Euren bake epaitegietako idazkaritzen elkartea sortu nahi dute Anoeta, Irura, Alegia, Ikaztegieta, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Orendain eta Abaltzisketa udalerriek. Joan den udazkenean egin zuten elkartzeko eskaera, martxoa amaitzerako jaso beharko lukete ebazpena, eta, dena ondo bidean, datozen hilabeteetan jarriko dute martxan eredu berria. Diotenez, herritarrek ez dute «aldaketa handirik» nabarituko.
«Herri txikiek giza baliabide gutxi eta lan karga handia dugu; ez dugu baldintzarikk aplikazio berri bati erantzuteko». Hala mintzo da Jon Burgaña Amezketako udal idazkaria bateratzea eskatzeko arrazoien gainean. Izapideak egiteko aplikazio berri bat erabili behar dute udalek, eta «gainezka» daudela kontatu du: «Arlo askotako tramiteak egin behar ditugu, eta zailtasunak ditugu ikuspegi praktikoari dagokionez, baita juridikoan ere». Orain arte izan duten aplikazioa erabiltzen ikasteko teknikari baten laguntza izan zutela esan du; orain, ordea, ez dute «inolako laguntzarik» jaso.
Burgañaren arabera, egoera hori ez da herri txikietara soilik mugatzen: «Tolosan ere ez zeukaten erabat menperatuta eta, harago, Donostian ere heldugabe zeuden zenbait gauzatan». Gainera, aplikazio berrian akatsak topatu dituzte hainbat arlotan; kasu baterako, euskararen zuzentasunean.
Aldaketaren eragina
Burgañak behin baino gehiagotan errepikatu du herritarrei ez diela «aldaketa handirik eragingo», eta, dioenez, herrietan mantendu egingo dira bake epaitegiak zein epaileak. Zein da, orduan, aldaketa? Bederatzi herrien eskaera onartuz gero, Eusko Jaurlaritzak langile publiko bat izendatuko duela bateratu diren udalerrietako izapideak «berme juridiko batekin» kudeatzeko. Alde horretatik, aldaketak gehiago eragingo die administrazio publikoko langileei herritarrei baino.
«Herri txikiek giza baliabide gutxi eta lan karga handia dute; ez dugu baldintzarik aplikazio berri bati erantzuteko».
JON BURGAÑA Amezketako udal idazkaria
Langile horrek Alegian edukiko luke bulegoa, eta, Amezketako idazkariaren aburuz, «ibiltari samarra izatea egokituko zaio». Orain arteko ereduaren abantailetako bat da jakinarazpenak egiteko «azkartasuna eta berehalakotasuna», eta bateratzeak hori galtzeko «arrisku puntu bat» dakarrela azaldu du. Dena dela, uste du «balio handiagoa» duela «hanka sartzeko» aukera txikitzeak, jakinarazpenak egiteko garaian «bizpahiru egun aurrezteak» baino.
Ez da hori, ordea, ekarriko duen aldaketa bakarra. Eredu berriak ahalbidetuko du hainbat tramite etxetik elektronikoki egitea, herritarrek derrigorrean inora joan beharrik izan ez dezaten. Horrez gain, idazkariak aipatu du ezarriko duten langile publiko horrek baldintza batzuk «ezinbestean» bete beharko dituela; besteak beste, euskararen ezagutza.
Landa eremu digitala
Nekazariek berriki egin dituzten protestetan salatu duten kontuetako bat da baserritarrei geroz eta tramite elektroniko gehiago eskatzen dizkietela. Amezketako idazkariak esan du eurek ere nabaritzen dutela hori, eta «askotan» beraiek egiten dizkietela izapide horiek nekazariei: «Larreratzen dituzten animaliak elektronikoki erregistratzea eskatzen diete, eta 65 urteko baserritar batek ez daki ezer horri buruz».
«Larreratzen dituzten animaliak elektronikoki erregistratzea eskatzen diete nekazariei, eta 65 urteko baserritar batek ez daki ezer horri buruz».
JON BURGAÑA Amezketako udal idazkaria
Egoeran «desoreka handia» ikusten du Burguñak, eta eskualdean aldundiak dituen nekazaritza bulegoetan diru laguntzak kudeatzeko «aparteko laguntza» ematea «beharrezkoa» delakoan dago. Era berean, aipatu du egin izan direla saioak «berrikuntzak herritarrei gerturatzeko» eta hori «mesedegarria» izaten dela.