Auzoa, dantzarako gune

Dantza

Donostia

Donostiako Egia auzoa hartuko du dantzak asteburuan. Kalera ez ezik, hainbat zentro eta tabernatara ere helduko da Dantzategia. Gaur eta bihar, zenbait dantza saio ikusteko aukera izango da auzoan.

Lau dantzari eta koreografok parte hartu dute proiektuaren sormen prozesuan: Jone San Martinek, Jacopo Godanik, Cyril Baldyk eta Josh Johnsonek. Laurak Frankfurteko (Alemania) Forsythe dantza konpainian izandako esperientziak batzen ditu; Donostian eskainiko dituzten saioetan, ordea, protagonistak beste norbaitzuk izatea nahi dute: Egia auzoa eta Dantzaz konpainiako dantzariak. Horretarako, lau koreografoak lanean aritu dira aurretik Dantzaz konpainiako kideekin, gaurtik aurrera euren lana kalean erakusteko.

Gaur, 19:00etan izango da lehen saioa, Martin Santos plazan. Bigarrena, gaur hori ere, 21:00etan eskainiko dute, Le Bukowskin. Bihar, Teresa Kalkutakoaren plazara irtengo dira 12:30ean, eta Renfeko tren geltokian emango dute azken saioa, 18:00etan.

Espazioak “heterogeneoak” direlako hautatu dituzte, eta, horrekin batera, jendearen elkargune diren lekuetara iritsi ahal izateko ere aukeratu dituzte. Horregatik jarri diote, hain justu, Auzoarekin dantzatzen izeneko azpititulua festari. “Ez dakigu zer aterako den, baina hori da prozesua erakargarri egiten duen ezaugarrietako bat: prozesua emaitzaren aurretik ezartzen da”. Hala esan dute proiektua aurkezteko orduan.

San Martinen ideia

Dantzategia proiektuak koreografien sorkuntzarako laborategia izatea du xede, koreografia lurraldearen parte izatea eta inguruari dagokion egoera eta momentura egokitzea.

Jone San Martin koreografo donostiarraren bitartez sortu zen Dantzategia abiatzeko ideia, Dantzaz konpainiarekin eta Egiako kultur etxearekin batera. Aurretik elkarlanean aritutakoak dira San Martin eta dantza konpainia; 2010ean, esaterako, koreografoak Gorputitz lana sortu zuen Dantzaz-entzat. Kukai dantza taldearen Komunikazioa-Inkomunikazioa ikuskizunean ere parte hartu du.