Kontziliazioa eta zaintzeko eskubidea juridikoki sakon landu ditu Irati Aizpurua abokatuak (Donostia, 1984). Adierazi du COVID-19ak ekarritako pandemiak mugarri bat jarri zuela arlo horietan politikoki zein sozialki, eta lana zaintzarekin bateratzeko neurriak defendatu ditu. Horretaz guztiaz aritu zen asteartean Idiazabalgo udaletxean eman zuen Kontziliazioa: zure eskubideak eta izapideak ezagutzeko gakoak hitzaldian.
Zer da kontziliazioa?
Familiei ahalbidetzen zaizkien neurriak dira, lana eta familiaren zaintza bateragarri egiten saiatzeko.
Duela gutxi hasi da kontzeptu hori hedatzen, baina berria da?
Historikoki, emakumeek hartu dute askotan zaintzaren ardura. Ildo horretan, lehen gatazka gutxiago egoten zen, ez zelako behar lana eta familiaren zaintza uztartzea. Etxetik kanpoko lanaldi osoak gizonek egiten zituzten, eta emakumeek hartzen zituzten kontziliazioko neurri horiek, zaintza lanak egin ahal izateko. Egoera hori aldatuz joan den heinean, agerian geratu da kontziliazio neurriak beharrezkoak direla; bestela, ez da bateragarria zaintza lanak egitea. Eta batzuetan familiek ere egin nahi dituztela zaintza lanak; batez ere, haurren zaintzaz ari garenean.
Haurrak izatean soilik baliatu daiteke kontziliatzeko eskubidea?
Askotan, kontziliazioaz hitz egiten dugunean, haurren zaintzari buruz ari garela pentsatzen dugu. Baina izan daiteke haurren zaintzarako edo familiako beste kide batzuen zaintzarako. Badago baimen berezi bat ere: haurrek gaixotasun larriak dituztenerako.
«Agerian geratu da kontziliazio neurriak beharrezkoak direla; bestela, ez da bateragarria zaintza lanak egitea»
Gaur egun, eskubide gisa jasota dago langileen estatutuan?
Azken urteetan legean aldaketa dezente egiten saiatu dira kontziliazioaren arloan, geroz eta eskubide gehiago emateko. Hala ere, egoera nahiko ezberdina da, esaterako, enpresa pribatuez edo autonomoez ari garenean. Azken horien kasuan, oraindik ez da eman aurrerapauso esanguratsurik kontziliazioa hobetzeko.
Zer biltzen du, zehazki, kontziliatzeko eskubideak?
Langileen estatutuan zein enplegu publikoko araudietan kontziliazioarekin lotutako hainbat neurri agertzen dira. Batzuk, agian, ez daude espresuki izen horrekin, baina kontziliazioa erraztea helburu duten baimen bereziak dira: ordaindutako baimenak, lanaldiaren murrizketa edo eszedentziak, kasurako. Autonomoen arloan ere legez finkatzen dira onura batzuk, baina oraindik hankamotz geratzen dira.
Zer abantaila ematen dute neurriek?
Batetik, baimenak daude. Esaterako, haurdun dauden emakumeek ekografia batera joateko balia dezakete. Nik amatasun eskubide zein kontziliazio eskubide gisa izendatzen ditut. Gero, ezagunenak diren neurriak daude: zaintzarako murrizketa eskatzea edo zaintzagatik eszedentziak hartzea. Kasu horietan, ez da soldata kobratzen. Eta niri asko gustatzen zaidan beste neurri bat da lanaldi malguarena: lanaldiaren banaketa beste modu batera egiteko bidea ematen du. Esaterako, bazkaltzeko bi orduko geldialdia egin ordez, ordu erdi batean bazkaltzea eta gero lantokitik lehenago irteteko aukera izatea. Kasu horretan, ez da soldatarik galtzen; ordu kopuru bera egiten da lanean, baina beste eskema batekin. Telelana ere hor sartzen da.
Diru laguntza publikoak ere ematen dituzte; adibidez, eszedentzia eskatzen den kasuetan. Nahikoak dira?
Eusko Jaurlaritzak ematen ditu diru laguntza horiek. Eszedentzia bat hartzean edo lanorduak murrizteko eskatzean ematen dituzte, betiere baldintza batzuk betetzen badira. Orokorrean, murrizketarekin jasotzen den dirua gutxi gorabehera 150 edo 250 eurokoa izan daiteke hilabetean, eta eszedentziagatik jasotzen dena, 250 edo 300 euro artekoa. Kontuan hartu behar da eszedentzian dagoen pertsona batek ez daukala diru sarrerarik, eta, Eusko Jaurlaritza saiatzen den arren diru galera konpentsatzen, inolaz ere ez du betetzen soldata hori ez edukitzeak dakarren galera.
Zeintzuk dira laguntzak jasotzeko baldintzak?
Murrizketen eta eszedentzien kasuan, adibidez, gutxienez 59 egun egon behar duzu murrizketa edo eszedentziarekin. Horrek esan nahi du hilabeteko eszedentzia hartuz gero, adibidez, ez dizutela emango. Horrez gain, sektore publikokoentzat ez da laguntza hori eskaintzen.
Gehienez ere noiz arte jaso daiteke diru laguntza hori?
Galdera asko sortzen dizkit auzi honek. Adibidez, erabaki da epe hori luzeagoa izango dela gizonen kasuan emakumeenean baino. Instituzioek uste dute neurria egokia dela gizonek eszedentzia hartu dezatela sustatzeko, baina emakume batzuk ez daude horren alde.
Gaur egun sexuen artean badago alderik kontziliazioari dagokionez?
Oraindik ere, andreak dira kontziliazio neurri gehien hartzen dutenak. Bi baimen mota bereizi behar dira: batetik, amatasun baimena, eta, bestetik, hartu daitezkeen murrizketak. Batez ere amatasun biologikoa egon denean, nahiko ohikoa izan daiteke emakumeek hartzea, baimenak ematen dituen hamasei asteak askotan ez direlako nahikoa osatu daitezen. Gainera, haurraren edoskitze naturala dagoenean, denbora gehiago behar dute haurrarekin egoteko. Horren ondoren, kasuz kasu baloratu behar da nork hartu behar duen zaintzarako baimena amatasun baimena bukatzen denean. Erabakia hartzeko orduan, osagai sozial batez gain, badago parte biologiko bat ere.
Erantzukidetasuna ere sartzen da hor jokoan.
Aurrerago ikusi beharko litzateke erantzukidetasuna nola kudeatzen den: haurra haur eskolan edo eskolan dagoenean nork eramaten duen goizero, edo nork jasotzen duen eskolan. Kasu horretan ere emakumeek hartzen dituzte baimen gehiago, baina datuek diote gizonek geroz eta gehiago eskatzen dituztela. Gizonek ere murrizketa horiek eskatu dituztenean, ondorioak pairatu izan dituzte enpresan. Lehen, emakumeak kalera botatzen zituzten baimenak hartzearren, eta orain ikusi da kasu batzuetan aitei ere gauza bera gertatzen zaiela. Azkenean, ez da bakarrik sexu kontua: gurasotasuna da askotan zigortzen dena.
Zer ezberdintasun dago, beraz, amatasun eskubideen eta kontziliaziorako eskubideen artean?
Alde batetik, amatasun biologikoari dagozkion eskubideak daude; prozesu biologikoa pasatzeagatik egoera berezi batzuk gertatzen direlako eskatzen dira. Eta gero, beste alde batetik, kontziliazio eskubideak daude: gizonentzat zein emakumeentzat izan daitezke. Bi horiek ondo berezi behar dira. Lehen, edoskitze baimena zegoen, eta emakumeei ematen zitzaien. Gero, gizonak ere hasi ziren eskatzen baimen hori, eta horiei ere ematen zitzaien. 2019an izena aldatu zioten, eta orain Esneko haurra zaintzeko baimena da. Gizonei ere ematen hasi zitzaienean edoskitze baimen gisa zentzua galdu zuelako aldatu zioten izena. Hala ere, ez da sortu beste baimenik edoskitze naturala egiten duten emakumeentzat, edoskitzerako arriskutsuak izan litezkeen lanen kasuetan ematen diren baimen bereziez gain.
«Emakumeek hartzen dituzte baimen gehiago, baina datuek diote gizonek geroz eta gehiago eskatzen dituztela»
Gizonezkoek hamasei asteko baimena ere hartu dezakete orain.
Bai. Orain hamasei asteko baimena hartu dezakete ama biologikoak eta haren bikotekideak. Hasieran, amatasun biologikoa babesteko sortu zen baimen bat izan zen, eta orain bai ama biologikoak zein bikotekideak baimen bera daukate. Niretzat ez da kontziliazio eskubidearen barruan sartzen; zaintzarako baimena deituko nioke. Hor ere gauza bera gertatu da: biek daukate baimena, eta, beraz, gizonak gehiago hartzen du parte haurraren zaintzan, baita amaren zaintzan ere, eta hori oso ondo dago. Baina, dena den, hutsuneak daude: ez dugu sortu, esaterako, erditzean zesarea bat izan duten emakumeentzat baimen berezirik, eta haiek denbora gehiago behar izaten dute osatzeko. Beraz, onuragarria izan da aldaketa? Bai, baina beste alde horretako hutsuneak betetzea falta da.
Kontziliazioa gizartearen antolamendua eraldatzeko formula gisa aurkeztu izan duzu.
Hausnarketa hori egin nuen; batez ere, pandemiak eraginda. Etxean giltzapetuta eduki gintuzten epe horrek eragin handia izan zuen kontziliazioaren gaia hizpidera ekartzeko orduan. Oso garbi ikusi zen nork zaintzen zuen eta nola zaintzen zen. Pandemiatik atera ginenean ere politikoki mahai gainean jarri zen gai hau, baita etxe askotan ere. Emakume askok etxe barruan bizi zuten egoerarekiko mugarri bat izan zen.