Aurrekoan sare sozial bidez ohartarazi zidaten hogei urte bete direla blog ikastaroa egin genuenetik. Eibartarrak posta zerrendan genbiltzan batzuek jaso genuen. Ikastaro horretatik zenbait blog abiatu ziren, eta beste batzuk urtera-edo jarri genituen martxan. Geroago beste batzuk. Horrela eratu zen lehenengo blog komunitate euskalduna.
Webgunean berrogei blog kontatu ditut, pertsonalak eta kolektiboak, asko lagata, gutxi batzuk oraindik aktibo. Musika, teknologia, komikiak, politika, argazkilaritza, literatura, janzkerak… denetatik daukagu, edo eduki dugu gure komunitatean. Ni ere bertan hasi nintzen berbak elkartzen. Hala iritsi nintzen orri hauetaraino, nork esango zidan niri 2004ko uztail hartan inon idatziko nuenik! Zalantzaz beteta, kostata zabaldu nuen bloga, eskerrak xaxatu ninduten, bultzatu eta ahaldundu! Eskerrik asko, lagunok!
Blogen furiada pasatu zen. Agregatzaileak desagertzeak ere lagundu zuen. Baina, batez ere, sare sozialen bilakaerak kontu bisualagoetara eroan du Internet erabiltzailea. Bisuala eta laburra izan behar da edukia, eta scroll egiteko modukoa; hau da, erpuruari eraginda, segundo baten, edo gutxiagoan, aukeratu edo errefusatu. Dena arin, bizkor. Eta aitortu behar dut, blogariok, oro har, luuuuuze jarduten dugula, luzeegi gaurko estandarretarako. Abarketa ederra daukagu, korritze-barra hatzarekin azkar pasatzeko gaitz.
Ez nuke esango blogak baztertzeko kontua direnik, VHS bideoak gisa. Bere funtzioa betetzen dute, prentsak bezala, edota iritzi artikuluek lez. Irakurketa patxadatsuagoa ere behar dugu, eta blogek horretarako aukera ematen digute. Ez dezagun ahantz euskal blogintza oso aktiboa zenean euskaraz hainbat gaiz berba egiteko eta irakurtzeko aukera eman zigutela, ordura arte esploratuko bako gaiak, edo gutxi erabilitakoak. Blogak euskararen arnasgunea direla esan genezake. Mundurako geneuzkan leiho estuak zabalagoak egin ziren. Edozeren gainean gure hizkuntzan geniharduen naro, eta oraindik ere badihardugu.
Ez dezagun ahantz euskal blogintza oso aktiboa zenean euskaraz hainbat gaiz berba egiteko eta irakurtzeko aukera eman zigutela, ordura arte esploratuko bako gaiak, edo gutxi erabilitakoak.
Eta zein garrantzitsua den Interneten euskaraz jardutea. Hori ere irakatsi ziguten blogek. Hala, sare sozialetan hasi ginenean Facebook euskaraz jartzea lortu genuen, baita Twitter ere. Ez da gauza bera gertatu Instagram eta TikTokekin, agian belaunaldi aldaketa sartu zelako sare horietan, eta beharbada, guk ez genuelako ganorazko transmisiorik egin, ez dakit.
Inportantea da euskaraz jardutea Interneten, bilaketak gure hizkuntzan egitea, baita gailu eta trepetxuak euskaraz konfiguratzea ere. Batzuek ez dute egiten zaila delakoan ulertzea hiztegi berezia, baina hori ikasi egiten da, listo! Ez gara kontziente edozein aparatutan euskara hautatzeak zenbat balio duen. Osakidetzako txanda eskatzeko horretan, TAO gailuetan, kutxazain automatikoetan, supermerkatuetako kutxa azkarretan… Horrelako tresna guztietan euskara aukera egonez gero, sakatu beti! Kudeatzaileei esaten ari gatzaizkie gure hautua zein den. Gailu fabrikatzaile, app garatzaile, webguneei hemen gaudela adierazten diegu, existitzen garela. Hurrengoan ere kontuan har gaitzaten, esparru gehiagotan zabaldu diezaguten aukera.
Hogei urte ez ei da ezer, baina mundua aldatu egin da. Gure hizkuntza etengabe aldarrikatzeko beharra, ostera, ez.
Hogei urteko bidea alferrik izan ez dadin, euskara hautatu!