Zortzi urteko etenaren ostean, San Migel Rallysprinta automobilismo proba jokatuko dute larunbat honetan Elgoibar eta Etxebarri (Bizkaia) artean. Berezia izango da aurtengoa: ez urteetan egin gabeko lasterketa bat berreskuratuko dutelako soilik, baizik eta emakumeak arduratu direlako proba antolatzeaz, osoki. Duela urte eta erdi bat sortu zuten Emakumeak Automobilismoan elkartea, eta bertako kideak buru-belarri jardun dira lanean azken hilabeteotan, emakumeek antolatutako aurreneko automobilismo probari ezer falta ez dakion. Ostiralean itxi zuten probarako izen ematea, eta taldekideak «oso gustura» daude berreskuratutako probak izan duen harrerarekin.
Automobilismoa, oraintsu arte, beste kirol askoren gisan, ia erabat maskulinoa izan da, baina, azken urteetan emakumeen parte hartzea nabarmen handitzen ari zela ikusita, federatutako andreak batu eta Emakumeak Automobilismoan elkartea sortzea erabaki zuten duela urte eta erdi inguru. «Geure artean saretzeko helburuz sortu genuen elkartea, bagarela ikusarazteko», esan du Alazne Apalantza taldeko kide eta kopilotu errezildarrak. Berrogei bat kide batu ziren elkartean, eta, mordoxka bat zirela ikusita, aurtengo udaberrian erronka jo zieten Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko Automobilismo Federazioetatik: proba bat antolatzea. «Lasterketetan parte hartze hutsetik haratago, beste urrats bat egin eta proba baten antolakuntzaz arduratzea proposatu ziguten. Alegia, probaren zuzendaritza, komisarioak, teknikoak…, denak emakumeak izatea», dio Apalantzak. Erronka aho batez onartu zutela esan du. «Gure helburua automobilismoan ibiltzen garen emakumeoi ikusgaitasuna ematea denez, helburua lortzeko modu egokia dela iruditu zitzaigun».
Behin erronka onartuta, aztertzen hasi ziren zeintzuk diren automobilismo proba bat antolatzeko eman beharreko pausoak, eta automobil talde bat sortzea izan zen aurreneko gauza. «Oraindik Emakumeak Automobilismoan elkartea izaten jarraitzen dugu, baina burokraziak eraman gaitu automobilismo kirol klub bat sortzera: Eme taldea, hain zuzen», adierazi du Apalantzak.
«Gure helburua automobilismoan ibiltzen garen emakumeoi ikusgaitasuna ematea denez, helburua lortzeko modu egokia dela iruditu zitzaigun automobilismo proba bat antolatzea».
ALAZNE APALANTZA Eme automobilismo taldeko kidea
Zer proba antolatu nahi zuten erabakitzea izan zen hurrengo urratsa. «Bi aukera genituen: proba bat hutsetik antolatzen hastea edo lehen egiten zen proba bat berreskuratzea», esan du Maria Aranberri pilotu azpeitiarrak. Automobilismo proba bat hutsetik hastea erronka konplexuagoa izango zela iritzita, lehenago egiten zen proba berreskuratzearen alde egin zuten: «Pixka bat errealistak izanda, lasterketa berri bat hutsetik hastea, beste herri batean, beste ibilbide batekin, ez genuen oso egingarria ikusten, eta iruditu zitzaigun proba bat berreskuratzea naturalagoa eta erronka errealagoa izan zitekeela».
Hala, 2003tik 2016ra bitartean Elgoibar eta Etxebarri artean egin zuten San Migel Rallysprinta berreskuratzeko lanei ekin zieten. «Proba hori aukeratu genuen, mitikoa eta polita izateaz gain, taldeko kide batzuentzat berezia ere badelako», azaldu du Aranberrik. «Gainera, azken urteetan rallysprint bezala egin ez duten arren, Lea Artibaiko rallyaren aldi batzuetan erabili izan dute ibilbide bera, eta lasterketa hori antolatzen duen Kastinparro taldeak asko lagundu eta erraztu dizkigu lanak; burokrazia kontuei dagozkienak, batez ere».
Gorka Antxustegui eta Mirari Arruti, 2014ko San Migel Rallysprintean. AITOR DEL OLMO
Zer antolatu nahi zuten erabakita, beharrezkoa zuten dirua lortzean jarri zuten arreta. «Akaso, ematen du etxea teilatutik hastea dela, baina erronka handiena dirua lortzea izan da», jakinarazi du Apalantzak. «Garbi geneukan ez garela zorpetuko, eta, modu inteligente batean pentsatuta, hasieratik izan dugu garbi ez diogula inori kalte egin nahi. Beraz, indar handia eskaini diogu proba antolatzeko beharrezko genuen dirua lortzeari». Horretarako, hainbat eragile eta instituziorekin bildu ziren. «Antolakuntzan ari garen lehendabiziko aldia izanik, bagenuen kezka gure rola nola ikusiko zuten, baina esan beharra dugu, oro har, oso harrera ona izan dugula eta asko lagundu digutela».
«Lasterketa berri bat hutsetik hastea ez genuen oso egingarria ikusten, eta iruditu zitzaigun proba bat berreskuratzea erronka errealagoa izan zitekeela».
MARIA ARANBERRI Eme automobilismo taldeko kidea
Laguntzak eta babesleak lortzeaz gain, dirua ateratzeko bestelako egitasmoak ere gauzatu dituzte; merchandising-a atera dute, eta «zozketa solidario» bat egin. Prozesu horretan atera duten diruaren erdia Inurri elkarteari eman diote, minbizia ikertu, landu eta dibulgatzeko lana ikuspegi feministatik egiten duen elkarteari.
Lau egun falta dira lasterketaren egunerako, eta ostiralean itxi zuten parte hartzeko izena emateko epea. Parte hartzaileen kopuruarekin «oso gustura» daude Eme taldeko kideak. «Antolatzen dugun aurreneko proba izan da hau, baina jende gehiago etortzea nahi genuke», esan du Apalantzak.