Itsasoa gertutik, Materrekin

Itsasoa gertutik, Materrekin

Pasai San Pedron dagoen Mater ontzi museo ekoaktiboak «gizartea kontzientziatzea» du xede, hainbat alorretan. Hain zuzen ere, itsasoaren, biodibertsitatearen eta naturaren zaintzaren inguruko kontzientzia sortu nahi dute, «itsasoak ematen duena aintzat hartuz» eta «itsasoarekiko maitasuna sortuz». Kontzientziaziorako ahalegin hori zabaltzeko, askotariko jarduerak antolatzen ditu Materrek urte osoan, eta, Aste Santura begira, «adin guztietako jendea» kontuan hartu duen egitarau zabal bat osatu dutela jakinarazi du Pasaiako museoko komunikazio arduradun Markel Elizaldek. Nabigazio irteera bat, itsas hondakinen bilketa, arrain lonjarako bisita eta museo ekoaktibo barruko bisita gidatuak antolatu dituzte, besteak beste.

Egurrez eraikitako Euskal Herriko azken baleontzia da Mater, 1990ean sortutakoa. Hamahiru urtez arrantzontzi baxurako erabili zuten, Getariako portuan, baina 2002ko udazkenean Galiziako kostara jo zuela jakinarazi du Elizaldek. Galizian Prestige ontziaren hondamendiko protagonistetako bat izan zen Mater. Museoko komunikazio arduradunak nabarmendu du itsasoa zaintzeko bidali zutela hara, hango galipota eta hondakinak jasotzeko asmoz. Hango jarduna bukatuta ontzia «zikin-zikin» geratu zela esan du komunikazio arduradunak, «ia deseginda».

Pasai Donibaneko hainbat lagunek Itsas Gela Elkartea sortu zuten, eta orduko jabeekin ados jarri ziren ontziaren lagapena lortzeko eta egun den ontzi museo ekoaktiboa sortzeko. Elizaldek dio 2003an geratu zela Mater Itsas Gela Elkartearen esku, eta arrantzontzia museo bilakatzeko prozesua abiatu zuten orduan. Bi urte iraun zuen prozesuak, 2005ean ontzi museo ekoaktibo bihurtu baitzuten Mater. Elizalderen esanetan, museoaren helburuak «Euskal Herriko itsas kultura ezagutaraztea eta, bereziki, itsasoaren zaintza eta harenganako pasioa transmititzea» dira egun. Hori dela eta, ontzi ekoaktibo gisa izendatzen dute Mater, «itsasoa era aktibo batean zaintzen» duen proiektu gisa.

Egitarau oparoa

Itsasoaren zaintza eta harenganako grina zabaltzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu museoak Aste Santurako. Nabigazio irteera gaur eta apirilaren 7an egingo dute, eta parte hartzaileek Jaizkibelgo itsaslabarrak itsasotik ezagutuko dituzte, Mater ontzian nabigatuz. Irteeran «Jaizkibelgo altxorrak» ezagutaraziko dituztela nabarmendu du Elizaldek; hala nola altxor geologikoak, biologikoak eta historiarekin eta ondarearekin zerikusia dutenak. Materreko kideek ordu eta erdiko nabigazioa antolatu dute, 12:00etatik 13:30era. «Parte hartzaileek Pasaiako bokalea ezagutu, itsaslabarren inguruan ikasi eta inguruaz gozatuko dute, gure giden azalpenei esker». Anekdotetarako eta kontakizunetarako tartea ere izango da, eta bertaratzen direnek hegaluze pintxo bat jateko aukera izango dutela aurreratu du komunikazio arduradunak.

«Euskal Herriko itsas kultura ezagutaraztea dugu xede, eta, bereziki, itsasoaren zaintza eta harenganako pasioa transmititzea».
MARKEL ELIZALDE Pasai San Pedroko Mater museoko komunikazio arduraduna

Itsasoaren, biodibertsitatearen eta naturaren zaintza helburu izanik, konpromiso bat du Materrek hilabetero Pasai Donibaneko Alabortza senadia garbi mantentzeko. Hori dela eta, igandean, 11:00etatik 13:00etara, Alabortzako itsas hondakinak bilduko dituzte herritarren parte hartzearen bitartez. Arreta ingurumenaren zaintzan jartzeaz gain herritarrengan ere jarria dutela zehaztu du Elizaldek: «Ingurumenarekin eta herriarekin dugun konpromisoa argia da. Herritarrengan ere jarri nahi dugu fokua, kontziente izan daitezen badela erakunde bat hilabetero-hilabetero egunerokoaz harago konpromiso hori hartua duena».

Ostegunean, bisita gidatu bat antolatu dute, Pasaiako arrain lonjara, 06:00etatik 07:30era. Jarduera goizean goiz izango bada ere, «justifikazioa» duela dio Elizaldek, parte hartzaileek lonjaren egunerokoa ezagutuko baitute: «Arrain enkantea zuzenean ezagutuko dugu. Arrantzaleak eta hornitzaileak ere bertan izango dira, eta kaxak parez pare dituztela egiten dute prozesu osoa». Enkantea bizitzeaz gain, ontziek arraina nola deskargatzen duten ikusteko aukera izango dute agertzen direnek.

Azkenik, Mater ontzia Pasai San Pedroko uretan geldi dagoen artean, bisita gidatuak egingo dituzte ontzian barrena. Alde batetik, bihar eta asteartean Bisita arrantzalea deiturikoa egingo dute, ordubetean behin: bisitak 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00 eta 18:00etan izango dira. Mater ontzia osorik erakusten dute bisita horietan, eta euskal itsas kulturan murgilduko dira bisitariak, arrantzaren eta arrainen inguruko informazioa jasotzen duten bitartean.

Hainbat bisitari, iaz, Pasai San Pedroko Mater museoak antolatutako irteera batean. HITZA

Bestalde, gaur, igandean, astelehenean eta asteazkenean, Bisita Ekoaktiboa egingo dute Materren barrena; hori ere, ordubetean behin. Bisita Arrantzalearen modura, Bisita Ekoaktiboko ordutegiak ere hauek dira: 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00 eta 18:00. Bisita Ekoaktiboan, Materreko kideek itsasoaren egoeraren gainean hausnartzeko bidea ematen dute. Elizaldek esandakoaren arabera, «itsasoaren garrantzia» lantzen dute: «Aztertuko dugu zer den itsasoak ematen diguna, zer den gizakiok ematen dioguna itsasoari, zer egoeratan ditugun itsasoak; zer egiten dugun gizakiok itsasoa horrela egoteko, eta zer egin dezakegun gizarte eta gizabanako bezala egoera horiei aurre egiteko eta gizartea prozesu horretan protagonista bihurtzeko».

«Gizartea kontzientziatu nahi dugu, itsasoak ematen duena aintzat hartuz eta itsasoarekiko maitasuna sortuz».
MARKEL ELIZALDE Pasai San Pedroko Mater museoko komunikazio arduraduna

Mater ontzian eta Pasaiako uretan bideratuko dituzten jarduerez gain, Materreko kideak Donibane Lohizunera (Lapurdi) joango dira itsasontzian, apirilaren 5etik 7ra. Materrek Donibane Itsasotik ferian hartuko du parte egun horietan, eta Pasaian eskaintzen dituzten jarduerak eta bisitak ezagutaraziko dituzte.

Erreserbak, beharrezkoak

Egitarauak «itsasoak ematen duena bertatik bertara bizitzea» ahalbidetuko die bisitariei, baina, horietan parte hartzeko plaza mugatuak dituztenez, aurretik erreserba egitea derrigorrezkoa dela azaldu du Elizaldek. Erreserbak, hain zuzen, info@mater.eus helbidera mezua idatzita egin daitezke, edo 619-81 42 25 telefono zenbakira deituta.

Kronologia

 

ITSASLABARRETARA BISITA

 

Gaur. Ac tortor vitae purus faucibus ornare suspendisse sed nisi. Ultricies mi quis hendrerit dolor. 
Apirilak 7. Ac tortor vitae purus faucibus ornare suspendisse sed nisi. Ultricies mi quis hendrerit dolor.

ITSAS HONDAKIN BILKETA

Martxoak 31. Ac tortor vitae purus faucibus ornare suspendisse sed nisi. Ultricies mi quis hendrerit dolor.

ARRAIN LONJARA BISITA

Apirilak 4. Ac tortor vitae purus faucibus ornare suspendisse sed nisi. Ultricies mi quis hendrerit dolor.

BISITA ARRANTZALEA, MATERREN

Bihar. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.
Apirilak 2. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.

BISITA EKOAKTIBOAK, MATERREN

Gaur. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.
Martxoak 31. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.
Apirilak 1. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.
Apirilak 3. 11:00etan, 12:00tan, 13:00ean, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.