Aitor Urdangarin eta Iñigo Martinez goierritarrek Bizi proiektua sortu dute, baratzetik bizi ahal izateko eta euren bokazioari bide emateko asmoz. Beasaingo Gudugarreta auzoko Saltsamendi baserriko ortuan landutako barazkiak saltzen dituzte Beasaingo, Lazkaoko eta Ataungo kontsumo taldeetan, bai eta norbanako batzuei ere. «Ezin gara kexatu», esan du Urdangarinek. «Telefonoa jo eta jo izaten dugu beti. Eskari batzuei ezetz ere esan behar izan diegu, ezin garelako dena egitera iritsi». Biak arduratzen dira baratzea zaintzeaz, produktuak jasotzeaz eta banatzeaz. Proiektuaren helburua da erakustea nekazaritzatik bizi daitekeela.
Maiatzean aurkeztu zuten Bizi, baina Urdangarinek urteak zeramatzan proiektua gauzatzeko lanetan. Industria arloan hasi zuen ibilbide profesionala, pandemia aurretik, baina aitortu du ez zuela erabat asebetetzen lan horrek. «Asteburuetan, oporretan eta jubilazioan pentsatzen aritzen nintzen; lankide guztiek beti gauza bera genuen gogoan: lanetik irten eta bizitzen hastea. Industria arloan bereizita daude lana eta bizitza, eta zera behar nuen, lana nire bizimoduarekin bat etortzea». Industria arloan lanean ari zela piztu zitzaion ekologismoarekiko grina, jasangarritasunari garrantzia ematen hasi zitzaion, eta, beraz, baserriko bizitza ulertzeko modua ere aldatu zuen. Saltsamendi baserrian jaio zen, baina, ordura arte, baserria ez zuen bizitokia besterik.
«Industria arloan bereizita daude lana eta bizitza, eta zera behar nuen, lana nire bizimoduarekin bat etortzea»
AITOR URDANGARIN Bizi proiektuko kidea
Pandemia iritsi zenean, azokak egitea galarazi zuten, nekazarien kalterako. Egoera hori iraultzeko, ekoizle talde bat sortu zuten Beasainen, eta, hain zuzen, talde hartan ezagutu zituen Urdangarinek inguruko hainbat ekoizle. Tartean zen Pili Espila, Ataungo kontsumo taldeko ekoizlea; orduan jubilatzear zen. Espilak erretiroa hartu zuenean, Urdangarin hasi zen haren baratzekoak saltzen.
Urdangarinek esan du lan zama handia zela hasierakoa, eta ohartu zen norbaiten laguntza behar zuela. Zizurkilgo Fraisoro eskolara jo zuen orduan, eta han ezagutu zuen Martinez. Industria arloan egin zuen lan hark ere, baina aitortu du ez zegoela gustura: «Erabat lotzen zaituen lan bat da industria arlokoa: nagusiaren aginduak, lan giro gaiztotua, estresa… Beti gustatu izan zait baratzeko lana, eta nire ogibide bihurtzea erabaki nuen». Lazkaokoa da Martinez, eta Lazkaomendira bidean baratze txiki bat duela kontatu du.
Iñigo Martinez eta Aitor Urdangarin Bizi proiektuko kideak, abuztuaren 29an, Beasaingo Saltsamendi baserrian. KERMAN GARRALDA
Biek nekazaritzatik bizi nahi zutela adierazi zutenean, jendeak zalantza adierazi ziela esan dute. «Orain ikusten ari gara posible dela, eta ez diogula uko egin lagunekin egoteari, asteburuetan ateratzeari… Pentsa: abuztuan bakoitzak bi aste oso pasatu ditugu oporretan», dio Urdangarinek. «Batek baino gehiagok esan dit dena utzi eta baserritik bizitzeko gogoa piztu zaiola». Hain zuzen ere, grina hori piztea da Bizi-ren asmoa.
Martinezen arabera, gazte askori arrotza zaio lehen sektorea, eta horregatik uste du gehiengoak ez duela bertakoa kontsumitzearen aldeko apustua egiten. «Ezagutzen ditugunen artean, gehiengoak, abeltzaintzara jotzen du. Fraisoron, adibidez, gutxi dira nekazaritzaren adarretik jotzen duten ikasleak».
«Orain ikusten ari gara posible dela nekazaritzatik bizitzea, eta ez diogula uko egin lagunekin egoteari, asteburuetan ateratzeari»
IÑIGO MARTINEZ Bizi proiektuko kidea
Instagramen kontu bat zabaldu dute berriki —@Bizi—. Horrek modua ematen die egiten duten lana zabaltzeko eta jende gehiagorengana iristeko. Besteak beste, euren egunerokoa, baratzean jarduteko aholkuak eta bildutako produktuak erakusten dituzte kontu horretan.
Kontserbazio nekazaritza
4.000 bat metro koadro ditu Saltsamendiko baratzeak. Aldapan dago, baina hori ez da arazoa Urdangarinentzat eta Martinezentzat. Eurek hala erabakita, makineria astunari uko egin, eta kontserbazio nekazaritza lantzen dute. Modu horretan, hainbat praktika agronomikoren bidez, nekazaritza lurrak ahalik eta gutxien higatzen dituzte, sailaren osaerari, egiturari eta biodibertsitateari ahalik eta kalte txikiena egiteko.