«Ume bati garrantzitsua ez dela sentiarazten badiozu, sinetsi egingo du balio gutxi daukala»

«Ume bati garrantzitsua ez dela sentiarazten badiozu, sinetsi egingo du balio gutxi daukala»

Unean-unean ez ezik, luzera begirako ondorioak ere eragiten ditu eskola jazarpenak, Marina Izagirre Ferro psikologoak (Tolosa, 1992) azaldu duenez. Hura pairatzen duenari autoestimuan eta identitatearen eraikuntzan eragiten dio, baina eragina dauka jazartzailearen identitatean ere.

[articles:2125548]

Zer eragiten du eskola jazarpenak berau pairatzen duten umeetan?

Kasu bakoitzean ezberdina izaten da eragina, baina, orokorrean, badaude errepikatzen diren ondorio batzuk. Alde batetik, autoestimuan inpaktua dauka. Arinagoa edo sakonagoa izan daiteke, hainbat faktoreren arabera; esaterako, inguruan daukan babesaren arabera, edo pertsona horrek berak dauzkan ezaugarrien edo baliabideen arabera. 

Haurrek helduek baino baliabide gutxiago dituzte, ezta?

Kontuan hartu behar dugu umeak jazarpena pairatzen hasten direnean, normalean oraindik ez daukatela jarrera kritiko bat. Hau da, heldu bat norbaitek gaizki tratatzen duenean, gai da esateko pertsona hori agian ez dela momentu on batean egongo, adibidez. Badaki bereizten eta jarrera kritiko bat edukitzen. Baina ume bat gaizki sentiarazten baduzu edo garrantzitsua ez dela sentiarazten badiozu, sinetsi egingo du gutxi balio duela. Gainera, eskola jazarpenean, askotan talde bat izaten da pertsona bakar baten aurka, eta egunero izaten duen bizipen bat da. Beraz, egunero horrela sentiarazten badute, pentsatuko du balio hori daukala.

Luzera begira zer eragin dauka?

Autoestimuan inpaktu izateaz gain, sozializatzeko arazoak ekar ditzake, eta munduarekiko zein harremanekiko begirada mesfidati bat izatea. Izan ere, tratu txarrak jasan dituzte jazarriak izan direnek, eta errealitate horrekin beraien adineko beste batzuek baino lehen izan dute kontaktua. 

Zauri hori areagotu egin daiteke denborarekin?

Esperientzia gogor bat bizi badut baina horren ondoren beste esperientzia sendatzaile bat izan badut, esaterako, aurkitu baldin badut maitatu eta onartzen nauen talde bat, bigarren bizipen horrek lehena sendatzen lagunduko dit. Aldiz, bigarrena ere desatsegina izan bada, baieztatu egiten dut lehenengo bizipeneko zauria, eta ondorioak are larriagoak izan daitezke, baita identitatearen eraikuntzan ere.

«Jazarpena gauzatzen duen pertsona horrek lotsa eta erruduntasun handia izan dezake gerora»

Nola eragiten du identitatea osatzeko orduan?

Haurtzaroa eta nerabezaroa identitatea eraikitzeko garaiak dira, norbera nor den definitzekoak. Jazarpena pairatzen dugunean, gauza jakin batzuk garela sinesten dugu: tontoa naiz, txarra naiz… Horrek, batzuetan, eragina izan dezake erasotzailearengan ere. Jazarpena gauzatzen duen pertsonak lotsa eta erruduntasun handia izan dezake gerora, eta hori ez da kudeatzen erraza; batez ere, ezagutarazi egiten delako eta denek dakitelako erasotzaile izan direla. Beraien identitatearen parte bilakatzen da, bai modu pribatuan bai publikoki.

Erasotzaileek ere patroi bat betetzen dute?

Bai. Askotan, erasotzaileak ere zauri batetik datoz. Egoera baten biktimak izan dira, eta, gero, beste ingurune batean, beste pertsona batzuekin erasotzaile bihurtzen dira. Beste batzuetan, akaso, ez dira tratu txarren biktimak izan, baina badago zauri bat edo asebetetzen ez den behar bat: bere gurasoen arreta, muga batzuen beharra… Eta hortik, kontrolatzeko beharra. Esaterako, deskontrol handia badauka etxean edo oso suminduta badago beste eremu batzuetan, eskolako jendearen gainean kontrol handiagoa edukitzeak lasaitzen badu eta segurtasuna ematen badio, horri eutsiko dio. Garrantzitsu sentitzen da, eta aitortza eta onarpena lortzen ditu, modu apropos batean ez bada ere. Beraz, zer lortu ahi du? Denok lortu nahi duguna: maitatuak izatea, garrantzitsuak izatea eta nahikoa izatea; funtsean, autoestimuarekin lotutako gauzak.

Zer rol daukate erasotzailea babesten duten ikaskideek?

Leialtasuna adierazten diote erasotzaileari, biktimak ez izateko, besteak beste.

Nola eragiten du familiak?

Oso garrantzitsua da familiaren rola, bai jazarria izan den pertsonarena zein jazartzailearena. Erabakigarria da. Haiek arazoaren parte dira, baina baita soluzioaren parte ere. Askotan pasatzen da bortizkeria egoera bat egon denean egoera horrek berak beste bortizkeria egoera batzuk ekartzen dituela. Adibidez, nire semeari mina egiten badiote, horrek haserre bat sortzen du nigan, eta neure buruari baimena ematen diot bortxakeria erabiltzeko erasotzailearen gurasoen kontra edo erasotzailearekin berarekin, nire minak hartaraturik. Beraz, batzuetan bitartekariak beharko dira, baina guztien helburua izan behar da bortizkeria amaitzea. Beste modu batera esanda: hobeto erlazionatzea, besteak mindu gabe edo gure zaurietatik besteak kontrolatu gabe.