eta Guardia Zibilaren arma lizentzia eskuratu beharko ditu maiatza amaitu baino lehen. Hori egiten ez duenak ezingo du alardean parte hartu. Lizentzia eskuratzeko, hiru gauza aurkeztu beharko dituzte Guardia Zibilaren Tolosako kuartelean: norberaren eskopeta, nortasun agiria eta Tolardearen erabilera baimena. Azken hori eskuratzeko zer egin behar den konpainia bakoitzeko kapitain edo arduradunek zehaztuko dute kasu bakoitzean.
Tolardea osatzen duten konpainiek egutegi bat antolatu dute armen erregistroa gauzatzeko, eskopetari guztiak maiatza amaitu baino lehen igaro daitezen kuarteletik. «Berez, ordua aurrez eskatuta egin behar da, baina Guardia Zibilak ordutegi propio bat ezarri du guretzat, eta blokeatu egin du beste herritarrentzat. Kapitainok zehaztu diegu eskopetariei zer egunetan eta zer ordutan joan behar duten. Joaterik ez dutenek gertuko baten bitartez egiteko aukera dute, nortasun agiriaren fotokopia utzita», adierazi du Etxeberriak.
Tolardeko lehendakariak argi utzi nahi izan du eskopetakmanipulatu gabe eduki behar dela erregistratu ahal izateko. «Badira zenbait eskopetari hala ez daukatenak. Horiek arma dendatik pasatu beharko dute; bestela, guardia zibilek ez dute oniritzirik emango. Eskopeta bat erregistratuta ez badago, ez da alardean aterako», nabarmendu du. Erregistroa ez da urtero egin beharko, behin eginda arma bakoitza erregistratuta geratuko baita.
«Arauak betetzera behartuta gaude, eta eskopetariei errespetua eskatzen diegu, denon onerako izango baita».
AITZOL GARTZIA Tolosako Jai Batzordeko zinegotzia
Tolosako Udalaren betebehar nagusia segurtasun neurriak hartzea izango dela esan du Etxeberriak. «Armen kontrola egiteko, konpainietako kide guztien armak erregistratu beharko ditu udalak Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzan. Desfilearen ibilbidea, ordutegiak eta tiroak botatzeko lekuak ere zehaztu beharko ditu. Eta, orain arte bezala, istripuetarako eta erantzukizun zibileko aseguruak ere izan beharko ditu».
San Joan egunean ere arau batzuk errespetatu beharko dira. «Arma ezingo da kargatuta eraman, eta zehaztutako lekuetan soilik bota ahal izango dira tiroak. Arma beste norbaiti uztea ere debekatuta dago». Munizio arduradun bana izango dute konpainiek, eta haiek kontrolatuko dute dena modu egokian egiten dela. Ordutegia ere zorrotz bete beharko da: armak 20:30erako jaso beharko dira, eta ezarritako ordu mugatik kanpo ezingo dira kalean erabili. Alardea inoiz baino gehiago kontrolatuko dute aurten, eta isunak egon daitezkeela aurreratu dute arduradunek.
Arduraz jokatzeko deia
Udalak alardea egiteko baimena eskatuko dio Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzari ekainaren hasieran. Ordurako arma guztiak erregistratuta, parte hartzaileen zerrenda lotuta, ibilbide eta salben kokalekuak zehaztuta eta asegurua kontratatuta izan beharko ditu. Hori egin ezean, Tolosak ez luke alardea egiteko baimenik eskuratuko. Udalak eta konpainia guztietako kapitainek gaiari dagokion bezain serio hartzeko eta arduraz jokatzeko eskatu dute: «Arauak betetzera behartuta gaude, eta eskopetariei errespetua eskatzen diegu, denon onerako izango baita», azaldu du Aitzol Gartzia Jai Batzordeko zinegotziak.
Urtez urte ekitaldi jendetsuagoa da eskopetarien alardea. Hori «oso positiboa» dela dio Etxeberriak. «Festa oso herrikoia bihurtu da, eta giro ezin hobea egiten da. Ez dago gauza ederragorik gero eta herritar gehiagok herriko festetan parte hartu nahi izatea baino. Parte hartzea handitzeak lan handiagoa ematen du, baina hori izan dadila okerrena».
Halaber, garai berrietara egokitzen jakin duen ekitaldia dela azpimarratu du Tolardea elkarteko presidenteak, baina zenbaiten jokabidea ez dela zuzenena izaten. «Esku artean dutena ez da jostailu bat, arma bat baizik, eta kontuz ibili behar dute, herritar asko begira egoten baitira. Seriotasunetik abiatuta, ondo pasatzeko moduko festa bat da, baina ez dira inauteriak. Ekitaldi formal bat da, uniformea daramagu jantzita, eta ibilera ondo markatu behar da».