Kapelak, pamelak, turbanteak, txanoak, txapelak… Buruan jar daitekeen edozein osagarrik balio du. Edozein modutan egindakoak izan daitezke, gainera, osagarri horiek: armairuan aurkitutakoak, eskuz egindakoak, birziklatutakoak… Izan ere, Kapelaren Ibilbidea egingo dute bihar, Donostiako San Martin auzoan. Goizeko bederatzietan hasita, egun osoko egitarau bat antolatu dute auzo elkarteko kideek, eta parte hartzea doakoa izango dela jakinarazi dute. «Buruan edozein osagarri jartzea da kontua», esan du Ibon Etxeberria San Martin auzo elkarteko kideak. Haren esanetan, «parte hartzeko baldintzak, buruan zerbait eramatea eta ondo pasatzeko gogoa izatea» baino ez dira. Egitasmoak bigarren aldia du aurtengoa. Iaz egin zuten lehendabizikoz, eta «arrakastatsua» izan zela esan du Etxeberriak. «Mila lagunek baino gehiagok parte hartu zuten iaz, eta ez genuen hainbeste jende espero». Bihar kopuru hori gaindituko dutela aurreikusten dute.
San Martin auzoko askotariko establezimenduetako kideek sortu zuten elkartea, orain lau urte. Elkarteak auzoa «ezagutarazi, ikusarazi eta suspertu» nahi du; besteak beste, merkataritza, turismo, eta ostalaritza eskaintzari balioa emanez. Auzoko kaleak ezagutarazteko asmotan osatu zuten elkartea. «Donostiako erdigunea eta San Martin auzoa bereizi nahi ditugu», dio Etxeberriak. Haren ustez, baina, aise desberdindu daitezke auzo bat eta bestea: «Gure auzoak ez dauka erdiguneak duen merkataritza kate handirik. Komertzio txikiak daude gurean, urte askotako historia dutenak atzean». Askotariko jarduerak antolatu dituzte orain lau urtetik gaurdaino, «kaleak biziberritzeko». Hain zuzen ere, horixe da Kapelaren Ibilbidearen asmoa. «Elkarrekin paseatuko dugu, San Martin auzo elkarteko kideok bizitza ekarri nahi baitugu gure kaleetara».
«Buruan zerbait eramatea eta ondo pasatzeko gogoa izatea dira parte hartzeko baldintzak».
IBON ETXEBERRIA Donostiako San Martin auzo elkarteko kidea
Goizeko bederatzietan ekingo diote egitarauari, Nobu hotelean egingo duten gosari batekin —gosarirako aurrez eman beharko da izena—. Miramar jauregira joango dira segidan, paseoan. Bertan egingo diete ongietorria parte hartzaileei. Charo Iglesias kapelagileari omenaldia egingo diote han, eta San Sebastian martxa dantzatuko diote, danbor doinuak lagun. Iglesiasek Donostian ireki zuen bere lehen lantegia, eta Espainiako Txapel Elkartearen sortzaile izan da. Dantza eta musika izango dira egunean zehar, eta «nahi duen oro» bertaratzera deitu du elkarteak. Etxeberriak azaldu du kapela jantzita daramaten guztiei txapa bat jarriko dietela soinean, ibilbidean parte hartzen ari direla identifikatzeko. «Iaz jende asko geratu zen txaparik gabe, ez baikenuen espero hainbeste jende agertzerik».
Jatorria, New Yorken
Egitasmoa ez dute hutsetik hasi. Izan ere, orain ehun urte baino gehiago ere New Yorken (AEB) abiatu zuten halako ibilaldi bat, eta Pazko asteko igandean egiten dute han. Duela hogei urte inguru, Bartzelonan hasi ziren antzeko ekinaldi bat egiten, eta bi horiek eredutzat hartuta, Donostiara eraman nahi izan zuen Oihana Hernaiz kapelagileak.
«Elkarrekin paseatuko dugu, San Martin auzo elkarteko kideok bizitza ekarri nahi baitugu gure kaleetara».
IBON ETXEBERRIA Donostiako San Martin auzo elkarteko kidea
Espainiako kapelagintzaren elkarteak proposatu zion Hernaizi halako egitasmo bat egitea Donostian. Hasieran, baina, pentsatu zuen bere kasa horrelako zerbait antolatzea «lan handiegia» izango zela, eta, hargatik, San Martin auzo elkarteko kideei egin zien Kapelaren Ibilbidea antolatzeko proposamena. Auzo elkarteak aho batez onartu zuen proposamena, eta antolatzeari ekin zioten.
EGITARAUA
09:00. Gosaria, Nobu hotelean.
09:30. Diana joaldunekin, San Martin auzotik Miramar jauregiraino.
10:30. Ongietorria eta Donosti Lindy Hop dantza elkartearen emanaldia, Miramarren.
11:30. Charo Iglesiasi omenaldia, Miramarren.
12:00. Paseoa, Mac Jeara’s Band jazz taldearekin, Manterola kaleraino.
13:00. Carmen Garmendia eta Maria Govillard Dantza Eskolaren emanaldia eta kapeladunen sari banaketa, Manterola kalean.
13:30. San Martin auzoko tabernarien pintxo dastaketa.
14:00. Alex del Toro Dj-a, Manterola kalean.
17:00. Radio Rebelderen kontzertua, Lobo tabernan.