Kazetaritza ikasketak hasi zituen Izaskun Arandiak (Tolosa, 1972), baina kazetaritzarekiko ilusioa galdu, eta zinemaren mundura egin zuen jauzi. Hainbat sari jaso ditu egindako lanei esker, eta ezagun egin dira horietako asko; Bi urte, lau hilabete eta egun bat, Non dago Mikel? eta Bihar Dok 13, besteak beste. Hurrengo lana ere eskuartean du dagoeneko: Irailak 27.
Kazetaritza ikasten hasi, baina zinemara egin zenuen salto nahiko azkar. Nola gertatu zen hori?
Txiki-txikitatik kazetaritza egin nahi nuen, betidanik gustatu izan zaidalako idaztea. Altzokoa zen nire aitona, eta El Diario Vasco egunkarian idazten zituen eskualdeko kronikak. Oso liluragarria egiten zitzaidan ikustea aitona, hain kontzentratuta, bere Olivetti idazteko makina zaharrean idazten. Hortik etorri zitzaidan kazetaritzarako grina, baina Kazetaritza egiten hasi, eta desilusio handi samarra hartu nuen karrerarekin. Izan ere, nik idatzi egin nahi nuen, eta lehen hiru urteetan ez genuen ezer idatzi: ez artikulurik, ez ezer. Laugarren mailan —orduan bost urte ziren— Publizitatera pasatzea erabaki nuen, eta Publizitatean graduatu nintzen. Garai hartan ikus-entzunezkoekin loturarik handiena zuen gradua zen. Nire ama Marian Galarraga bikoizketa lanetan-eta aritzen zen orduan. Familian beti egon da zinemarekiko zaletasun handia. Behin ikasketak bukatuta, segituan hasi nintzen ekoizle-laguntzaile lanetan.
Eta ekoiztetxe propioa ere sortu zenuen gero.
Bai. IZAR Films Limited sortu nuen, Ingalaterran. Bertara joan nintzen bizitzera 2000. urtean, eta ikus-entzunezkoen hainbat enpresarentzat egin nuen lan. 2010ean edo 2011n hasi nintzen nire proiektuekin. Gidoigintzako master bat egin nuen, eta hori zen nik egin nahi nuena. Ekoiztetxea sortzea izan zen nik idatzitako gidoiak gauzatzeko modu bat. Gerora gauza konplikatu egin zen, Euskal Herrira itzulita besteentzako ekoizten hasi nintzelako eta kontua aldatu egin zelako.
Gai sozialak landu izan dituzu. Zergatik?
Familiatik jaso dut gai sozialak lantzeko grina, eta berezkoa dudan zerbait ere bada. Gai sozialei buruzko kezka dator nire inguruan zein gizartean gertatzen diren auzietatik. Iruditzen zait zinema badela tresna oso indartsu bat ahotsik ez duten pertsonei ikusgarritasun bat emateko. Istorioak kontatzeko grina ere hortik datorkit. Gizarteko gehiegikeriak-eta salatzeko tresna indartsu bat iruditzen zait zinema. Fikziozko lan batzuk egin ditut; batez ere, film laburretan. Baina lan luze guztiak, bai ekoitzi ditudanak, bai eta zuzendu dudan bakarra ere, dokumentalak izan dira. Dokumentalak badu berezko izaera soziala: indar handia du auzi horiek bistaratzeko.
«Zinema erabili dut ahotsik ez duten edo hainbesteko ikusgarritasunik ez duten istorioak plazaratzeko»
Zein zinemagile izan dituzu erreferente?
Formakuntza profesionalean, Ken Loach, Mike Leigh, Andrea Arnold, Lynne Ramsay… Gai sozialak jorratu izan dituzte, eta haiei esker konturatu nintzen zinema oso indartsua izan daitekeela halakoak bistaratzeko. Esan daiteke beti egon naizela zapalduen taldean; eta pribilegio gisa diot hori, jabetzen naiz. Zorionez, oso tresna indartsu bat dut eskura, eta nire pribilegiotik daukat aukera hori. Zinema erabili dut ahotsik ez duten edo hainbesteko ikusgarritasunik ez duten istorioak plazaratzeko, eta aukera eduki dudan bakoitzean egin dut horren aldeko apustua.
Nola aukeratzen duzu zure lanetarako gaia?
Ikusgarritasunik ez duen gai bat izatea da gakoa. IZAR Filmsetik trans komunitatearen inguruko lan dezente landu ditugu: My Way Out, adibidez, 2012an edo 2013an hasi genuen. Garai hartan ez zen hitz egiten gai horri buruz; ez zuen gaur egun duen ikusgarritasunik. Asko-asko ikasi nuen film hura egiten, eta horrek ere asebetetzen nau. Nirekin konektatzen duten gaiak izan behar dira. Garrantzi handia ematen diot, era berean, emakume zinemagileak izateari. Tartean emakume zinemagile bat baldin badago eta, gainera, hasiberria bada, gehiago interesatuko zait. Gai soziala bada eta emakume batek zuzentzen badu, nire interesa piztuko du. Horrez gain, bat etorri behar dute nire gainerako lanekin. Zera esan nahi dut: beste proiektu pare bat baldin badut tartean, ez dut beste lan bat hartuko. Une egokiak bilatzea ere garrantzitsua da mundu honetan.
Gaur egun baduzu proiekturik esku artean?
Bai. Gai kutun bat dut. Proiektu nahiko potoloa da, eta ilusioz hartzen ari naiz, baina pixka bat biluzik ere sentiarazten nau. Nire birraitona jaiotzez Burgoskoa zen, baina Tolosan pasatu zituen azken hogeitamar urteak. Tolosan egon zen 36ko gerra hasi zen arte. Jaioterrira izultzea erabaki zuen orduan, Burgosera, eta handik oso gutxira familiari deitu zioten esanez frontean hil zela. 64 urteko gizon bat zen. Beti egon da halako misterio bat birraitonaren inguruan. Pentsa: amonak inoiz ez zuen hitz egin nahi izaten bere aitari buruz.
Izaskun Arandia zinemagileak hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean zehar. 2011n Euro Film Festival jaialdian eduki sozialeko fikziozko laburmetrai onena egin izanagatik eman zioten saria, ‘If I wish really hard’ filmagatik. Irudian, Arandia, 2011n, BAFTA sarietan, Ingalaterran.
Lan hau egitearen kontua 2018an hasi zen, nire aitaren lehengusu baten bidez, hura hasi baitzen haritik tiraka. Birraitonaren hezurrak berreskuratu genituen, Gogora programari esker. Haren hilketari buruzko informazio gehiago jaso genuen prozesu horretan, baina galdera asko erantzun gabe geratu ziren. Lantzen ari naizen dokumental hau erantzunak bilatzeko saiakera bat izango da.
Eta nolakoa izango da?
Road movie moduko bat: birraitonaren jaioterrira joango gara aita eta biok, autokarabana batean. Western ukitu batzuk ere izango ditu, eta antzerkia ere izango du tartean: tresna narratibo bezala erabiliko dut hori. Nire aitak antzerki amateurra egiten du, eta bere antzerki taldetxoarekin birraitonaren azkeneko hilabeteetan gertatu ziren eszena batzuk irudikatuko ditugu. Horrez gain, dagoeneko ari gara dokumentazio lana egiten. Tolosako Udalarekin hitz egin nahi dut, eta garai hartako istorioak dakizkien jendea lokalizatzen saiatzen ari naiz, argazkiak-eta biltzeko. Beraz, jendeak 1934tik 1937ra bitarteko argazkiak eta informazioa baditu, gustura jasoko nituzke. Lagundu nahi izanez gero, jar daitezela nirekin harremanetan info@izarfilms.com helbidean.
«Esku artean dudan ‘Irailak 27’ lanak behar du gidoi eta dokumentazio lan handi-handi bat, eta horretan gabiltza»
Zer epetan egingo duzue lan?
Filmaketa 2025erako dugu aurreikusita, baina estreinaldia ez dugu egingo 2026ra arte. Lan handia hartuko du muntatzeak. Datorren irailaren amaiera aldera egin nahiko nituzke Burgosko grabaketa guztiak. Irailak 27 izena du filmak, egun horretan erail zutelako nire birraitona, eta, hain justu, aste horretan izango dira haren herriko festak. Kontraste hori bilatuko dut: festa giroa eta kontakizun tragikoa. Biak nahastea interesgarria dela iruditu zait.
Ez da lan makala izango.
Gidoi aldetik izugarrizko lana izango da, baina oso-oso pozik nago. Gainera, Europa Creativa egitasmoaren barruan, EAEko bulegoak antolatu zuen gidoi tailer batean hartu zuten proiektua. Lehen laguntza txiki bat izan zuen, eta orain, Apika ikus-entzunezko produktoreen elkartean hautatu dute; aholkularitza luzeagoa, indartsuagoa eta garrantzitsuagoa da hori. Carles Bosch da nire mentorea. Balseros dokumentala egin zuen, eta Oscar sarietarako izendatua izan zen haren lana. Pasquall Maragalli buruzko dokumentala ere zuzendu zuen Boschek. Eskarmentu handia du. Asko miresten dudan zinemagile bat da, eta harekin gidoi aholkularitza eduki ahal izatea opari bat izaten ari da. Irailak 27-k behar du gidoi eta dokumentazio lan handi-handi bat, eta horretan gabiltza.
MOTZEAN
Azkena ikusi duzun filma?
Azkena uste dut ilobarekin ikusi dudala: Lagunak, erreskatera!, euskaraz.
Zinema genero bat?
Dokumentala; eta, bestela, drama.
Zuzendari bat?
Ezin dut bakarra aukeratu. Gutxienez, bi esango dizkizut, nazioarteko bat eta bertako bat: Ken Loach eta Esti Urresola.
Zer gai lantzea gustatuko litzaizuke?
Indarkeria bikarioa.
Eta zer ez zenukeen landuko?
Ez dakit zehazki bat esaten… Nire filosofiarekin bat egiten ez duen edozein gai.