Bikotekidea hil zitzaion Manex Beristain Agirreri (Azpeitia, 1977), eta hitza izan du dolua pasatzeko ihesbide. Azken galdera amari ipuin ilustratua argitaratu zuen urrian, Mirari Sagarzazu marrazkilariarekin batera. Ama hil zaion Ekain izeneko 9 urteko haur baten larrutik kontatu du istorioa, eta, Beristainek dioenez, horixe egin zaio zailen. Beasaingo liburutegian aurkeztuko du astelehenean, 17:30ean.
Nolakoa izan da Azken galdera amari idazteko prozesua?
Ipuinak bi zati ditu, eta aurrenekoa heriotza bati buruzko kontakizun bat da. Pixka bat zaila egin zait 9 urteko ume baten larrutik kontatzea: zein hiztegi erabiliko lukeen ume horrek, nola adieraziko lukeen momentu bakoitzean zer sentitzen duen, zer emozio… Baina zailagoa egin zait bigarren zatia. Izan ere, Ekainek bere amarekin amesten duen momentua deskribatzen dut bertan. Laguntza ere izan dut horretan, ni ez bainaiz idazle profesionala.
Idaztea izan duzu terapia?
Asko lagundu dit. Hausnarketak papereratzean, nolabait, distantzia jartzen diozu barruan sentitzen duzun horri guztiari.
Dolua gainditu daiteke, beraz.
Erabat, zalantzarik gabe. Egiten dudan aurkezpen bakoitzean, nire minaren zati bat bertan uzten dut, eta geroz eta arinago sentitzen naiz. Minak pisu handia har dezake lekurik ez badiozu egiten hain gustuko ez ditugun baina beharrezkoak diren emozioei: beldurra, tristura, amorrua… Mirari, nire semeen ama, beste era batera kokatu dugu egunerokotasunean, eta semeei begiratzen diedanean ikusten dut zer-nolako tresnak jasotzen ari diren bizitzari modu arinago batean aurre egiteko. Asko lagundu digu horrek, eta uste dut jendeari ere baliagarria izan dakiokeela. Are gehiago, ikusi dut jendea min handiekin etortzen dela aurkezpenetara, eta uste dut aurkezpenak asko lagundu diela korapiloak askatzen.
«Gure inguruan heriotzaren bat gertatzen denean, sortzen dituen emozio guztiei lekua egin behar zaie; sentitu eta hitz egin»
Halere, zureak ez dira liburu aurkezpen soilak.
Ikuskizun kultural bat planteatzen dut, hogei bat minutukoa. Egin nezakeen liburua aurkeztu eta kito, baina askotariko arte diziplinekin jolasten naiz hain gai gogor eta tabu bat azaleratzeko. Esaterako, lagun batek Mirariren eta Ekainen txotxongiloak egin zizkidan, eta ipuineko pare bat kapitulu haiekin aurkezten ditut. Tximeleta zuri batek ere laguntzen digu umeekin konektatzen, heriotzari buruzko hainbat galdera eginez. Nik dolu prozesuan egindako zenbait hausnarketa ere erabili ditut, eta baita musika ere.
Zergatik artea heriotzari aurre egiteko?
Literatura edo marrazkia adierazteko bideak dira, eta uste dut jendearengana iristeko modu samur eta errespetuzko bi direla. Gainera, horren ipuin gordina izanda, giro bat sortzen da non jendeak bere emozioak ateratzeko askatasuna sentitzen duen. Hala, nork bere zaurgarritasunekin konektatuko du; beti esaten dudan bezala, bakoitzaren barruko Mirarekin eta Ekainekin. Azkenean, nire esperientzian oinarrituta kontatzen dut: ez da ezer teorikoa, erabat esperientziala da. Artea bada tresna polit bat jendeari adierazteko halako tragedia bat.
Nik ipuin honi bide eman nion sentitu nuelako lagungarri izango zela leku bat ematea barruan genituen emozio eta sentsazioei; gehienbat, seme gazteenarengan, Ekainengan, lagungarria izan da.
Uste duzu heriotzari buruz geroz eta gehiago hitz egiten dela?
Bai. Pixkanaka-pixkanaka ari gara hazi horiek landatzen eta heriotzari leku bat egiten. Nire kasuan, konturatu naiz ekarpen handia egin dezakedala prebentzio lanetan. Hau da, heriotza bat gertatu aurretik eskaintzea tresnak, edukitzea leku bat heriotzari buruz hitz egiteko, bakoitzak dituen beldurrez, sor daitezkeen emozioez, gertaerez… Izan ere, heriotza oso presente dago egunerokoan. Baina sumatu dut behar handia dagoela, jendeak behar duela heriotzari buruz hitz egiteko leku bat; baita umeek ere.
«Konturatu naiz jendeak behar duela heriotzari buruz hitz egiteko leku bat; baita umeek ere»
Gizarte gisa, zer egin beharko genuke heriotza ez dadin horren gai tabua izan?
Lekua egin. Beste gai askorekin egiten dugun bezala, natural hitz egin beharko genuke heriotzaz ere. Umeek horri buruz galdetzen dutenean, erantzun; laguntza behar dugunean, eskatu…; heriotza bizitzaren parte dela sentitu. Umeek ez diote beldurrik heriotzari, eta nik uste dut umeak direla gure maisurik handienak. Gure inguruan heriotzaren bat gertatzen denean, sortzen dituen emozio guztiei lekua egin behar zaie, sentitu eta hitz egin.
Noiz arte jarraituko duzu aurkezpen birarekin?
Aurkezpenak maiatzean bukatuko ditut, Arantzazun hainbat gonbidaturekin batera eskerrak emateko egingo dudan ekitaldi batekin. Itxiera bat ere eman behar nion noizbait, nik ere etapa bat ixteko. Baina proiektua ez da bukatuko. Aurkezpen hauek ekitaldi kulturalak direnez, sentitzen dut aurkezpen kutsu hori albo batera utzi eta heriotzaren eta doluaren inguruko ikuskizun bat sortzeko nahia; musikarekin, marrazkiekin, txotxongiloekin… Eskoletara bideratutako ordu eta erdi bateko proiektu bat ere hasi dut. Ipuin kontaketa bat da, bereziki Lehen Hezkuntzako umeentzat eta irakasleentzat. Hezkuntzan egiten dut lan, eta hutsune handi bat sumatzen nuen heriotzaren inguruan; gehienbat, Lehen Hezkuntzan. Horregatik, irakatsi nahi diet irakasleei nola landu ipuin hau, nola atera zukua. Horretarako, doluaren eta heriotzaren inguruan ere formatzen ari naiz.
Egin ditut 48 bat aurkezpen, eta ale pila bat saldu ditut, kontuan izanda euskaraz eta euskaratik idatzitako ipuin bat dela eta Euskal Herrian gertatutako istorio erreal batetik abiatu dela. Gazteleraz ere aterako dugu laster, eta prest nago Espainian ere aurkezpenak egiteko.
Halako oihartzuna izatea espero zenuen?
Inondik inora ere ez. Opari bat izan da niretzat.