Kantauri itsasoa, sirenen babeslekua

Kantauri itsasoa, sirenen babeslekua

Uda iritsi bezain laster gazteek, surflariek eta turistek Donostiako Zurriola hondartza hartzen dute, eta marmoken eta itsasoko olatu bortitzen artean igerian ibiltzen dira. Aurten, ordea, sirenek hartu dute itsasertza, eta Casey Larae argazkilari estatubatuarrak irudikatu egin ditu Sirenak argazki seriean. Argazkietan hainbat emakume ageri dira flotazio lerroan edo haren azpitik. Erakusketa ikusgai dago Donostiako Okendo kultur etxean, abuztuaren 23ra arte. Abuztuaren 6an, egileak bisita gidatua egingo du, gazteleraz.

Irudiek «mugimendua, indarra, lasaitasuna eta baldintza aldakorrak» dituzte ardatz, Laraek azaldu duenez. «Helburua jendea uretan egongo balitz bezala sentitzea da, eta flotazio lerroak urpeko munduaren eta lurgainekoaren artean zabaltzen duen zubia irudikatzea». Wallace Nichols doktorearen Blue Mind liburua eredutzat hartuta, argazkilariak lasaitasun sentsazioa transmititu nahi izan du uraren bitartez. «Doktoreak zioen gizakiok burmuinean estimulu lasaigarriak jasotzen ditugula itsasoa ikustean».

«Argazkien helburua flotazio lerroak urpeko munduaren eta lurgainekoaren artean zabaltzen duen zubia irudikatzea da».CASEY LARAE Argazkilaria

Helena Sanchez biolontxelo jotzaileak girotu zuen erakusketaren inaugurazioa, ekainaren 27an; jende ugari agertu zen. Uztailaren 11n Aske surfeatu, aske sentitu, aske disfrutatu eta gustora jardun dokumentala eman zuten, Emakumea* Surflari Elkartearen bidez. Erakusketa amaitu baino lehen, Laraek bisita gidatu bat egingo du, eta azalduko du argazkiak nola sortu ziren eta zein sentimendu transmititu nahi izan dituen.

‘Sirenak’ erakusketaren inaugurazioa, ekainaren 27an, Donostiako Okendo kultur etxean. HITZA

Laraek argi zeukan proiektua hasi baino lehen Donostian egongo zela ikusgai erakusketa. Proposamena bidali zuen hiriko zenbait kultur etxeetara, eta handik urtebetera jaso zuen Okendo kultur etxekoen erantzuna, proposamena onartuz. Larae Bartzelonan bizi zen garai hartan, eta aitortu du aproposa izan zela Donostiara itzultzeko aitzakia. Erakusketa 50 argazkik osatzen dute, eta Twister argazkia du gustukoena. «Gustuko ditut argazki horretako emakumeak besoak mugituz uretan sortzen dituen formak».

Zaletasun berria

2021eko urtarriletik 2022ko abuztura bitarteko lanaren emaitza da Sirenak seriea. «Betidanik izan naiz argazkilaria, eta Zurriolara etorri eta gero konturatu nintzen nire bi gauza gustukoenak nahastu nahi nituela: itsasoa eta argazkilaritza». Lanean hasi baino lehen, urpeko argazkilaritzaren inguruan ikertu, eta beste argazkilari batzuei laguntza eskatu zien Laraek. Argazki kamera bat eta uretako karkasa erosi zituen, eta horrela deskubritu zuen zaletasun berria.

Konfinamendu garaian elkartu ziren, aurrenekoz, argazkilaria eta haren lagunak Zurriolan, eta «ahizpatasun eta terapia» gisa sortu zen ekintza ohitura bihurtu zen. Lanera joan aurretik, goizeko zazpiak aldera, elkartu dira ia egunero Zurriolako kai muturrean. Kamera soinean, itsaso hotzean barrena igerian ibili dira. Nahiz eta itsaslaster bortitzek askotan ez utzi argazkiak ateratzen, egon dira baldintza txarretan uretara sartu diren egunak ere. «Sirena talde honen ahizpatasunak segurtasun nahikoa eman zigun itsasoan barrena baldintza txarretan igeri egiteko eta gehiago gozatzeko». Argazkiak ateratzeko egunik aproposenak itsasoak «laku baten forma» hartzen zuenekoak izan direla aitortu du argazkilariak. Laraerentzat, Zurriola «bigarren etxea» eta «lasaitasuna» da. «Donostiako lekurik kutunena da niretzat, eta gustuko dut, eguraldia dela-eta egunero aldatzen delako eta zu moldatu behar zarelako hondartzara».

«Sirena talde honen ahizpatasunak segurtasun nahikoa eman zigun itsasoan barrena baldintza txarretan igeri egiteko».CASEY LARAE Argazkilaria

Itsasoarekin batera, argazkietako emakumeak protagonistak dira argazki seriean. Olatu artean, itsasora sartzen edo urpean, emakume bakoitzak sentimendu desberdinak transmititzea du helburu. Laraerentzat, emakumeak «indarra eta elegantziaren» parekide dira, eta «zerbait berezia» dute. «Emakume gutxi ikusten ditugu uretako kiroletan, eta uste dut ordezkari gehiago behar dugula».

Ozeanoa, «etxea»

San Clementen (Kalifornia, AEB) jaioa da Larae, eta lotura estua du itsasoarekin. «Ozeanoa nire etxea da, eta, txikitan, surfean aritzen ez banintzen ere, beti nenbilen olatu artean jolasten edo igeri egiten. Alaitasunaren eta lasaitasunaren parekide da niretzat itsasoa». 2014an ingeleseko irakasle lana aurkitu zuen Zizurkilen, eta Donostiara etorri zen bizitzera. Orain marketin munduan dabil, baina ez du albo batera utzi etxean zuen ogibidea.

Arau sozialak, tradizioak eta natura ikertzen ditu argazkien bidez. Egunerokotasuna ardatz, entretenimendua eta sentimenduak bilatzen ditu Euskal Herriko txokoetan. Hogei urte daramatza argazki munduan, eta argazkilaritza mota desberdinekin jolastu du. AEBetan bizi zenean, ezkontzetako argazkilaria zen, eta Euskal Herrian, euskal jaiak eta eguneroko ekintzei ateratzen dizkie argazkiak.

Casey Larae argazkilariaren ‘Sirenak’ erakusketako obra bat, Donostiako Okendo kultur etxean. JON URBE / FOKU

Donostia jada bere bigarren etxea duela dio. Etorkizunean ere Euskal Herrian ikusten du bere burua, eta Bizkaia eta Iparraldea ezagutu nahi ditu. Euskal Herritik gehien miresten duena, berriz, «jendartean sortzen den komunitatea» da. «Jende ezaguna kalean agurtzea edo hitz egiten gelditzea gustuko dut». Irrikan dago argazkilaritza munduan gehiago sakondu eta gauza berriak probatzeko. «Oso eskertuta» azaldu da Sirenak argazki seriearekin lagundu dioten lagunekin.