«Arnasaldi bat» planetari

«Arnasaldi bat» planetari

Airea, ura, klima, lurra, bizitza, ozeanoak… Pasai San Pedroko Mater ontzi museo ekoaktiboko kideak kezkatzen dituzten faktoreetako batzuk dira horiek. Hori dela eta, itsasoaren, biodibertsitatearen eta naturaren zaintzaren inguruko kontzientzia sortu nahi dute, «itsasoak ematen duena aintzat hartuz» eta «itsasoarekiko maitasuna sortuz». Kontzientziaziorako ahalegin hori zabaltzeko, askotariko jarduerak antolatzen ditu Materrek urte osoan, «gizartea kontzientziatzeko». Hain zuzen ere, Euskal Ingurumenaren eta Ozeanoaren Astearen harira, Planetaren Jardunaldiak izeneko egitasmoa abiatu zuten astelehenean, Donostiako Okendo kalean, eta gaurtik igandera bitartean Irungo Ficoba erakustazokan emango diote jarraipena. Bizkaiko Nakusarbe elkarteak abian jarritako egitasmoa da, eta aurten, estreinakoz, Gipuzkoan antolatu ditu jardunaldiak Materrek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Saila izan dute lagun antolakuntzan.

Goizeko bederatzietan ekingo diete egunotan Donostiako jardunaldiei, eta egun osoan Itsas zaindari izeneko tailerra, Klima azoka jolasa eta Mundu justu bat planeta seguru batean erakusketa izango dituzte; hainbat eskolatako ikasleek parte hartu dute horietan. Dinamika bera egingo dute gaur eta bihar artean Irungo Ficoban.

Mater museoko zuzendari Izaskun Suberbiolak azaldu du Itsas zaindari tailerrak eta Klima azoka jolasak etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa lantzea dutela helburu, eta, bide batez, baita «hiri eredu naturalago bat» sustatzea ere. Asmo bertsua izango du erakusketak, eta, ontzi museoko kideek esan dutenez, «kontzientziaz eta ekintzaz baliatuta, bidaia eraldatzaile bat hasi nahi duten taldeentzako» izango da. Suberbiolak esan du ekintza horietan «arnasaldi bat» eman nahi diotela planetari: «Planetaren egungo egoera zein den azaldu nahi diegu bertaratzen direnei, bai eta ekintzara salto egiteko gonbita egin ere. Ausartak izan behar dugu arreta konponbideetan jartzeko».

Tailerrak, jolasak eta erakusketak ez ezik, askotariko hitzaldiek eta mahai inguruek ere hartuko dute nagusitasuna jardunaldietan, eta museoak kezkaz bizi dituen ingurumen faktoreak izango dira mintzagai. Aireaz, uraz, klimaz eta lurraz aritu dira egunotan Donostian, eta bizitzari eta ozeanoei buruz jardungo dira Ficoban. «Lehen mailako hizlariak» ari dira gai horiez azalpenak ematen, eta «zientzia, gizarte justizia eta komunikazioa» dira solasaldien ardatz. «Dudarik gabe, aukera paregabea izango da planeta krisi honetan gizarte gisa dugun zereginari buruz hausnartzeko», esan du Suberbiolak.

«Dudarik gabe, aukera paregabea izango da planeta krisi honetan gizarte gisa dugun zereginari buruz hausnartzeko».
IZASKUN SUBERBIOLA Pasai San Pedroko Mater ontzi museo ekoaktiboko zuzendaria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du halako jardunaldi bat Gipuzkoan egitea «planetaren osasunaren aldeko ekintzarako deia» dela, eta hori «mugarri garrantzitsu bat» dela iraunkortasunarekiko eta ingurumen kontzientziarekiko konpromisoan. «Aukera paregabea da herritarrak kontzientziatzeko aurrean ditugun ingurumen erronkez eta gure egunerokoan ikuspegi jasangarriagoa hartzearen garrantziaz jabetzeko», esan du foru diputatuak. «Aditu garrantzitsuek azterketa sakona egingo dute hitzaldietan eta mahai inguruetan, eta gure ingurune naturala zaindu eta babesteko ikuspegi aberasgarriak eskainiko dituzte».

Ficobaren txanda

Gaur eta bihar artean, Donostian eskainitako tailerra, jolasa eta erakusketa izango dira Ficoban, goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak bitarte. Gaur arratsaldean ingurumenak bizitzetan duen eraginaz arituko dira Aranzadi zientzia elkarteko Alberto Castro, Beatriz Diaz eta Maddi Astigarraga. Biharko saioan, berriz, ozeanoak izango dituzte hizketagai, eta klima aldaketa aztertzen duen BC3 Basque Center For Climate Change elkarteko Marta Pascualek eta Stop Ecocidios taldeko Maite Mompok hartuko dute parte.

Bi herritar Pasai San Pedroko Mater museoak antolatutako jardunaldietan, asteartean, Donostiako Easo kalean. MARKEL ELIZALDE

Ozeanoei buruzko azalpenen ondotik, hiru sari banatuko dituzte Ficoban. Hain zuzen ere, Jose Esquinas nekazaritza ingeniariari Empathy With Nature saria emango diote, lurraren kontserbazioan egindako lana balioesteko eta Rumbo al Ecocidio liburuarengatik. Nire parke gogokoena lehiaketan parte hartu duten ikasleen lana ere sarituko dute, Euskal Herriko herri eta hirietako parkeei eta lorategiei balioa emateagatik. Era berean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateari Un mar de Ciencia saria emango diote, itsasoaren zaintzaren garrantziaren alde egiteagatik.

Iganderako, jardunaldien azken egunean, itsasora irteerak antolatu ditu museoak. Lau irteera egingo dituzte denera —10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 20:00etan—, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute. Antolatzaileek zehaztu dute doakoa izango dela sarrera, baina beharrezkoa izango dela aldez aurretik izena ematea. Nolanahi ere, Materreko kideak itsasoaren egoerari begira izango dira azken ordua arte, marea bizia balego bertan behera utziko baitituzte irteerak.

EGITARAUA

GAUR

10:00-20:00. Itsas zaindari tailerra, Klima azoka jolasa eta Mundu justu bat planeta seguru batean erakusketa Irunen, Ficoban.
18:00. Ingurumenak bizitzetan duen eraginari buruzko mahai ingurua, Aranzadi zientzia elkarteko Alberto Castro, Beatriz Diaz eta Maddi Astigarragarekin, Ficoban.

LARUNBATA

10:00. Ozeanoen egoerari buruzko solasaldia, Marta Pascual eta Maite Mompo adituekin, Ficoban.
17:30. Sari banaketa, Ficoban.

IGANDEA

10:00-20:00. Lau irteera itsasora, Mater ontzi museo ekoaktiboan.