«Harro». Hala sentitzen da Luis Agirre Katxi, Azkoitiko eta Azpeitiko Domusa Teknik Iraurgi saskibaloi taldeko entrenatzailea. Aurreko denboraldian, azken partidan mailaz jaitsi zen taldea, eta, duela bi aste igoera faseko lau partidak irabazita, berriz lehiatuko dira Espainiako Challenge ligan. Zortzi talde aritu dira igoerarako bi paseen bila, eta, entrenatzailearen arabera, Urolakoak ez ziren faborito. «Gure multzotik hirugarren sartu ginen», esan du Agirrek. «Gure helburua igoera fasera sartzea zen; helburu nagusia ez zen igotzea, eta, horregatik, oso harro gaude egindako partidekin eta emaitzekin».
Iaz «karanbola» batengatik jaitsi zirela dio entrenatzaileak, eta aurten jokalariek bazuten «arantzatxo» hori ateratzeko gogoa. «Azken partida irabazi genuen arren, lau talderen arteko berdinketa egon zen, eta jaistea egokitu zitzaigun. Salbazioa hain gertu eduki eta lortu ez izanak arantzatxoa utzi zien jokalariei».
Challenge mailara igo izanaren lorpena, «hein handi batean», jokalariena izan dela uste du hark: «Jaitsiera batetik etorrita, animoak altxatzea taldeak berak egin behar duen lana da, baina ez da batere erraza izaten bide ezkor batean egonda aurrerapausoa eman eta egoerari aurre egitea, eta uste dut merituaren zati handi bat jokalariek dutela». Are, esan du taldearen «indargunea» taldea bera dela: «Talde gisa oso ondo funtzionatu duen taldea da gurea; egorik gabekoa, elkarri laguntzeko prest dagoena, eta horixe izan da gainerako taldeetatik desberdintzen gaituena».
«Erakutsi dugu taldeak duen indarraren bidez gauza politak lor daitezkeela».
INTZA LIZARAZU Domusa Teknik ISB taldeko kapitaina
Bat dator harekin Intza Lizarazu taldeko kapitaina. «Erakutsi dugu taldearen indarraren bidez gauza politak lor daitezkeela». Lizarazuk badu eskarmentua Iraurgin, bi hamarkadatik gora baitaramatza klubean. «Beti esaten dut talde batean talde lanik ez badago oso zaila dela emaitza onak lortzea. Talde batean eduki ditzakezu kalitatea edo jokalari onak, baina garrantzitsuena da talde lana eta giro ona edukitzea. Guk erakutsi dugu modu horretan garaipenak lehenago iristen direla». Zaleengandik babes handia jaso dutela esan du jokalariak, eta «oso eskertuta» dago horregatik. «Hurrengo denboraldian ere babes hori sentitzen jarraitu nahi dugu».
Liga lehiakorra
Taldeari atseden hartzea dagokio orain, baina Lizarazuk adierazi du «gogotik» egin beharko dutela lan gero, maila berrira ondo prestatuta joateko. «Urtetik urtera gero eta gogorragoa da Challenge liga, talde oso indartsuak daudelako eta fitxaketa asko eta onak egiten dituztelako. Guk lortu dugu hor egotea, eta inork ez digu kenduko lehiatzeko ilusioa». Gaineratu du gogotsu aterako direla asteburuero kantxara, partida bakoitza «final bat» izango balitz bezala jokatu nahi baitute.
Challenge mailan dagoen Euskal Herriko talde bakarra da ISB. Orain hiruzpalau urte sortu zuten liga hori, bigarren mailatik lehenengo mailara salto handia zegoelako. Agirre entrenatzaileak uste du liga horrek «garrantzia» hartu duela azken urteetan, eta aipatu du «oso talde gutxi» daudela «nukleoa» etxeko jokalariez osatua dutenak. «Talde gehienek fitxaketak dituzte oinarrian». ISB da salbuespenetako bat, entrenatzailearen arabera: «Beti izaten ditugu etxeko hiruzpalau jokalari, eta aurten Bizkaitik lau bat jokalari etorri dira. Gure asmoa da Euskal Herriko nukleo gogor batekin aritzea».
«Jendea lana egiteko gogoz badago, uste dut beti izango dugula etxeko jokalariz osatutako talde bat».
LUIS AGIRRE ‘KATXI’ Domusa Teknik ISB taldeko entrenatzailea
ISBko harrobia ere bere bidea egiten ari da. Izan ere, entrenatzaileak azaldu du Domusa Teknik ISB taldea ez dela klubean lorpenen bat eskuratu duen bakarra: «Zazpi urteren ondoren, aurten lortu dugu kadeteekin Espainiako txapelketa baterako sailkatzea, eta, beraz, pausoak ematen ari gara. Jendea lana egiteko gogoz baldin badago, uste dut beti izango dugula etxeko jokalariz osatutako talde bat».