«Nahikoa da», esan dute Pasaiako hainbat ikaslek. Kezka agertu dute eskualdeko lau barrutietako kale, plaza eta txokoetan «ohikoegiak» diren txakur kakekin, eta lanean ari dira egoerari irtenbide bat emateko. Herriko hiru ikastetxeetako 160 ikasle pasa Zure txakurra, zure ardura izeneko kanpainan parte hartzen ari dira. Ekainaren 11n egin zuten lehen ekintza, Pasai Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen, herria garbitzeaz gain, «kontzientziak astintzeko» asmoz. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 45 ikaslez osatutako lau taldek parte hartu zuten ekintza horretan. Batetik, mezu pedagogikoz betetako kartelak jarri zituzten Pasaiako lau barrutietako zenbait komertziotan, eta, bestetik, kaleetan topatu zituzten txakur kakak laranja koloreko esprai ez-iraunkorrez biribildu zituzten.
Ekintza horren ondoren, gaztetxoek esan zuten Pasaiako kaleetan kakak egotea «tamalgarria eta lotsagarria» dela, eta, gainera, ekintza egiten ari ziren bitartean, herritarrek ere kezka bera adierazi zieten. Haserrea «agerikoa» dela diote ikasleek. Kontatu dute «kaka asko» aurkitu dutela barruti guztietan, eta, horregatik, nabarmendu dute beharrezkoa dela «kaleak garbiago» mantentzea. Pasai Antxon aurkitu dute gorotz gehien. Kaleak «oso zikin» daudela iruditzen zaie, eta hori «lotsagarria» dela deritzote. Jabeek euren txakurrek egiten dutenari adi egon behar dutela diote gaztetxoek, haiek baitira txakurren arduradun. Lezoko Udalak ere herritarrak ohartarazi ditu arazo horretaz.
«Haurrek eta nerabeek erabiltzen dituzte gehienbat berdeguneak eta jolaserako tokiak, eta haiek pairatu behar dituzte arduratsuak ez diren jabeen ondorioak».
IKER AGIRRE Pasaiako Udaleko Partaidetza teknikaria
Pasaiako Udaleko Partaidetza teknikari Iker Agirrek dio txakur kaken inguruko eztabaida aspaldi piztu zela eskualdean. «Kezka orokorra da herri guztietan», esan du. «Haurrek eta nerabeek erabiltzen dituzte gehienbat berdeguneak eta jolaserako tokiak, eta haiek pairatu behar dituzte arduratsuak ez diren jabeen ondorioak. Bizipen horretan oinarrituta proposatu dute kanpaina hau ikasleek, zuzenean eragiten baitie aferak».
Partaidetza teknikariak nabarmendu du eskualdeko haurrek egindako eskaera batetik abiatu dutela egitasmoa, eta udalak 2002tik abian duen Eskubidean planaren barruan kokatu dutela ekainaren 11n egindako ekinbidea. Teknikariaren arabera, haurren eta nerabeen eskubideak defendatu eta babesten ditu udalaren Eskubidean planak. «Haurrak badira etorkizuneko herritarrak, baina baita gaur egungoak ere. Hori da guztiaren oinarria; haurrek hemen eta orain dute protagonismoa, eta subjektu pasibo izatetik aktibo izatera pasatu daitezen nahi dugu». Agirrek gaineratu du helduek badutela haurrengandik zer ikasi: «Batzuetan haurrek erakusten dizkigute heldu modura ikusten ez ditugun gauzak. Balioa eman behar zaio haurrek esparru askotan duten ardurari».
Haur bat txakur kaka bat espraiz borobiltzen, ekainaren 11n, Pasaian. PASAIAKO UDALA
Agirrek azaldu du abiatu duten kanpaina horrek baieztatzen duela haurrek badutela ardura eskualdean, eta hori «oso barneratuta» daukala udalak. «Horrelako ekintzek erakusten dute haurrek eta nerabeek badutela herriarekiko ardura bat, badutela zer esan eta zer egin, eta horri bide eman behar zaio, eragile aktiboak direlako jada».
Erruduna seinalatzea baino gehiago, kakak jasotzen ez dituzten jabeei ardura eskatzeko asmoa du kanpainak, herrian adinekoen artean eztabaida bat sortu nahi baitute haurrek eta nerabeek. «Ezin ditugu jabe guztiak seinalatu, denak ezin ditugu zaku berean sartu, badirelako jabe arduratsuak. Behartuta gaude elkarbizitza bati eustera. Beraz, bakoitzak berea egin dezala, nork bere aletxoa jarriz».
Gipuzkoan, programa gehiago
Pasaiako alkate Teo Alberrok, udal gobernuaren izenean, aipatu du «pozgarria» dela haurrek kanpaina honi eman dioten erantzuna. Egitasmoak «hausnarketarako eta kontzientziaziorako bide luzea» zabaldu duela uste du Alberrok, eta asko izan direla egitasmo horren harira astindu diren kontzientziak: «Bizilagunengandik mezu hori jaso dugu, eta sareetan ere mugimendu handia ikusi dugu txakurren kakaren kudeaketaren gaiarekin. Espero dugu aldaketa bat ekarriko duela gure herrian».
Ez da Gipuzkoan txakur kakak garbitzearen alde egin den lehen kanpaina. Esate baterako, Tolosan orain bi urte abiatu zuten #ZainduTolosa plana. Herritarrak txakur kakak jasotzearen garrantziaz kontzientziatzeko, kartelak jarri zituzten herriko informazio guneetan, eta eraikin publikoetako informazio paneletan, berriz, sentsibilizazio bideoak zabaldu zituzten. Antzeko programa bat egin zuten Azpeitian, 2017an: Azpeitia txukun lelopean, txakurren kakak jasotzeko eskatu zien udalak herritarrei, eta, horretarako, kartelak jarri zituzten herriko belardietan.