Londres, 1947. urtea. «Mago bat kristalezko botila baten barruan sartuko da gaur», dio egunkariko iragarki batek. Gauean, ezinezkoa zirudien hori ikustera joandako herritarrez beteta zegoen antzokia. Oholtzan, ordea, ez zen inor agertu; txantxa bat izan zen. Ikusleek, haserre bizian, antzokia erre zuten. Bi mende eta erdi baino gehiago igaro dira ordutik, eta, gertakizun horretatik abiatuta, magiaren historian egin izan diren zenbait trikimailu egingo ditu gaur Imanol Ituiño magoak, Tolosan. 19:00etan hasita, Botila barneko aztia eta beste hainbat istorio ikuskizuna egingo du Gure Zirkuaren karpan. «Iragarki hura nork idatzi zuen, zergatik idatzi zuen, eta benetan zer gertatu zen asmatzen saiatuko naiz». Hain zuzen ere, Tolosan egingo den Gure Magia Asteburua izeneko ekinaldiaren barruan egingo du Ituiñok ikuskizuna.
Magia eta antzerkia uztartuko ditu Ituiñok. «Berrinterpretazio moduko bat izango da: magiak izango du ikuskizuneko pisurik handiena, baina antzezlana ere oso garrantzitsua izango da». Azaldu du magoak oholtzan bakarrik sentitu ohi direla sarri, eta, hori saihesteko, ohiko teknika bat erabiliko du. Ikusleak gonbidatuko ditu oholtzara, boluntario gisa aritzeko. Gainera, euskaraz egingo du magia emanaldia lehenengoz, gazteleraz egin baititu orain arte egindakoak. «Estreinaldi mundiala izango da», esan du.
Ituiñoren ikuskizuna asteburu osoan zehar egingo duten Gure Magia Asteburua topaketako lehen saioa izango da. Bihar, berriz, bi saio izango dira. 12:00etan, Magia poteoa egingo dute, herritarrei magia helarazteko asmoz. «Taberna batetik bestera joango gara, bertatik bertarako magia eginez. Bat-batekotasun handiko saioa izango da, eta askok, hain zuzen, espero ez duten toki batean egingo dute magiarekin topo. Baliteke kopa edo edalontziren batean kartaren bat agerraraztea», azaldu du Ituiñok misterio puntu batez.
Tolosa, aho zabalik
Magia poteoaren ondotik hasiko da asteburuko saio nagusia; 19:00etan. Gure Magia Gala izenburupean, Euskal Herrian ezagunak diren goi mailako lau mago izango dira: Ituiño bera, Gonzalo Albiñana, Tor eta Txoborro. Adin guztietako publikoarentzat «saio ikusgarriak» egingo dituztela aurreratu du Ituiñok. «Mago klixetik aldentzen saiatuko gara, Tolosa aho zabalik uzteko asmoz. Aurreiritzi asko daude magiaren inguruan, eta horiek hautsi nahiko genituzke».
«Mago klixetik aldentzen saiatuko gara, Tolosa aho zabalik uzteko asmoz. Aurreiritzi asko daude magiaren inguruan, eta horiek hautsi nahiko genituzke».
IMANOL ITUIÑO Magoa
Albiñanaren gala berean parte hartzea «ohore handia» izango dela dio Ituiñok, sona handiko magoa baita. «Guadalajaran jaio bazen ere, familia euskaldunekoa da, Durangaldekoa, eta iaz, Valladoliden ospatu zen 38. Magoen Topaketa Nazionaleko Sari Nagusi Berezia irabazi zuen. Pozez zoratzen dago hura, zirku batean magia egin ahal izateagatik. Magia poetikoa egiten du, ikuskizun zoragarri batean».
Gure Zirkuko protagonistetako bat da Ituiño, eta, dioenez, ateren bat edo beste ireki dio bertan aritzeak. «Mago askok, nire saioa ikusi ondoren, karpa horretan, zirkuko artisten agertoki berean, ikuskizun propio bat egitea gustatuko litzaiekeela esaten zidaten». Hain zuzen ere, gaurko eta biharko antolatu duten egitaraua da horren emaitza. «Zirkuko lagunek erraztasun handiak jarri dizkigute, eta oso eskertuta gaude horregatik». Magoaren iritziz, baina, zirku bat ez da magoentzako erakusleihorik onena. «Gonbidatu batzuk izan ohi gara beti zirkuetan. Hori dela eta, xarma berezia du guretzat zirkuan magia saioak bakarrik egiteko aukera izateak. Morbosoa da».
Tor eta Txoborro magoak, magia ikuskizun batean, Donostiako Kursaaleko auditoriumean. HITZA
Magia munduan ikus daitezkeen ikuskizunen artean, asteburu honetan Tolosan egingo dituztenak «oso bereziak» izango direla aurreratu du Ituiñok. Dagoeneko salgai daude Gure Zirkuaren karpan egingo dituzten bi saioetarako sarrerak, Gurezirkua.eus webgunean. Gaurkoak, 12 euroren truke eros daitezke, eta biharkoak, 15 euroan.
Mago gazteak
Ituiñok «osasuntsu» ikusten du magia Euskal Herrian, bai eta Euskal Herritik kanpo ere. «Zalantzarik gabe, magia modan dago», dio. «Geroz eta gazte gehiago animatzen dira trikimailuak egitera. Sare sozialek eta plataforma digitalek asko lagundu dute magiaren sekretuak zabaltzen, eta onuragarria dela iruditzen zait. Zaletasun handiagoa dago gaur egun».
Gonzalo Albiñana magoa, magia ikuskizun bat egiten. HITZA
Sare sozialek, halaber, magiaren mundua eraldatzea eragin dutela nabarmendu du. «Lehen, ikusle kopuru jakin bati egiten zenizkion trikimailuak, eta, orain, kamera bati egiten dizkiozu, bideo baten bitartez zabaltzeko». Ikusle gehiagorengana heltzeko aukera ona dela aitortu arren, Ituiño ez da horren aldekoa. «Sare sozialetan bideo oso laburrek dute arrakasta, berehalakoek, eta magiari garrantzi handiagoa eman behar zaio. Beste kutsu bat du eta beste iraupen bat merezi du. Zuzeneko arte bat da magia, eta bertatik bertara ikusi behar da».
«Sare sozialetan bideo oso laburrek dute arrakasta, berehalakoek; zuzeneko arte bat da magia, eta bertatik bertara ikusi behar da».
IMANOL ITUIÑO Magoa
Ituiñoren iritziz, «trikimailuak eta emanaldiak etengabe berritzea» izan daiteke zaletasuna areagotu eta ez galtzeko gakoetako bat. Hark, ordea, garrantzi handiagoa ematen dio magoaren nortasunari. «Gaur egun egiten diren trikimailu askok berrehun edo hirurehun urte dituzte. Askotan ikusi ditugu, baina hain dira liluragarriak, ez dute aldaketarik behar». Horregatik, hain zuzen ere, trikimailu klasikoen aldeko aldarria egin du. «Gainera, publikoa etengabe doa aldatzen, eta, beraz, haurrei ezin zaie ukatu trikimailu klasikoak ikusteko aukera. Zerbaitengatik dira klasikoak».