Bihotzeko arazo larri batekin jaio zen Aloña Erauskin (Berrobi, 1999). 24 orduko bizi itxaropena eman zioten medikuek, baina mende laurden bat darama bizirik, bere gorputzak sortu zuen malformazio bati esker. Bere istorioa zabaltzen hasi da sare sozialen bidez, eta joan den irailean Aloeder podcasta ere jarri zuen martxan. Kontzientzia sortzeaz gain, gai sozialak lantzen ditu podcastean, elkarrizketen bidez.
Zer gaitz daukazu diagnostikatuta?
Sortzetiko kardiopatia konplexu bat daukat, zuzendu gabea. Hau da: biriketara doan arteria dilatatuegia daukat. Horren ondorioz birikak odolez beteko zirela uste zuten medikuek, baina 25 urte daramatzat hala, noiz arte ez dakigun arren. Horrez gain, beste arazo batzuk dauzkat: aurikula eta bentrikuluak alderantziz jarrita, esaterako.
Zer arrisku dauzka gaixotasunak?
Daukan arriskurik handiena heriotza da. Duela bi urte takikardia larri bat izan nuen, eta nire bizitzak klik egin zuen. Estresaren ondorio izan zen takikardia. 23 urterekin nire adineko pertsonek eduki ohi duten bizitza estiloa neukan: lana, gradu bat ikasten hasi nintzen… Gaur egun erakusten diguten bizitza estilo hori. Nire bihotzak ezetz esan zuen, nik ezin nuela bizitza estilo hori izan. Heriotzaren eta bizitzaren artean jarri ninduen berriz ere, eta ordutik oso argi izan dut zertan ez dudan berriz hanka sartuko.
Zer muga jarri dizkiozu bizitza erritmo horri?
Ulertu behar izan dut nire bizitzan lehenengo dagoen pertsona ni naizela. Beti izan dut enpatia handia, eta besteei laguntzeko nahia, saltsa guztietan sartzekoa eta denari baietz esatekoa. Orain, lehenengoa naiz. Oso argi daukat mundua ez dela bukatzen lan batengatik, ez hitzordu batengatik. Mundua bukatzen da, nire kasuan, bihotzak eztanda egiten didan momentuan.
Nola lortzen da lasaitasuna gaixotasunaren karga hori izanda?
Zaila izan da. Depresio bat pasatu dut. Bizitzak krak bat egiten dizunean, egoera berri horretara ohitu behar duzu. Badakit gaixotasunak okerrera jo duela eta kontu handiagoarekin bizi behar dudala eta baldintzatuago nagoela, baina, era berean, gertatu zaidan guztia ikasketa bat izan da, eta eskertuta nago momentu honetan pasatu zaidan guztiarekin. Bestela, ez nuen proiektu hau hasiko eta ez nuen aukera edukiko hain gaztetatik nire bizitza nik kontrolatzeko, neure buruaren jabe izateko.
«Gaixotasuna nire nortasunaren zati handi bat da, haurtzarotik oso baldintzatuta bizi izan naizelako»
Zer ikasketa atera duzu?
Azken eguna balitz bezala bizitzen dut momentu bakoitza: hondartzara joatea, txakurrarekin paseo bat ematea, patata tortilla bat afaltzea…; dena da izugarria. Heriotza hain gertu duzunean, gainontzeko guztia pribilegio bat da.
Betidanik egin diozu aurre hain modu positiboan?
Bai. Esango nuke inozentziak urte askoan asko lagundu didala. Dudarik ez dago gaixotasuna nire nortasunaren zati handi bat dela, haurtzarotik oso baldintzatuta bizi izan naizelako. Ni oso zoriontsu izan naiz 23 urterekin takikardia hori izan arte. Geldialdi hori eduki nuen arte, nik bizitza normala egin dut; medikuei puntu bat arte soilik egiten nien kasu. Esaten nien nire bihotzak eztanda egiten zuenean geldituko nintzela. Beti esan dudan esaldi bat da ni geldituko nauen bakarra nire bihotza izango dela. Eta hala da. Egia da inozentzia hori pixkanaka higatuz joan dela, eta zezena aurrez aurre ikusi dudala azken bi urte hauetan, baina orain inozentziatik onarpenera pasatu naiz, eta hori ere aldi polita da.
Zaila da diskurtso pesimista baten eta erromantizazioaren artean oreka bilatzea?
Bai. Nik ez dut gaixotasuna erromantizatzen. Kaka bat da gaixo jaiotzea eta azken egunera arte gaixo bizitzea. Oso baldintzatuta nago. Ezin dut ikasi nuen horretan lan egin, ezin dut ama izan, ezin dut hegazkin bat hartu… Egunerokotasuneko edozer gauza beti bi aldiz pentsatu behar dut. Baina, aldi berean, tristura horretatik ikasi dut alderdi ahalik eta baikorrena ateratzen eta dagoena onartzen.
«Ez nuen ezagutzen gaixotasunetik eta bakarrik, baliabiderik gabe, halako zerbait sortu duen pertsonarik»
Nola hasi zinen komunikazioaren munduan?
Kazetaria ez banaiz da gaixotasun honekin jaio nintzelako. Kazetaritza Leioan ikasten da, eta, nire gaixotasuna kontuan hartuta, ideia hori burutik kendu zitzaidan. Gizarte Hezkuntza ikasi nuen azkenean, eta izugarri gustatu zitzaidan. Zoritxarrez, denbora gutxian eduki dut aukera arlo honetan lan egiteko, baina egin dudanean sentitu dut nire lanbidea dela. Osasun arazoa izan nuenean, gelditu behar izan nuen, eta, gauza asko ulertu ondoren, erabaki nuen benetan gustuko nuen zerbait egin behar nuela, ez jada sortuta dagoen zerbaitean. Hor hasi nintzen Aloeder proiektuarekin. Gizarte hezkuntza da, azken finean: kritika soziala egiten dugu, saretzea, osasun arazoak ikusarazten ditugu, buru osasuna lantzen dugu…, eta, aldi berean, komunikazioa, elkarrizketen bidez. Horrelako proiektu bat sortu gabe zegoela uste dut. Ez nuen ezagutzen gaixotasunetik eta bakarrik, baliabiderik gabe, halako zerbait sortu duen pertsonarik.
Zer eman dizu horretan aritzeak?
Gaur arte ez dut podcastengatik zentimo bat ere kobratu. Baina, aldi berean, dena eman dit. Nire osasunari kalte egingo ez dion eta gustatzen zaidan lantxo bat eduki dut, eta berriz bizirik sentitu naiz. Jende zoragarria ezagutzen ari naiz, gainera.
Zer erronka dauzkazu arlo profesionalean?
Komunikazioari lotutako bi proiektu oso garrantzitsu dauzkat mahai gainean. Bietan buru-belarri ari naiz lanean, eta, horretaz gain, nire diseinu propioak dauzkat salgai. Udararako kamisetak eta biserak aterako ditugu. Aloeder ari da forma hartzen, filosofia bat da, eta horrek betetzen nau gehien.
Zer moduz zaude osasunez?
Gaixotasunak okerrera egin du. Duela bi urtetik hona okertu egin da. Fisikoki okerrago nago, baina mentalki, indartsuago. Beti alerta eta erne egon behar dut, beti hari batetik zintzilik. Baina ospitaletik azken aldiz atera ginenean, duela gutxi, aipatu nien ingurukoei: «Esan digute gaixotasuna hor dagoela, oso larria dela, baina ez digute esan hiru hilabeteko bizi itxaropena daukadanik». Orduan, zer esango dizut? Hortxe nagoela, eta bihotzak eztanda egin arte jarraituko dudala, baina erantzun zehatzik ez dago. Duela 25 urte esaten zuten hil egingo nintzela. Orain ere esaten dute kontua oker dagoela, baina hemen jarraitzen dut, noiz arte ez dakidan arren.