«Zizurkilen taldearentzako leku bat izateko lanean ariko naiz orain buru-belarri»

«Zizurkilen taldearentzako leku bat izateko lanean ariko naiz orain buru-belarri»

Batis Kortajarenaren (Asteasu, 1951) bizitza erabat lotuta egon da halterofiliarekin. 36 urte dira Zizurkilen bizi dela, eta bertan sortu zuen Denok Danena halterofilia taldea orain 34 urte. Entrenamenduen ardura uzten ari da orain, eta «konfiantza osoa» du egun entrenatzaile lanetan ari direnengan.

Iritsi da halterofiliako entrenatzaile izateari uzteko garaia?

Hori da nire asmoa. Ikusi dut badagoela hemen entrenatzaile jarraitzeko moduko jendea, eta horregatik uste dut iritsi zaidala uzteko ordua; besterik ez bada, entrenatze lanak uztekoa. Baditut beste lan batzuk egiteko, eta buru-belarri jarriko naiz horietan, baina ez dut hemen jendearekin arratsalde osoa pasatuko. Planifikazioa egingo dut, haiek denbora gutxi baitaramate entrenatzaile gisa. Erraz ikasiko dute hori, eta, orduan, arduratuko naiz bakarrik udaletxera eta aldundira joateaz halterofiliarako kontuak lortzeko. Baina ez dut hainbeste ordu pasatuko zuloan sartuta.

Nortzuk ari dira entrenatzaile?

Hiru daude: Nire seme Ekaitz aritzen da taldearen egoitzan, Villabona-Amasako Olaederra kiroldegian; eskolako gaztetxoekin Jon Ander Iriarte aritzen da, eta, gero, badaude beste batzuk oraindik gaztetxoagoak direnak, eta Andres Rubiños dago horiekin.

Esku honetan utziko duzu kluba, beraz?

Bai, bestela ez nukeen utziko, taldea desagertu egingo litzateke eta. Hainbeste urtez lan egin ondoren, ez zait iruditzen edozein modura utz daitekeenik. Orain konfiantza daukat, gustura nago haiekin, eta erlaxatuago nago nire bizitzan. Zazpi urte daramatzat nire lanetik erretiratuta, eta ea jardun honetatik ere erretiratzen naizen.

1990ean sortu zenuen Denok Danena taldea.

Herriko jaiei begira, apustu moduko bat egin zuten gazte batzuek, eta tartean zegoen zegoen semea ere. Bere gorputzaren adinako pisua nork altxatuko, horixe zen apustua. Niregana jo zuten, galdezka halako pisua altxatzen erakutsiko ote nien. Pentsatzen nuen gero ahaztu egingo zutela pisua altxatzearen kontua, baina jarraitu nahi izan zuten. Horrela sortu zen taldea.

Gure hasiera xelebrea izan zen. Festetako apustu horren ondoren, gazteek lehiatzen hasi nahi zuten, eta Zizurkilgo Herriguneko frontoian hasi ginen entrenatzen. Foku bat ateratzen genuen lokaletik, barandara lotu, eta argi horren azpian aritzen ginen. Ondoren, Pedro Mari Otaño eskolan lokal bat izan genuen, eta han aritzen ginen berrogei bat lagun entrenatzen, egunero. Pultsulari asko atera ziren hortik, eta talde oso indartsuak izan genituen.

Zeu nola hasi zinen halterofilian?

Familiatik datorkit grina, aitonarengandik. Osaba ere aritu zen haren ondoren. Ni, 5 urte nituela, Donostiara joan nintzen bizitzera izebarekin, eta han nintzela, Donostiako Atletico klubean sartu nintzen, atletismoan eta errugbian. Bertan, bazegoen leku txiki bat, zulo moduko bat, eta halterofilia egiten zuten han. Gipuzkoan sortu zen aurreneko taldea izan zen. Ikusten nituen pisua altxatzen, eta deigarria egiten zitzaidan. Probatzen nuen tarteka, baina ez nintzen serio hasi 19 urte bete nituen arte. Orduan hasi nintzen altxatzen, eta gero atera nuen entrenatzaile aritzeko titulua, 1978an.

«Espainiako txapelketetan orain arte 578 domina lortu ditu gure taldeak; ez dago horrelako beste talderik»

Senideak aipatu dituzu. Haiek ere halterofilia egiten zuten?

Orduan pultsulariak esaten zitzaien; garai hartan, halterofilia izena ez zen oraindik existitzen. Lehen Olinpiar Joko modernoak Atenasen egin ziren, 1896an, eta orduan nire aitona Antonio Kortajarena Hondartza-k zazpi euskal probintzietako txapelketa irabazi zuen pultsuan. Haren seme Juanito Kortajarena Hondartza ere, osaba, oso famatua egin zen. Liburuetan-eta azaltzen dira biak. Gero, herri kirol hori desagertu egin zen.

Denok Danena taldeak Villabona-Amasako Olaederra kiroldegian du egoitza orain.

Olaederra kiroldegia 1998an egin zuten, Villabonan, eta Zizurkilek, nolabait, parte hartu zuen, diruz lagunduz. Hala, kiroldegiko txoko bat eskaini ziguten. Goiko solairuan zegoen gimnasioa, eta guretzako leku bat jarri nahi zuten hor. Ez ziren ohartu guk soinua ateratzen dugula pisuekin. Esan nien toki hori ez zela egokia guretzat eta gimnasiotik aparte egongo zen leku bat behar genuela entrenatzeko. Zer-nolako lekua behar duzu inor ez molestatzeko? Sotoko bat, zulo bat. Hor sartu ginen, eta hor gabiltza oraindik.

Zizurkilen ez duzue aukerarik izan entrenatzeko leku bat edukitzeko?

Pentsatzen nuen udala konturatuko zela gurean horrenbeste Espainiako txapeldun izanda, baita Europako eta Munduko txapelketetako parte hartzaileak eta Olinpiar Jokoetara joandakoak ere, ahalegina egingo zutela leku bat jartzeko halterofilia egin eta eskola gisa funtzionatzeko. Baina urte pila bat pasatu da, eta inor ez da mugitu horretarako. Orain ari dira mugitzen pixka bat, eta ea lortzen dugun eskola bat Zizurkilen halterofilia irakasteko eta taldeak entrenatzeko. Hemendik aurrera hori lortu nahian arituko naiz buru-belarri.

Batis Kortajarena urte luzez izan da halterofiliako entrenatzaile. Kirol horretan sona handia duen jendea entrenatu du; tartean, Jon Tecedor. Irudian, ezkerrean, Kortajarena, hanka batean igeltsua duela, eta eskuinean, Jon Tecedor pultsularia, 2007ko uztailaren 7an, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Altxkadi txapelketan.

Urte hauetan guztietan sekulako emaitzak lortu ditu zuen taldeak. Zenbat pultsulari izan dira, adibidez, goi errendimenduko zentroetan?

Hamar edo hamaika lagun joan dira hemendik. Bestalde, aldundiari erakusteko zer lorpen izan ditugun, begiratzen hasi nintzen zenbat domina lortu ditugun Espainiako txapelketetan, eta, orain arte, 578 izan dira guztira. Ez dago horrelako beste talderik.

Espainian-eta harrituko ziren ikusita horrelako herri txiki batekoek zer lorpen zituzten…

Harritzen ziren, bai. Gainera, taldeko lau pultsulari batera egon ziren Madrilen, goi errendimenduko zentroan. «Non dago Zizurkil, eta zer gertatzen da hor halterofiliarekin?», galdetzen zuten. Esaten nien 3.000 biztanleko herri bat dela. Guk talde gisa parte hartzen genuen, baina Andaluziakoak, adibidez, selekzio gisa aritzen ziren, eta baita Katalunia, Valentzia eta Galizia ere. Hiru aurrenekoetan sartzen ginen beti.

«Nire aitona Antonio Kortajarena ‘Hondartza’-k zazpi probintzietako txapelketa irabazi zuen pultsuan, 1896an»

Non dago sekretua?

Nik pentsatzen dut, batetik, zorte handia izan dudala. Zizurkilen, futbola eta pilota salbu, ez zegoen bestelako kirol nagusirik. Gu hasi ginen, eta taldea ondo zihoan. Garrantzitsuena izan zen eskola barruan sartuta egon ginela, eta eskolak harrobi gisa funtzionatu zuen. Beraz, futbola gustatzen ez zitzaiona guregana etortzen zen. Jende askorekin egin genuen lan, eta hortik etorri da emaitza on asko lortu izana ere.

Gipuzkoako beste herrietakoak ere badituzue taldean.

Bai. Haiek gerora hasi ziren etortzen, izena hartzen hasi ginelako. Azken boladan, kanpokoak gehiago ditugu bertakoak baino. Ezin ditugu gehiago hartu, entrenatzen garen zuloan ez baitugu toki gehiago.

Espainiako selekzioko hautatzailea ere izana zara.

Bai, urte askoan aritu nintzen horretan. 1995 inguruan hasi nintzen Madrilgo entrenatzaileari laguntzen, 2000ko Olinpiar Jokoak iritsi ziren arte. Gero, entrenatzaile errusiar bat eraman zuten, eta joan nintzen ikustera nola entrenatzen zen, baina niri batere gustatu ez, eta ez nuen kolaboratu pare bat urtean. Berria sartu zen, kanariar bat; oso ona iruditu zitzaidan, gaztetxoentzat ere planifikazioak egiten zituen eta. Berriro hasi nintzen kolaboratzen, eta lauzpabost urtez aritu nintzen horretan. Hautaketa batzordean sartu nintzen, hautatzaile, eta hamabi bat urte egin nituen horrela.

Zure bizitzaren parte handi bat hartu du, beraz, halterofiliak.

Bai. Nire lana egin, handik atera, bazkaldu, gimnasioan sartu, eta gaueko hamarrak arte egoten nitzen hor, egunero. Ordu pila bat sartzen nuen, eta ia asteburuero ere okupatuta egoten nintzen; besteak beste, Madrilera ere joan behar izaten nuen hautatzaile lanak egitera. Horixe eman diot nik halterofiliari: nire ordu libreak; eta halterofiliak niri, berriz, poz handiak, eta jendea eta tokiak ezagutzea ere bai.

Klubaren historiari erreparatuta, Jon Tecedor aipatu beharra dago.

Lasartearra zen. 16-17 urterekin Espainiako txapeldun izan zen, eta etorkizun oso ona zuen. Baina haren entrenatzaileak, Carmelo Zarzuelok, entrenatzeari utzi zion, taberna bat jarri zuelako. Entrenatzaile hark galdetu zidan —eta eskerrak eman nahi dizkiot horregatik— ea Joni kasu egingo nion. Esan nion baietz, eta horrela hasi zen Jon Tecedor gurekin entrenatzen. 19 urterekin Madrilera joatea lortu zuen, goi errendimenduko zentrora; nik jarraipena egiten nion, eta hango bere entrenatzailearen laguna egin nintzen. Jonen amaren ilusioa zen semea Olinpiar Jokoetan lehiatzen ikustea. Jonek buru-belarri lan egin zuen hori lortzeko, eta berezia da, 25 urterekin lortu baitzuen; normalean, pisu handietan, 30 urtetik 35era bitarte izaten da adinik onena altxatzeko. 2000ko Sydneyko Olinpiar Jokoetara joan ondoren, erlaxatu egin zen, eta esan zuen ez zela Madrilera gehiago joango eta taldera itzuliko zuela. Gure taldean pasatu zituen bere azken urteak, laguntzen. Pertsona gisa ere oso handia zen. 2008an hil egin zen, moto istripuz, 33 urterekin. Oso gogorra izan zen. Hilabete lehenago haren ezkontzan egon ginen. Taldean beti dugu gogoan.

MOTZEAN

Gizonezko pultsulari bat?
Jon Tecedor.

Eta emakumezkoa?
Lurdes Gorostegi.

Zure marka arrankadan?
112,5 kilo, 75 kilo azpiko mailan.

Eta bi denboratan?
142,5 kilo.

Errekorrak izan ziren garai batean?
Gipuzkoakoak bai, baina oraingo markekin alderatuta… Adibidez, nire seme zaharrenak, pisu horretan, 130 kilo egin zituen arrankadan, eta 160 kilo bi denboratan. Nire hiru semeak ni baino hobeak izan dira halterofilian.

Gaur egun pisurik altxatzen duzu?
Aspaldi utzi nuen. Damutzen naiz, gero korrika hasi bainintzen, eta belaunak txikitu; nire gorputza ez da korrika egiteko modukoa.

Nola definituko zenuke zure burua entrenatzaile gisa?

Astuna izan naiz, gainean egoten diren horietakoa. Horregatik, gaur egungo gazteekin ez daukat konexiorik. Ez dute konpromisorik, eta niretzat hori da okerrena. Bestalde, esan daiteke ona izan naizela planifikazioak egiten. Hortik aurrera, besteek esan beharko dute.

Halterofiliaz bestelako kirol bat?
Taldekoa, errugbia. Indibiduala, atletismoa.