Donostian jarri du zita Carlos Santanak (Donostia, 1940) kazetariarekin, Atletico San Sebastian elkartean. Goizeko bederatziek jo dute erlojuan. Bertan da Santana, goizean goizetik, kirola egiten. Korrika egiteko makinan dabil, arin. Kirolzale amorratua da, baina, batez ere, igeri egitea gustatzen zaiola dio. Galderak egiteari ekin dio kazetariak, Santana korrika egiteko makinaren gainean dagoen bitartean. Getaria-Zarautz zeharkaldiaren edizio guztietan parte hartu duen igerilari bakarra da. Aurten ere ez du hutsik egingo, uztailaren 28an. 84 urte ditu, eta 52. aldiz parte hartuko du zeharkaldian.
14 urterekin hasi zinen igerian lehiatzen. Non gordetzen dituzu domina eta garaikur guztiak?
Beira arasa handi bat dut etxean, eta hor sartzen ditut domina eta garaikur asko, baina, egia esan, etxe osoan ditut sakabanatuta. Nire emaztea nazkatuta dago jada hainbeste kopa eta trofeorekin. 70 urte daramatzat igerian, pentsa. Esango nuke, hala ere, dudan adinera ondo iritsi izana dela garrantzitsuena.
Duzun adinera halako sasoiarekin iristeko, zein da sekretua?
Bizitza osasuntsu bat edukitzea. Zortea kontua ere bada. Nik ez ditut inoiz gehiegikeriak egin. Gaztetan ateratzen nintzen parrandara, baina, bestela, nahiko bizitza lasaia eraman dut. Beti oso normal jan izan dut. Hori bai, otorduetan ardoa gaseosarekin edaten dut.
Zer-nolakoa da zure eguneroko bizimodua?
07:45 inguruan esnatzen naiz beti. Ondo gosaltzen dut, eta 09:00 aldera Atletico San Sebastian kirol elkartera etortzen naiz, kirola egitera, lehiatzen hasi nintzenean euren babesa jaso bainuen. Kirola egin ondoren, 11:15 aldera etxera joaten naiz, eta erosketaren bat egitera joaten naiz nire emaztearekin. 13:30ean itzultzen gara etxera, bazkaltzera. Arratsaldean, kalera atera ohi naiz, eta, bestela, bizikletan aritzea gustatzen zait, etxean. Afaldu, berriz, 20:30 inguruan egiten dut, eta 22:30 aldera joaten naiz ohera. Bizitza lasaia daramat, baina horixe dut gustuko.
Egunero-egunero egiten duzu igeri Kontxako hondartzan…
Bai, baina neguan, tenperatura hotzak direnean, hotzegi egoten da ura eta orduan gutxi egiten dut igeri. Ohitura ez galtzeko, hondartzara joan beharrean, igerilekura joaten naiz igeri egitera, baina desberdina da.
Igerilekua ala itsasoa, zer duzu nahiago?
Itsasoa askoz ere gehiago gustatzen zait. Igerilekua, gezurra badirudi ere, gogorragoa da, flotagarritasun txikiagoa baituzu. Profesional onak diren igerilariek igerilekuetan egiten dute igeri, eta gainontzekook, profesionalak ez garenok, han eta hemen ibiltzen gara hondartzan, ahal duguna egiten.
«Denbora baldin badut eta Jaungoikoak osasuna ematen badit, jarraituko dut Getaria-Zarautz zeharkaldia egiten»
Hain zuzen, 52. aldiz aterako zara aurten Getaria-Zarautz zeharkaldia egitera. Egun gutxi falta dira; nola zaude?
Oso lasai.
Hainbeste urteren ondoren, ohitura izango da lehiaketa lasaitasunez hartzeko gakoa?
Baliteke, bai.
Zer da Getaria-Zarautz zeharkaldia zuretzat?
Kantauri itsasoko probarik garrantzitsuena, eta nire zeharkaldi faboritoa.
52 urte hauetan, inoiz pasatu zaizu burutik Getaria-Zarautz ez egitea?
Denbora baldin badut eta Jaungoikoak osasuna ematen badit, jarraituko dut. Noiz arte, ez dakit. Agian, hemendik astebetera medikuarenera joango naiz eta esango dit ezingo dudala gehiago igeri egin, baina, tira, ahal dudan dudan bitartean, jarraituko dut.
Nola oroitzen duzu zure lehen Getaria-Zarautz?
Oso jende gutxirekin. Ia parte hartzaile guztiak ezagunak ginen. Donostiako badian igerian ibiltzen ginen lau bat ero: Zarauzko kirolariren bat, neu, eta besteren bat. Orduan, hasi aurretik bagenekien proban ondo ibiliko ginen edo ez, ezagunak baikinen denak.
Eta egin dituzun edizio guztietatik, zein izan da bereziena?
50. aldia, adibidez, oso polita izan zen. Omenaldi polit bat egin zidaten. Beraz, horixe esango nuke izan dela politena. Aurten ere antolatzaileek zerbait badute prestatua. Lehengo batean deitu zidaten, eta esan sari banaketara geratzeko; sorpresaren bat omen dute niretzat.
«Munduko txoko askotako herritarrak elkartzen ditu Getaria-Zarautz zeharkaldiak, eta berezia izaten da oso»
Aurten helbururik jarri al diozu zeure buruari?
Helmugara ondo iristea. Nik betidanik esan izan dut Getaria-Zarautz zeharkaldiaren lehen aldietan hogei igerilari inguru ateratzen ginela. Orain, berriz, 3.500etik gora. Horregatik, badakit nire aurretik asko iritsiko direla, baina atzetik ere asko izaten ditut. Garrantzitsuena da osasuntsu nagoela proba egiteko.
Getaria-Zarautz zeharkaldiaz gain, beste batzuk ere egiten dituzu…
Azken bi edo hiru urtetan hiru proba egiten ditut urtean: ekainaren hasieran, Ondarroakoa egiten dut; garai honetan, Getaria-Zarautz; eta azkena izaten da iraileko bigarren asteburuko larunbatean, Donostiako badiakoa.
Eta zein maite duzu gehien?
Getaria-Zarautz zeharkaldia. Kantauri itsasoko garrantzitsuena dela esango nuke. Munduko txoko askotako herritarrak elkartzen ditu, eta berezia izaten da oso.
Baduzu ametsik?
Osasuna edukitzea, eta gaur egun dudan bizitza egin ahal izaten jarraitzea. Noizbehinka, urtean bi aldiz-edo, Mediterraneo aldera joaten gara, eta hori egiten ere jarraitu nahiko nuke.