Felix Aizpurua (Zumaia, 1972) arraunlaria izan da hamabost urtez, eta, gaur egun, lehorretik jarraitzen du arrauna. Kirol esatari lanak egiten ditu hainbat estropadatan, bai eta igeriketa zeharkaldi, triatloi eta bestelako lehiaketetan ere. Izan ere, Aizpuruaren bi pasioak elkartzen ditu kirol esatariaren lanak: kirola eta komunikazioa. Kirolzale porrokatua izaki, atseden ere kirola eginez hartzen duela dio. Garai bateko arraunaren eta gaurkoaren artean, materialari, arropari eta elikadurari dagokionez, aldea dagoela esan du.
Arraunean izan al zen kirolarekin izan zenuen lehen kontaktua?
Arrauna, niretzat, kirola baino gehiago, jolasa edo ur gainean ibiltzeko aitzakia bat zen 6 urte inguru nituenean. Gurasoen etxea erriotik nahiko gertu zegoen garai hartan, eta udan bertan zeuden txalupak askatu, eta arraunean buelta bat ematen saiatzen ginen, ahal genuen moduan. Hori izaten zen gure jolasa. Busti egiten ginen, eta txaluparen jabearen errietaren bat edo beste ere jasotakoak gara. Arraunean hasi baino lehenago, ofizialki, esku pilotan aritu nintzen pare bat urtez. 12 urterekin hasi nintzen arraun elkartean, federatuta, eta Pasai Donibanen jokatu nuen lehen estropada. Ia 30 urte egin nituenera arte aritu nintzen arraunean.
Zein izan da zure estropadarik garrantzitsuena?
Gogoan dut 1997an Errioxan jokatutakoa. Ligak sortu gabe zeuden, eta hirugarren mailan-edo aritzen ginen, baina bandera hura irabaztea mugarri bat izan zen guretzat, maila hobetzen hasteko. Arraun elkartearentzat ere garaipen garrantzitsua izan zen, eta handik aurrera urte onak etorri ziren Zumaiako arraunarentzat.
Gaztaro osoa pasatu zenuen arraunean, hamabost urtetik gora. Zaila izan al zen kirola, eskola, lana, lagunartea eta gainerako arloak uztartzea?
Lagunartea mantendu dugu. Arraunak lotzen zaitu, baina etxean geunden, eta egunero ikusten genituen lagunak; bai gaztetan, baita helduagoak ginenean ere. Zailagoa izan zen ogibidearekin uztartzea. Fabrika batean aritu nintzen lanean urte luzez eta, batik bat, 20 urte nituenetik 30 bete arteko garai horretan egin zitzaidan zaila.
Sakrifizioa eskatzen al du?
Bai, baina zailena da kontuan hartzea hamabost bat laguneko taldea dela trainerukoa, eta horiek guztiek bat egin behar dutela entrenamenduetan eta entrenamenduetatik kanpo. Talde bateko kide zara, eta besteen menpe zaude. Besteen lanak zeurea hankaz gora jar dezake, eta alderantziz, zeureak zapuztu besteena.
Asko aldatu al da arrauna garai hartatik hona?
Bai. Materiala da aldatu diren gauzetako bat, adibidez. Karbonozko traineruak probatu nituen nik garai batean, baina arraunak egurrezkoak ziren. Arropan ere aurrerapen ikaragarria egon da, baita elikaduran ere. Kirol talde guztietan garrantzi handia du elikaduraren kontuak, eta askotan, dietista baten zerbitzua izaten dute.
Arraunlariaren profila ere aldatu al da?
Bai, nik nabaritu dut, eta arraunzale ugarik ere hala aipatzen dute: txirrindulari itxura handiagoa dute gaur egungo arraunlariek. Beti pentsatu izan da arraunlariak pertsona handia eta indartsua izan behar duela, baina azken urteotako joera pisua jaistea izan da, eta, ahal dela, indarra mantentzea. Hor sartzen dira jokoan prestakuntza fisikoa eta elikadura.
«Beti pentsatu izan da arraunlariak pertsona handia eta indartsua izan behar duela, baina azken urteotako joera pisua jaistea izan da, eta, ahal dela, indarra mantentzea».
Komunikabideek gaur egun luze eta zabal jorratzen dute arraun denboraldia, eta, teknologiari esker, kamerak itsasoraino sartu ahal dira. Nola eragin dio horrek arraunari?
Duela hogei bat urte, ligak sortzen hasi zirenean, zeresan handia izan zuen telebistak egiten zuen emankizunak. Telebistak ikusgarriagoak egin ditu estropadak, eta mesede egin dio horrek arraunari. Dena den, estropada eremuetara jende gutxiago joaten dela dioenik ere bada. Ez dakit arrazoia telebistaz ematea izango ote den, zaletasuna jaitsi egin den, edo besterik gabe, zorionez, kirol saio gehiago dauden.
Zer ematen dizu zuri kirolak? Eta zer kentzen?
Gozatzeko aukera ematen dit. Itsasoaz eta mendiaz gozatzekoa, naturaz gozatzekoa. Garai batean, lehian sartuta geundenean, neure burua gehiegi estutzen nuen, oso urduri jartzen nintzen, eta, zerbait kendu didala esan behar izanez gero, horixe aipatuko nuke. Arrauna utzi nuenean, pare bat zeharkaldi egin nituen igerian hemen inguruan, eta horri esker ezagutu nuen triatloia. Beste mundu bat ezagutu nuen orduan, niretzako berria. Beste leiho bat ireki zidan horrek: asko entrena nintekeen, gutxi edo gehiegi, baina ez nengoen inoren menpe, eta urduritasunak ez ninduen jaten.
Dietak direla, kaloriak direla, crossfit-a praktikatzeko taldeak, gimnasioak… Kirola egiteko eta ulertzeko modua ere aldatu da, ezta?
Kirola egitea modan dago, eta gizarteak barneratuta dauka. Gaur egun, triatloian parte hartu nahi duen 25 urteko gazte bati ez diote esango burutik eginda dagoela, eta niri, orain hogei urte, batek baino gehiagok esaten zidan hori. Kirol ezezaguna zen, eta parte hartzen zutenak beste mundu batekoak ziren. Goi mailakoak beste mundu batekoak dira, baina orain triatloian parte hartzeko ez da ezaugarri berezirik behar. Prestatu egin behar da, noski, baina besterik ez. Proba batean parte hartutakoan, amaitu eta etxera iristean, hauxe izaten zen beti lehenbiziko galdera: «Zer egin duzue, irabazi ala galdu?». Gaur egun, irabazteari edo galtzeari baino gehiago, beste gauza batzuei ematen zaie garrantzia: gozatzeari, lagunak egiteari, parte hartzeari…
Gaur egun Zumaiako Turismo Bulegoa dagoen lekuan zuen Felix Aizpuruaren amona Xeledonik baratzea, Gernika parkean, eta maiz joaten zen amonarenera bisitan. Irudian, Aizpurua, baratze hartan, jolasean, behera begira; amona errieta egiten ari zitzaion. HITZA
Urolako Komunikazio Taldean egiten duzu lan, komertzial gisa. Esataria izateak batzen al ditu zure bi pasioak, kirola eta komunikazioa?
Neurri batean, bai. Nire lehendabiziko esatari lanak ez zuen zerikusirik izan kirolarekin, hala ere. Kultur ekitaldi batean izan zen, ustekabean. Zumaiako Musika Bandaren ekitaldi bat ikustera joan nintzen, eta antolakuntzako kide batek eskatu zidan aurkezpena egiteko. Bost bat minutuko aurkezpena egin nuen aretoan bertan. Aurrerago hasi nintzen kirolari lotutako ekitaldietan esatari lanetan: estropadetan, Zumaiako Olagarro Eguneko kuadrillen arteko estropadetan, triatloian, igeriketa zeharkaldietan…
Kirol probaren berri emateak aurrelana egin behar izatea eskatzen al du?
Bai, eta oso garrantzitsua izaten da lan hori, gainera. Aurreko lan hori egiten ez baduzu, nabaritu egingo da egunean bertan. Aldez aurretik garbi baldin badituzu, esaterako, estropadako patroi guztien eta entrenatzaileen izenak, askoz ere hobeto. Denbora bete egin behar da, ezin da esan soilik zein izan den ziaboga azkarren egin duen taldea. Trainerua itsas zabalera joan eta inork ezer ikusten ez duenetan ere, entretenitu egin behar da entzulea. Adibidez, lehen postuan doan traineruko patroiaren izena zein den esan ondotik, anekdotaren bat konta dezakezu, edota entrenatzaileak irabazi dituen banderak zeintzuk izan diren aipa daiteke, edo zer arraun elkartetan aritutakoa den…
«Gaur egun, triatloian parte hartu nahi duen 25 urteko gazte bati ez diote esango burutik eginda dagoela, eta niri, orain hogei urte, batek baino gehiagok esaten zidan hori»
Balioa ematen al zaio kirol esatariaren lanari?
Batzuetan bai eta beste batzuetan ez, kirolaren arabera. Kirol probaren eguna iristen denean, hala ere, esatari bat edo bestea izan, asko nabaritzen da. Ez bakarrik ikuskizunaren berri emateko, baita ohar berezi bat ematea tokatuz gero edo edozein ustekabeko gertatuz gero ere. Adibidez, estropada batean eskatu zidaten ondoko herrikoak diren eta beste liga batean aritzen diren taldeen emaitzak emateko. Horrelakoetan, garrantzitsua izaten da hori esan dizunari jator erantzutea, une egokia aukeratzea eta mezua ondo ematea.
Zer probaren berri ematen sentitu zara erosoen?
Proba askotan gozatu dut. Bat aipatzekotan, Zumaiako Olagarro Eguneko estropada aipatuko nuke. Irailean egiten da, kuadrillen artekoa da, eta urte hartan atera berria zen Jon Maia Zumaiako bertsolariak Telmo Deun Arraun Elkarteari egindako abestia, Pirritx eta Porrotxek abesten dutena: «Zumaiako traineruak izena du Telmo Deun…». Arraunlarien artean ziren Jon Maia eta haren kuadrilla, eta helmugara iristen ari zirenean abestu nien. Askotan gogoratzen naiz momentu horrekin.
Badira momentu zailak ere: megafonia ekipoa txarra denean, adibidez, ez duzulako zure ahotsa entzuten. Horiek dira momentu txarrak, lanean jarraitu behar delako eta deserosoa delako.
Triatloi taldeko partaidea ere bazara. Zer lan egiten dituzu hor?
Nahiz eta orain ez dudan probetan parte hartzen, antolakuntza lanetan laguntzen saiatzen naiz, ahal dudan guztietan. Aurten, irailaren 21ean izango da Zumaiako triatloia, eta aurreratu daitezkeen lanak banatu ditugu dagoeneko. Nik badauzkat egin beharreko lauzpabost lan, eta horretan ari naiz orain. Egunean bertan, goizean goiz elkartzen gara taldeko kide guztiok, lan asko egin behar izaten delako azken egunean, aurrez guztia antolatuta izaten dugun arren. Egun horretarako boluntarioak lotzen ere saiatzen naiz aurrez.
MOTZEAN
Oporretarako tarterik hartuko al duzu?
Bai, aurten Mediterraneo aldera goaz, Peñiscolara.
Oporretan zer egitea gustatzen zaizu?Kirola egitea: igerian, bizikletan edo windsurfean aritzea, adibidez. Kirola eginez hartzen dut atseden. Pirinioetara noanean, adibidez, bizikleta eramaten dut, han inguruko herri txiki denak ikusteko.
Zer kirol gustatzen zaizu gehien? Igeriketa, arrauna eta txirrindularitza. Arraunean, traineruan baino gehiago, aulki mugikorrean aritzen naiz orain.
Urtaro bat? Udaberria.
Gustuko duzun paraje bat? Algorri [Zumaia].
Eta pelikula bat? Aupa, Etxebeste!