Kantauriko itsas altxorren gordailua, Zumaian

Kantauriko itsas altxorren gordailua, Zumaian

Zumaian Yeregui Hermanos motorren fabrika zegoen leku berean zabaldu zuen Jabier Txapartegik Kantauri Itsas Ondarea museoa orain dela ia hiru urte. Museoan bertan du motorren fabrikaren plaka zizelkatua. Ondo gogoan du Txapartegik nolakoa zen eremu hori duela mende erdi bat. «Izugarria zen eremu hau, gaur egun Kantauri plaza dagoena. Barruraino sartzen ziren itsasontziak, eta bertan sartzen zizkieten motor berriak; konpondu egiten zituzten, eta baita muntatze lanak egin ere». Halaber, kontatu du motorrak sartu aurretik ieregitarrenean probatzen zituztela, lehorrean. Zuri-beltzezko argazki bati begira eman ditu azalpen horiek museoaren jabeak. Teilatu zuriko eraikin txiki bat ageri da irudian, anbulatorio zaharraren atzean. Horixe da Kantauri Itsas Ondarea museoa, gaur egun «sekulako itsas altxorrak» gordetzen dituena.

Alfonso XIII.ak inauguratu zuen tailerra, 1918. urtean, eta, Txapartegiren arabera, «abangoardia» izan zen fabrika: «Bi denborako motorrak erabiltzen ziren ordura arte. Hemendik atera zen lau denborako Espainiako lehena: sarrera, konpresioa, lehertzea eta ihesbidea zituen lehenengoa, alegia».

Zumaiaren alderdi industriala ezagutarazteko zabaldu zuen museoa Txapartegik. Izan ere, azaldu du motorren fabrikez gain zementu fabrikak zeudela herrian. «Lingoteak eta paper fabrikarako fardelak deskargatzen zituzten, eta porlana eraman». Haren arabera, herriak 1920ko hamarkadatik 1980kora izan zuen industriaren gorakada nabarmena. Are, Txapartegik «Zumaia, Euskal Herriko Detroit» du idatzita museoaren atearen gainean, industriak «garrantzi eztabaidaezina» izan zuelako. «Nabarmena da Zumaian itsasontzien motorgileek izan duten garrantzia, eta haiei omenaldi txiki bat egiteko modua ere bada museo hau».

«Nabarmena da Zumaian itsasontzien motorgileek izan duten garrantzia, eta haiei omenaldi txiki bat egiteko modua ere bada museo hau».
JABIER TXAPARTEGI Zumaiako Kantauri Itsas Ondarea museoaren sortzailea

«Itsasontzirik gabeko portua lorerik gabeko belardiaren parekoa» dela dio Txapartegik. Ondarroan (Bizkaia) egin zuen Batxilergoa, eta gogora ekarri du garai hartan portuan bazirela ehundik gora arrasteontzi eta hogeita hamar baxurako. Denera hogei geratzen dira orain. Kabotaje ontziak ziren Zumaiakoak: lurra bistatik galtzen ez zuten horietakoak, alegia.

Zumaiako Kantauri Itsas Ondarea museoa, barrutik. HITZA

Itsasontzi bat «gobernatzeko» behar diren piezak jasotzen ditu museoak, eta, hain zuzen ere, piezon funtzionamendua erakustea ere bada asmoa. «Bisitariei azaltzen diet nola erabiltzen ziren pieza horiek guztiak, nola ematen zituzten aginduak goitik behera eta behetik gora, kapitainak makinistari eta makinistak kapitainari… Oro har, nola gobernatu behar zen itsasontzia».

Museoaren sorrera

Museoaren arduradunak kontatu du hainbat itsasontzi zahar desegindakoa dela gaztetan: «Frantziak 200.000 itsasontzi jarri zituen desegiteko, eta Kanadan, esaterako, traba asko jarri zituzten. Itsasontzi asko Pasaian eta Bizkaiko kostan desegin ziren, eta ni ere horretan hasi nintzen». Desegiteko garaian, gustuko zituen pieza txikiak gordetzen zituen, eta hala hasi zuen bilduma. Museoko gainerako piezak azoka batzuetan erosi edota lagunen bidez lortu ditu. Pieza sorta bat bildu ondotik erabaki zuen museoa zabaltzea.

Bere kasa diseinatu eta muntatu zuen museoa; ontzien zuaker kurbatuak imitatzen dituzten piezetatik hasi eta bildumaren antolaketaraino. Zumaian ibiltzen ziren itsasontzi zaharren zuri-beltzezko argazkiak, motorrak, iparrorratz kutxak, fabriketako letoizko plakak eta lema ugari daude museoan. Alemaniakoak, Danimarkakoak, Ingalaterrakoak eta Poloniakoak, asko eta askotarikoak dira itsas artefaktuak. Denera, 25-30 iparrorratz kutxa eta hogei bat telegrafo inguru aurkitu daitezke bertan.

«Bisitariei azaltzen diet nola erabiltzen ziren piezak, nola ematen zituzten aginduak goitik behera eta behetik gora… Oro har, nola gobernatu behar zen itsasontzia».
JABIER TXAPARTEGI Zumaiako Kantauri Itsas Ondarea museoaren sortzailea

Gertutik zein urrundik heldutako bisitariak hartzen ditu Kantauri Itsas Ondarea museoak. «Barrualdekoei gustatu egiten zaie. Handik ere itsas kapitain asko atera dira, ez bakarrik Ibarrangelu, Mendexa eta halako lekuetatik». Jendea museotik «gustura» ateratzen dela uste du Txapartegik.

Udan, arratsaldero bi orduz izaten da zabalik, baina ordutegi horretatik kanpo ere hartzen ditu bisitariak. Horretarako, haren telefono zenbakira deitu beharra dago aurrez: 688-63 26 57.