«Ileordea jartzea bai, baina badago asko ikusarazten ez den beste kontu bat: noiz kendu?». Erradioterapia bukatu eta astebetera, zalantza hori dauka buruan Yolan Ibarlozak (Bilbo, 1964). Izan Inurri elkarteko kidea da, eta ez da oraindik urtebete tratamenduarekin hasi zela. Diagnostikoa jaso zuenean, esan zioten erradioterapia jaso beharko zuela, baina, gero, konplikazio batzuk direla medio, kimioterapia ere jaso behar izan zuen. «Orduan konturatu nintzen ilea eroriko zitzaidala», aitortu du Ibarlozak. «Ile beltza neukan, kizkurra. Gustuko izan dut beti, eta nolabait nire identitatearen parte izan da; batez ere, nire kiribilengatik. Ez da ilea buruan bakarrik galtzen; gorputz guztiko ilea erortzen da. Horrek asko ahultzen du, norbera gutxituta balego bezala geratzen da, eta inpaktu handia eragiten du horrela ikusteak».
[articles:2124157]
Ospitalean bertan eman zioten ileordeak eta buruzapiak saltzen zituzten lekuen zerrenda bat. «Hasieran, buruzapiak erosi nituen, baina esan zidaten tratamendua sei hilabete baino gehiagokoa izango zela, eta iruditu zitzaidan epe luzea zela buruzapi batekin ibiltzeko», dio Ibarlozak. Ileordeak saltzen dituzten ile apaindegi batera joatea erabaki zuen, eta bertan gomendatu zioten ile motzeko ileorde bat erosteko, mantentze lan txikiagoa duelako. «Ile kizkurreko ileorde batek ere lan handia eskatzen zuen, eta orduan erabaki nuen ile motza zeukan ileorde bat hautatzea. Nik nire gorputza zaintzen jarri nahi nuen arreta, eta ez ileordea zaintzen».
Medikuek adierazi zioten bigarren kimioterapia saioaren ondoren noiz hasiko zen ilea galtzen, egun zehatza. «Egun hori baino hiru aste lehenago moztu nuen ilea, aukeratu nuen ileordearen antzeko orrazkerarekin. Hor joan ziren nire kiribilak, eta eduki nuen nire lehenengo dolua. Galera sentsazio bat da; zure identitatearen zati baten galera».
Ibarlozak erabaki zuen ez zuela ikusi nahi ilea nola erortzen zitzaion; beraz, medikuek adierazitako eguna baino egun batzuk lehenago ile apaindegira jo zuen, ilea larru arras moztera. «Hortik ileordearekin atera behar izan nuen jada. Nahiz eta nik buruzapiak erosiak izan, ileordearekin hobeto ikusten nuen neure burua. Beste modu batean ikusten duzu zeure burua. Ez zara zu, eta, agian, oraindik ez duzu zeure burua modu horretan ondo ezagutzen. Gogoratzen dut egun horretan herrira heldu nintzenean lagunek esan zidatela polita nengoela, eta babestuago sentitu nintzen».
«Erabili izan ditut kapelatxoak ere, ileorderik gabe, eta jendearen begirada asko aldatzen da».
YOLAN IBARLOZA Izan Inurri elkarteko kidea
Ordutik, jendaurrean ileordea erabiltzeko hautua egin zuen Ibarlozak. Nabarmendu du kanpoko begiradek eragina izan dutela erabakia hartzeko orduan. «Begiradak hor daude, eta eragiten du. Kanpora joan izan naizenetan, adibidez, erabili izan ditut kapelatxoak, ileorderik gabe, eta jendearen begirada asko aldatzen da. Ileordearekin zuk erabakitzen duzu nori esan ileordea daramazula, edo nori ez».
Jendearen begietan ez ezik, ispiluaren aurrean ere bere burua ileordearekin ikusten ohitu behar izan du. «Etxean egun asko daramatzatenean, ileordea jantzi gabe, gero berriro janztea arraroa egin zait batzuetan. Ispilura begiratu eta neure buruari galdetzen nion: ni hori naiz? Hasieran kolpe bat da. Kanpokoek esaten dizute oso ondo zaudela, polita zaudela. Baina zu barrutik ez zara batere ondo sentitzen; ez da itxura kontua bakarrik, eta hor badago barne gatazka bat. Nire kasuan, hobeto onartzen dut neure burua ilerik gabe, bai nire aurrean bai gertukoen aurrean. Baina ez dut gainontzeko jendearen aurrean horrela agertzeko pausoa eman».
Buruko ileaz gain, gorputz osoko ilea erortzea ere eragiten du minbiziaren aurkako tratamenduak, eta Ibarlozak uste du horrek ere «asko» eragiten duela, norberaren begirada «galdu» egiten delako: «Bekainak margotzen ikasi behar izan nuen, eta hori ere beste prozesu bat izan da». Orain, minbiziaren aurkako tratamendua bukatuta, beste galdera bat dauka bueltaka: noiz kendu ileordea? «Azken egunetan, adibidez, beroa egin du, eta pixka bat traba egiten hasi zait. Baina ilea ez zaizu modu uniformean hazten. Ume txikiei hazten zaien bezala hazten zaizu, leku batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, eta oso ile fina. Eta hori berria da niretzat. Beraz, hor nabil orain: ileordea noiz eta nola kendu pentsatzen».