Ile apaindegira sartu eta arte galeria batekin topo egitea, edota kafe baten egarriz taberna batera jo eta bertako margolanei begira gelditzea. Gipuzkoan badira hainbat negozio, berezko erabilera izateaz gain, arte galeria gisa funtzionatzen dutenak. Goierri eskualdean, kasu baterako, Ordiziako Ortzadar elkartea, Beasaingo Aterpe taberna eta Legazpiko Juan Cruz ile apaindegia.
Juan Cruz ile apaintzaileak orain hamabost urte antolatu zuen lehen erakusketa Juan Cruz ile apaindegian, Legazpin, eta ondo gogoratzen du ordukoa. «Gorka Salmeron argazkilaria lagun mina dut, eta proiektu batekin zebilen: esan zidan nire ile apaindegia toki aproposa zela bere lana erakusteko. Horrela hasi nintzen artelanak ile apaindegian jartzen».
Izandako harrera ontzat jota, jarraipena eman zion zeregin horri. Ibilian-ibilian, ia ehun erakusketa egin ditu gaur arte. «Artista gehienak ingurukoak dira, eta, gehienetan, Gorkaren bitartez jarri izan dira nirekin harremanetan», esan du. «Baina, denborarekin, izen pixka bat ere hartu du ile apaindegiak, eta baten bat etorri izan da hona bere artelanak jartzeko proposatzera».
«Denborarekin, izen pixka bat ere hartu du ile apaindegiak, eta baten bat etorri izan da hona bere artelanak jartzeko proposatzera».
JUAN CRUZ Legazpiko Juan Cruz ile apaindegiko jabea
Orain, Mariak guapa egon nahi du izeneko argazki erakusketa dauka ikusgai. Emakume baten lepotik gorako irudia ageri da argazkietan, askotariko keinuak eginez. Maria Ruiz Pastor eta Maria Jesus Valiño Larrea dira argazkion egileak. Erakusketarako propio egindako argazkiak direla jakinarazi du ile apaintzaileak. Argazki sorta bi hilabetez zintzilik izan ondoren, Cruzek uztail hasieran aldatuko du erakusketa.
Osatua du dagoeneko urte bukaerara arteko erakusketen zerrenda, eta lotuak datorren urteko erakusketa gehienak ere. Urtean sei erakusketa egiten ditu; bakoitzak bi hilabete irauten ditu.
Abelongo hormak, Beasainen
Beasaingo Aterpe tabernan orain gutxi jarri dute ikusgai Manuel Salmeron argazkilariaren bilduma berri bat: Paredes de Abelón. Abelon herriko hainbat horma erretratatu ditu, eta erretratatutako horien lagin bat eraman Aterpeko hormen artera. «Argazkiak ez ditut egiten gero non erakutsiko ditudan pentsatzen, baina azken emaitza desberdina da ikusgai jartzen den tokiaren arabera», esan du Salmeronek. «Aterpen jarri dudana baino material gehiago daukat, baina tokia mugatua da, eta erakusketa antolatzeak ere gastua dakar».
Argazkilaria esker onez mintzo da Aterpeko Txomin Ferreira jabeak lanak erakusteko aukera emateagatik. «Ni ez naiz artista. Artista izan nahi dut, baina oraindik urruti nago. Gure lana erakusteko zer aukera dugu, taberna batean eta halakoetan jartzen ez badugu?».
Salmeronek esan du nahiago dituela tabernak, ile apaindegiak eta halako establezimenduak, arte galeria konbentzionalak baino. «Jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute», dioenez. «Arte galerietara doana propio joandako jendea da. Baina, era honetara, horren kulturazalea ez den jendearengana ere iristen gara, eta hori oso garrantzitsua da».
«Gure lana erakusteko zer aukera dugu, taberna batean eta halakoetan jartzen ez badugu?».
MANUEL SALMERON Argazkilaria
Gainera, tabernak eta ile apaindegiak «elkarrizketa sustatzen duten eremuak» direla esan du argazkilariak, eta, hain zuzen ere, horrexegatik dituela nahiago. Arte galeriak «zurrunagoak» direla dio, «arau gehiago dituztelako», eta, ondorioz, isilik behatzen direlako lanak. Aldiz, taberna edo ile apaindegiak sozializatzeko guneak ere badirela azaldu du Salmeronek, eta horrek solasaldiak izateko aukera ematen duela nabarmendu. «Azkenean, hori da artearen helburua: eztabaida piztea».
Beasaingo Aterpe tabernak 35 urte baino gehiago daramatza askotariko erakusketak antolatzen. Argazkiak eta margolanak uztartzen ditu, bereziki, nahiz eta zeramikari ere egin izan dion tokia noiz edo noiz. Artista hasiberriek eta izen handikoek zintzilikatu dituzte beren lanak bertan. Jesus Lopez Zulueta margolariak egin zuen lehen erakusketa Aterpen, eta, gerora, behin baino gehiagotan erakutsi ditu bere lanak tabernetan.