«Norberak aukeratu behar du zer ekarpen egin nahi dion gizarteari»

«Norberak aukeratu behar du zer ekarpen egin nahi dion gizarteari»

Aro berri bat zabaldu zuen Julen Mendoza Perezek (Errenteria, 1978) Errenteriako alkatetzara heldu zenean 2011n, Bilduko kide gisa. Bi agintaldi egin zituen, eta, batez ere, elkarbizitza arloan egin zituen urratsak izan ziren mugarri Errenteriarentzat. 2019an amaitu zuen agintaldia, eta, harrezkero, Ko-Garri gizarte berrikuntza aholkularitzan egiten du lan, «pertsonak konektatzeko inteligentzia kolektibo bat sortzeko eta egungo erronka konplexuei beste modu batean erantzuteko» asmoz.

Arrasto handia utzi duzu Errenterian. Alkatetzan zure eskutik heldu zen aldaketa 2011ko udal hauteskundeetan. Nola oroitzen duzu une hura?

Oso berezia izan zen. Gure herrian gertatutako aldaketak Euskal Herrian gertatu zen aldaketarekin bat egin zuen: ziklo politiko baten gainditzea eta beste etapa baten irekitzea. 28 urtez PSE alkatetzan egon ondoren, Bildu gobernura heltzeko aukera sortu zen. Bazen urteetako amets bat, gertatzen ez zena, eta azkenean gertatu zen. Oso gogorrak izan ziren egun haiek. Bilduren zerrendak legez kanpo utzi zituzten une batez, eta azken-azkenean legeztatu zituzten. Gogorra izan zen kanpaina bera, baita udala eratu arteko hiru asteko tartea ere, gehiengo osorik ez zegoelako eta ez genekielako zer gertatuko zen. Ilusio handiz bizi izan nuen unea izan zela oroitzen dut. Alkate kargua hartu nuen egunetik oroitzen dudana da udaletxe aurrean zegoen jendetza, eta hori ez da inoiz ahazten. Gure herriaren eraldaketa hasi zen une horretan. 

Elkarbizitza, kohesioa eta herria egitea izan zenituen lehentasun. Zeuk hasitako bide hori nola ikusten duzu gaur egun?

Aldaketa handia gertatzen ari zen; batzuentzat ez zen sinesgarria, eta beste batzuok konbentzimendu osoa genuen aldaketa horrek bultzada handia behar zuela. Herri berri bat eraikitzera gindoazen, eta horrek ezinbestekoa zuen elkarbizitzan bide berri bat zabaltzea. Uste dut indarkeria politikoaren edo gatazkaren ondorioak gero eta lausotuagoak gelditzen ari direla, eta horrek kezkatzen nau. Hemen lan handia egin zen, baina orokorrean uste dut gizarteak ez duela gai hori behar den heldutasunarekin landu, eta ez dela behar bezala itxi. Zalantzarik gabe, denok izango ditugu gertatutakoaren gaineko irakurketa desberdinak, baina gutxieneko bat beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait.

Sentitu duzu inoiz Errenteria laborategi izan zela bide horretan?

Ez nuen inoiz horrela bizi izan, baina egia da gure herrian gertatzen ari ziren gauzek atentzioa ematen zutela gure herritik kanpo. Gure helburua ez zen laborategi izatea; egin genuen guztia konbentzimendu osoz egin genuen. Gure herriak ortzi muga berri bat behar zuen, eta hori elkarrekin eraiki behar genuen.

Alkatetzara helduta, amestuko zenuen Errenteria bat. Amestu zenuen hartatik gertu da orain?

Bai, gertuago gaude. [Eduardo] Galeanok zioen bezala, utopiak ibiltzeko balio du. Guk utopia bat markatu genuen, eta ibiltzeko balio izan zigun. Norberak aukeratu behar du zer ekarpen egin nahi dion gizarteari. Elkarbizitza, komunitatea sendotzea, herri identitate bat eraikitzea eta Errenteria eraldatzea genituen guk helburu, gure herria gainbehera industrial batetik zetorrelako. Ez zen soilik fabrika batzuk itxi zituztelako; identitatean eta kulturan ere eragiten zuen, gure herriaren ikuspegian eta autoestimuan. Ortzi muga anbizioz eraikitzea genuen erronka. Horretarako, komunitate batu bat sortu behar genuen, horretan hasi ginen, eta Errenteriak bide horretan jarraitzen du gaur egun ere. Agustina zentroak zabaldu berri ditu ateak. Badago ibilbide bat gure herriaren eraldaketan sakontzen jarraitzen duena, ziurrenik 2011ren aurretik gure buruan ez zegoena, orain badagoena eta Errenteria mapan kokatzea lortu duena.

«Uste dut indarkeria politikoaren edo gatazkaren ondorioak gero eta lausotuagoak gelditzen ari direla, eta horrek kezkatzen nau»

Kostatu zen Lekuona fabrika irekitzea. Orain zer sentitzen duzu hura ikustean?

Buruhausterik handiena ekarri zigun proiektua izan zen; sufritu genuen Lekuona fabrikarekin. Aldundiarekin proiektu bat garatzeko asmoa zegoen, baina horretarako baldintzarik ez zegoela ikusita, proiektua moldatu behar izan zen, obra luzatu, eta tartean bi sute izan genituen. Ilusio piztailea izan zen proiektua, baina baita gogorra ere, energia asko kendu baitzigun. Errenteriaren eraldaketan ikono bat da Lekuona; eraikina baino gehiago, barruan gertatzen dena da ikono. Asko du garatzeko oraindik, eta etorkizunean sorpresa bat baino gehiago emango ditu. 

2019ko ekainaren 14a izan zenuen azken eguna alkate gisa. Langileek agurtu zintuzten aurrena, eta herritarren, eragileen eta oposizioko alderdiren bateko kideren baten agurra ere jaso zenuen ekitaldi batean. Nola bizi izan zenituen aitortza haiek?

Biak izan ziren oso hunkigarriak. Gogoan dut hunkitu nintzen uneetako bat biktimez hitz egin nuenekoa izan zela. Ekitaldi hura niri egindako aitortza baino gehiago, denon artean eraiki genuenaren aitortza gisa sentitu nuen; zortzi urtean gertatu zenaren argazkia izan zen hura. Langileen agurra oso hunkigarria izan zen; ziurrenik, gauzarik politenetako bat.

Zer izan zen bi agintaldi haietako zailena?

Bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko oreka mantentzea, ziurrenik. Ez da denbora kontua; ez dut uste denda zortzietan ixten duen merkatariak baino denbora gutxiago nuenik nik, baina presioa eta kezkak nirekin eramaten nituen. Familia kontziliazioaz ari naiz, zortzi urte horietan ez bainuen deskonektatu.

2011ko ekainaren 13an hartu zuen Errenteriako alkate kargua Julen Mendoza Perezek, Bilduko kide gisa, PSEk 28 urtez segidan alkatetza izan ondotik. Irudian, Mendoza, Errenterian, alkate izendatu zutenean, aginte makila esku artean duela. IKERNE ZARATE

Trebakuntza ontologikoan ari zara gaur egun. Nola heldu zinen horretara?

Alkate lanak bukatu nituenean, nire asmoa zen Pasaiara itzultzea, udal teknikari lanetara. Baina ez nuen neure burua horretan ikusten, eta bat baino gehiago etorri zitzaizkidan aholku eske. Coaching ontologikoan aritzeko beharra ikusi nuen, eta lau urte pasatxo daramatzat horretan lanean, tartean bi urteko formakuntza oso sakona eginda. Gizarte berrikuntzan ari naiz gehienbat; coaching-a adar bat da. Gizarte politiken berrikuntzan jarduten dugu, egungo erronka konplexuei beste modu batean erantzuteko. Coaching-ak asko laguntzen du horretan, inteligentzia kolektibo bat aktibatzeko pertsonak konektatzea delako gure helburua.

Erakunde publikoekin eta enpresekin egiten duzue lan?

Oraintxe bertan, Maraka eta Apitropik enpresekin batera, misioen logika bat garatzen ari gara nazioarteko aditu Mariana Mazzucatuk planteatzen duen metodologian oinarrituta. Erronkak identifikatzen ditugu, eta eragile desberdinak konektatzen ditugu, denbora jakin batean misio batzuk, helburu neurgarri eta lorgarri batzuk betetzeko. Ondoren, ko-sorkuntza prozesuak abiatzen ditugu ideia berritzaileak sortu eta helburu horietara heltzeko. Ideia berritzaileak sortu eta inteligentzia kolektiboa eraikitzeko lanean ari gara. Horrek lan egiteko moduen eraldaketa ere eskatzen du. Rob Hopkins adituak dio gure gaitzik handiena imajinazioa galdu izana dela. Irudimena garatzen saiatzen gara gu.

«Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean, baina uste dut fase bat itxi zela nire alkate ibilbidea amaitu zenean, eta orain beste fase batean nagoela»

Lasaiago bizi zara orain?

Bai. Bestelako buruhausteak ditut. Esposizio publikoa izateak badu alderdi nabarmen bat; presio handiegia egiten nion neure buruari askotan. Finean, zortzi urte egin nituen alkatetzan, baina pentsatzen nuen nire izena betiko geldituko zela hor. Orain ez dut presio hori.

Alkatetza utzi zenuenean, betiko itxi zenion atea politikari?

Ez dakit bihar zer egingo dudan, eta ezin dut halako erantzunik eman, absolutuegia da. Gustura nago une honetan bizitzen ari naizen etaparekin. Uste dut norberak jakin behar duela zer eskaini bizitzari; familia eta lagunetik harago zer ekarpen egin. Gustura sentitzen naiz egiten ari naizenarekin, pozik nago, ase, ikasten ari naiz, eta nire onena ematen. Ez dakit bihar zer gertatuko den, eta ez dakit jakin nahi dudan ere, ez naiz irmoa gauza horietan. Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean, baina uste dut fase bat amaitu zela garai hartan, eta orain beste fase batean nagoela. Nork daki; agian, bihar beste fase batean izango naiz.

MOTZEAN

Liburu bat?
Patrick Radden Keeferen No digas nada, Toti Martinez de Lezearen La Herbolera eta Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala.

Mugarria izan den une historiko bat?
2001eko irailaren 11. Munduaren logika desberdin bat markatu zuen egun horrek.

Gustura entzuten duzun musika?
Zetak eta Chill Mafia.

Zure herriko txoko berezi bat?
Arramendi; Gaztañokoa naiz.

Momentu berezi bat?
Alkatetzaren amaiera. Horrek asko lagundu dit pertsona gisa.

Gustukoen duzun jaia?

Edozein tokitan egokitzen naiz.

Gustuko duzun esaera bat?

Bi bizitza ditugu, eta bigarrena hasten da bakarra dugula konturatzen garenean.

Amets bat?

Nire bizitza bukatzean gustura egotea egindako bidearekin.