Txomin Ugaldek aurkitu zuen lehenengoz Itxuraingo tumulua, orain berrogei urte, Alkizan. Ordutik, inork ez du ikertu monumentu megalitiko hori, harik eta aurtengo udan Aranzadi zientzia elkarteko Jesus Tapiak zuzendutako taldeak induskatu duen arte. Frogatu dute harlauzaz egindako hileta ganbara zuela, eta, beraz, trikuharria zela lehenago Itxuraingoa. Alkizako ondarea aztertzeko aurkikuntza garrantzitsutzat jo du arkeologoak. Alkizako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin induskatu dute Aranzadiko kideek bederatzi metroko diametroa duen tumulua.
Indusketak egitura ondo deskribatzeko balio izan duela esan du Tapiak: «Harlauzak zutik jarri ahal izateko egindako lubakien arrastoak aurkitu ditugu. Lauza puska batzuk ere agertu dira tumuluaren gainean zabalduta, baita erdiko zuloaren barruan ere». Bi metro eta erdiko hileta ganbara horretan topatu dituzte materialak, Tapiak azaldu duenez. «Lurraren azidotasunagatik bagenekien giza arrastorik ez genuela topatuko, baina zeramika zatiak eta suharriak agertu dira ganbara barruan». Datazio zehatza egiteko, aurkitutako piezak karbono 14 teknika erabilita aztertuko dituzte, baina Aranzadiko arkeologoak esan du gisa honetako egiturak Neolitoan eratu eta Kalkolito edo Brontze Arora arte erabili izan zirela.
Kobazuloetako aztarnategiak
Jesus Altuna arkeologoak lehenago esana zuen historiaurrean ibaiek banantzen zituztela lurraldeak, eta mendiek, elkartzen. Orduan ere Oriaren arroa Akitania eta Ebro ibarren arteko pasabide nagusia izan zela uste dute ikerlariek. Hori dela eta, Tapiak dio Hernio azpiko lepoan eta magalean aurkitu diren aztarnategiek asko esan dezaketela bertako kulturen ezaugarriez eta eskualdeen arteko loturez eta harremanez.
«Lurraren azidotasunagatik, bagenekien giza arrastorik ez genuela topatuko, baina zeramika zatiak eta suharriak agertu dira ganbara barruan»
JESUS TAPIA Aranzadi zientzia elkarteko kidea
Alkizan Itxuraingoa da aire librean topatu duten aztarnategi bakarra, gainerako guztiak kobazuloak baitira. Zopite haitzean bi aurkitu dituzte —Zopite I eta Zopite II— eta iparralderago, beste hiru –Belako Arkaitza I, Belakum II eta Belakum III–. Orain arte egin diren azterketetan ikusi dute koba horietan Brontze Aroko eta Erromatar garaiko aldizkako okupazioen aztarna arruntak daudela. Bestelakoa da, ordea, 1923an Ixaka Lopez Mendizabalek aurkitutako Olatzazpiko koba, eta, ia ehun urtean ukitu gabe egon ondotik, indusketa lanak hasi dituzte bertan.
«Beste kobetan giza hezur solte batzuk aurkitu badira ere, Olatzazpikoaren atarian hilobi kolektiboa topatu dugu», esan du Tapiak. Neolito eta Kalkolito bitarteko epean kokatu du ikerlariak, K.a. 2000. eta 1500. urteen artean. «Badirudi multzokako ehorzteak kobetan eta trikuharrietan egiten zirela aldi berean. Portaera bikoitz horrentzat arrazoirik ez dugu topatu oraindik».
«Badirudi multzokako ehorzteak kobetan eta trikuharrietan egiten zirela aldi berean»
JESUS TAPIA Aranzadi zientzia elkarteko kidea
Ikerlariek Neolito eta Brontze Aro bitarteko aldaketak aztertu nahi dituzte Alkizako aztarnategien indusketarekin. «Badirudi gizarte gero eta konplexuagoak zirela Neolito eta Brontze Arokoak, eta antolaketa mankomunatu batetik gizarte desberdintasunak sortzen joan zirela. Prozesu horretan, garrantzi handia izango zuten luxuzko produktuek eta metalezko armen zirkulazioak, eta hori guztia portaera sinbolikoetan eta errituetan islatu beharko zen», esan du indusketaren arduradunak.
Olatzazpin, esate baterako, Ixaka Lopez Mendizabalek ia osorik kontserbatutako buztinezko ontzi bat aurkitu zuen kobaren barrualdean, giza hezurrekin batera. Tapiaren ustez, Gipuzkoan ezagutzen den onenetakoa da pieza hori, dekoraziorik ez badu ere, «erabat leunduta» baitago. «Portaera horrek badu zerikusia Brontze Aroan produktu garestiak toki seinalatuetan uzteko errituarekin».