Oi, Jaizkibel, zer hintzen eta non hago?! Txirrindularitzaz ari naiz, Donostiako Klasikoaz.
2000. urtera arte Jaizkibel (8,2 km, %5,33ko batez besteko pendiza) izan zen Donostiako Klasikoaren ibilbideko puntu nagusi eta erabakigarria. Han utzi zituzten atzean gainerako lehiakideak Marino Lejarretak eta Miguel Indurainek 1990ean, eta gero Indurain bakarrik ailegatu zen gora, beste denak baino minutu bat lehenago.
Baina 1990eko hamarkadak aurrera egin ahala ikusi zen Jaizkibel ez zela txirrindularien artean behar adinako entresakarik edo sakabanaketarik eragiteko bezain gogorra, eta 2001eko ekitalditik aurrera Jaizkibelen ondotik beste mendate batzuk tartekatzen hasi ziren antolatzaileak, laburrak baina pendiz gogorragokoak, gero eta gogorragokoak, txirrindulari indartsuenei nabarmentzeko aukera emateko.
Gaur egun Jaizkibel ez da jada borroka toki erabakigarria Donostiako Klasikoan, haren ondotik Erlaitz igotzen baitute lehenik eta gero Igeldo inguruko aldapa gogor bat: Bordako Tontorra duela urte batzuk, Murgil azken urteetan, eta aurtengo ekitalditik aurrera Pilotegi, orain arteko aldapa pikoena (azken kilometroan %17,7ko batez besteko pendiza, %26ko zatiekin). Ez dakit ziklista batzuek ez ote duten kilometro hori azkarrago igoko lasterka, bizikleta bizkar gainean hartuta, bizikleta gainean baino.
Txirrindularitzaren eboluzioak eragin du Jaizkibelen bazterketa. Prestakuntza eta elikadura hobeak, bizikleta arin eta efikazagoek, irabazi marjinal deritzenek (marginal gains) eta abarrek, arlo eta molde guztietako optimizazio zorrotzek, eragin dute lehen zailtasun eta oztopo handiak zirenak aiseago gainditzeko modukoak izatea gaur egun txirrindulari guztientzat, edo askorentzat, eta antolatzaileek zailtasun gero eta handiagoak bilatzea, ikuskizunaren mesedetan. Pilotegiren protagonismoa joera horren azken muturra da, oraingoz behintzat.
Jaizkibeldik Pilotegirako egindako bide gupidagabe horrek ziklismoaren bilakaera ez ezik gizartearena ere ilustratzen du, eta ez da positiboa erakusten duen guztia.
Pena ematen dit niri Jaizkibel Donostiako Klasikoan behiala zer izan zen eta gaur egun zer den ikusteak. Garaiak aldatu egiten dira, ezinbestekoa da eboluzionatzea, aurrera begiratu behar da eta ez atzera, nostalgiak ez du ezertarako balio… Baina ez da hori bakarrik. Donostiako Klasikoaren antolatzaileek Jaizkibeldik Pilotegirako egindako bide gupidagabe horrek ziklismoaren bilakaera ez ezik gizartearena ere ilustratzen du, eta ez da positiboa erakusten duen guztia.
Txirrindularien errendimenduari bezala, gizarteko esparru guztietako elementu guztiei ari zaie aplikatzen efikaziara eta lehiakortasunera bideratutako optimizazio gero eta zorrotzagoa, gizatasunaren ukaziorainokoa kasu askotan. Jaizkibelen gisako biktima asko eta askotarikoak uzten ditu horrek bazterrean arlo guztietan. Jaizkibel, azken batean, gizatiartasunari gupidarik gabe bizkar emateko erreparorik ez duen hazkunde kapitalista mugagabearen lekuko eta biktima ugarietako bat baino ez da, edo hala ikus daiteke behintzat, ikuspegi metaforiko agian pixka bat behartu batez.
Egokitu zaigunera moldatu beharra dago, eta badakit abuztuaren 10ean ez diodala kasu handirik egingo Jaizkibelgo igoerari, eta askoz ere ikusmin handiagoz begiratuko dietela ziklistei Pilotegiko azken kilometroko malda krudeletan, erraiak botatzen.
Baina haren urrezko garaia ezagutu dugunok ez dugu inoiz Jaizkibel ahaztuko, eta badakigu hark badituela Pilotegik inoiz ezin izango dituen indarguneak eta bertuteak.