Errenteriako Ekiherri komunitate energetikoak lehendabiziko instalazioa muntatzeko lanak egingo ditu uda honetan. Horixe jakinarazi zuen kooperatibako lehendakari Joxe Mitxelenak lehengo astean egindako agerraldian. Errenteriako Egiluze ikastetxearekin elkarlanean egingo dute instalazioa; izan ere, eskola horretako sabaian muntatuko dute 125,24 puntako kilowatt —eguzki energiarekin lotutako neurri unitatea da eta eguzki plaka batek ahalmen betean sor dezaken energia adierazten du— eta 248 eguzki plakez osatutako egitura. Beste datu bat ere eman du Mitxelenak: egitasmo horren bidez, 170 bazkide inguruk partekatu ahal izango dutela autokontsumoa. Kopuru hori zehazteko, Goiener kontsumo kooperatibak bazkideen gaur egungo elektrizitate horniduren kontsumoa aztertu du.
Bazkide kontsumitzaileen bila ari da komunitate energetikoa. Gaur-gaurkoz, 90 bazkide ditu. «Herritar askok izan duten kezka izan da noiz hasiko genuen lehenengo proiektua. Iritsi da: laster gauzatuko dugu gure lehen proiektua, eta herritarrei gonbidapena egin diegu bat egin dezaten eta bazkide kontsumitzaile bihur daitezen», esan du Mitxelenak.
Egiluze ikastetxean ezarriko duten instalazioaren argindarra herriko ia bazter guztietara helduko da. «Kaputxinoak auzoaren beheko aldea geldituko da kanpo, eta hori aintzat hartuko dugu bigarren proiektua martxan jartzen dugunean, bertako bizilagunei ere erantzuteko».
Proiektuarekin bat egin nahi dutenek Ekiherrirekin jarri beharko dira harremanetan uztailean, 600 57 92 49 telefono zenbakira deituta, edo info@ekiherri.eus helbidera idatzita.
Estalkiek, baldintza jakinak
Iazko martxoaren 27an aurkeztu zuten jendaurrean Ekiherri Energia Komunitatea, Niessen kulturgunean. Irabazi asmorik gabeko kooperatibaren helburu nagusia indarrean den eredu energetikoa eraldatzeko eragile aktibo izatea da. Aurkezpena egin zutenetik gaur arte, lehen instalazioa martxan jartzeko lanean aritu dira. Ez dute lan erraza izan, Mitxelenak aitortu duenez. Izan ere, estalkiek baldintza jakin batzuk izan behar dituzte: seiehun metro ingurukoak behar dute izan, lauak eta teilarik gabeak. Gainera, hirigunetik oso urrun ezin dira egon. Egiluze ikastetxearen sabaiak baldintza horiek guztiak betetzen ditu, eta, horrenbestez, eguzki plakak bertan jartzeko hitzarmena sinatu zuten apirilean. Ekiherriko lehendakariorde Aitziber Gartzia esker onez mintzo zaio Egiluzeri, aitortu baitu ez dela erraza izan estalki egoki bat aurkitzea.
«Laster gauzatuko dugu gure lehen proiektua, eta herritarrei gonbidapena egin diegu bat egin dezaten eta bazkide kontsumitzaile bihur daitezen».
JOXE MITXELENA Errenteriako Ekiherri komunitate energetikoko lehendakaria
«Profil oso ezberdinetako jendea» batu zaie proiektura, eta ontzat jo dute hori Ekiherriko kideek. Gartziak azaldu du proiektua martxan jartzeko egiten ari diren urratsak «ikasketa» izaten ari direla. «Ez da erraza izaten ari, ez dugulako inguruan halako esperientziarik. Gure herriak 40.000 biztanle ditu, eta antzeko esperientziak Hernanin eta Orexan ditugu». «Dena hutsetik sortu behar izan dugu: agiriak, estatutuak, barne araudia… Konplexua izan da, baina lortu dugu: lehen instalazioa egia bihurtuko dugu».
Bazkide kontsumitzaileak
Herritarrak bazkide kontsumitzaile izatera deitu ditu Gartziak, energia «optimizatzeko» jende gehiago behar baitute: «90 gara, oraingoz, eta 170 izan behar dugu instalazioak sortuko duen energia optimizatzeko». Izan ere, sortzen den energia guztia erabiltzen ez bada, ezin da metatu eta alferrik galtzen da. Gartziak jakinarazi du energia komunitatearekin bat egiteko modu desberdinak daudela. «Lantaldeetan parte har daiteke, hiru astean behin Torrekuan egiten ditugun bileretan, eta, bestela, ekonomikoki beste konpromisorik hartu ez dutenek hamar euroko ekarpena egin dezakete. Bazkide kontsumitzailearena da guretzat figurarik garrantzitsuena».
Ekiherriko kide Eusebio Lasak dioenez, proiektuarekin bat egin du iruditzen zaiolako «ezinbestekoa» dela egungo energia kontsumoaren gaineko eraldaketa bultzatu beharra. «Teoriatik praktikara pasatu behar dugu», esan du Lasak. Lehen instalazioaren muntatzea hain hurbil ikustea «pozgarria» dela dio: «Prozesu luzea pasatu dugu honaino iristeko: irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da Ekiherri, eta estatutuak egin behar izan ditugu, gutxieneko bazkide kopuru bat lortzeko, teilatu bila hasi proiektua gauzatzeko… Ez da erraza izan». Eskerrak eman dizkie Egiluze ikastetxekoei agertu duten jarrera «onagatik», horrek modua eman baitie instalazio proiektua martxan jartzeko lehen pausoak emateko.
Dena ondo bidean, irailean amaituko dituzte lanak. Iberdrolaren baimenaren zain egon beharko dute gero. «Espero dugu instalazioa 2025. urte hasierarako martxan izatea», esan du Mitxelena lehendakariak.