«Elkarteko kideok ez diogu amaierarik eman nahi 34 urte iraun duen proiektu boluntario honi». Jokin Ijurko Donostiako Antigua auzoko Auskalo aisialdi taldeko kidearen hitzak dira. Auzoko San Sebastian Martiria parrokiarena da orain arte erabili duten egoitza, eta, parrokiaren arazo ekonomikoak direla eta, lokala itxi beharrean daude —irailean itxi nahi dute—. «Antiguako elizak arazo ekonomikoak ditu, eta lokala alokatu behar du. Beraz, auzokideen arteko harremanak sendotzeko erabili ohi den lokala galduko du Antiguak», dio Ijurkok.
Lokala 1990eko hamarkadaz geroztik izan da auzotarren elkargune. Askotariko jarduerak egin izan dituzte, hala nola zinema emanaldiak, elikagai bankuaren bilketa eta euskaltegia. Antiguako hainbat eragilek entsegu lokal gisa ere erabili dute espazioa —Antigua Luberri abesbatzak, auzoko txistulari eta danborrada elkarteek eta Antiguotarrak dantza taldeak— Beste batzuek, berriz, gunea probestu dute materiala gordetzeko; Loretope buruhandien eta erraldoien konpartsak, kasu baterako.
«Antiguako elizak arazo ekonomikoak ditu, eta lokala alokatu behar du; beraz, auzokideen arteko harremanak sendotzeko erabili ohi den lokala galduko du auzoak».
JOKIN IJURKO Donostiako Auskalo aisialdi taldeko kidea
Ijurkok esan du Auskalok auzoko 12 eta 18 urte bitarteko lagunei aisialdi eskaintza «askotarikoa» eta «osasuntsua» eskaini diela orain arte. Hala jarraitzen dutela dio, aurtengo jardueretarako 120 gazte baitaude izena emanda. «Jende horrentzat jarduerak egiteko lekurik gabe geratuko gara. Eta, tamalez, datozen urteetan ezingo dugu jarraitu lokala erabiltzen».
Mezua, «ezustean»
Aisialdi taldeko kideak azaldu du auzoko parrokoak orain dela bi urte esan ziela lokala alokairuan jartzeko asmotan zirela, baina ez ziela jarri egoitza husteko epe finkorik. «Aurtengo apirilaren 8an jaso genuen parrokiatik mezu bat esanez jada badutela aurreproiektu bat finkatua, eta, horrenbestez, irailean lokala hustu beharko dugula». Aisialdi taldeko kideak «ezustean» harrapatu zituen mezuak. Gotzaindegiarekin harremanetan jarri ziren orduan, baina Ijurkok esan du ez dutela alternatiba proposamenik jaso.
San Sebastian Martiria parrokiak mezu bat igorri zien hedabideei maiatzaren 16an, auzia argitzeko asmoz: «Parrokiako kristau elkarteak, Auskalo aisialdi taldeak egin duen gizarte eta hezkuntza lana aitortuz, lokalen gastuei ekonomikoki eskuzabaltasunez aurre egiten jarraitu du ahal izan duen bitartean». 2019az geroztik parrokian egiten ari diren lanek «inbertsio ekonomiko handia» eragin dutela zioen parrokiak lehengo asteko mezuan: «Eraikinaren lan handi batzuei egin behar izan die aurre parrokiak, eta 600.000 euroko zorra eragin diote lan horiek».
«Antiguako auzotarrek laguntza eta babesa eman dizkigute, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen digu horrek».
JOKIN IJURKO Donostiako Auskalo aisialdi taldeko kidea
Aisialdi taldeko kideek sinadura bilketa bat abiatu dute asteotan, orain artekoaren gisako lokal bat behar dutela aldarrikatzeko. Antiguan jarri dituzte sinadurak biltzeko mahaiak, eta haien sareetan ere jarri dute horretarako esteka. «Auzoa ez dago konforme egoera honekin, eta horren erakusle dira orain arte jaso ditugun 2.600 sinadurak», esan du Ijurkok. «Donostiako Udalera eramango dugu sinadura bilketa, ikus dezaten zenbat jende dagoen gure eskaeraren atzean». Auzokideak auzian «asko inplikatzen» ari direla dio Ijurkok, eta esker onez mintzo da horregatik: «Auzotarrek laguntza eta babesa eman dizkigute, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen digu horrek»
Badute lokal bat eskuratuko dutelako esperantza izpi bat, udalarekin hartu-emanean baitira. «Gaur egun, ezjakintasunean murgilduta gaude, baina espero dugu udalarekin elkarlanean egoera honi irtenbideren bat ematea. 34 urte daramatzagu lanean, eta eragile garrantzitsu bat bihurtu gara auzoan. Larria izango litzateke irtenbiderik ez lortzea».