Datuek diote buruko gaixotasunak dituztenen artean geroz eta gehiago direla gazteak. Baina hor bada erantzuteko zaila den galdera bat. Geroz eta gehiago dira patologia horiek dituzten gazteak, edo gehiago komunikatzen dute? Maider del Rio psikologoari «zaila» egiten zaio berari ere erantzun argi bat ematea; hala ere, argi dauka «aldaketa handi bat» egon dela buru osasunari buruzko ikuskeran: «Lehen, jendea psikologoarenera joaten zen oso gaizki zegoenean, muturreko egoeretan. Orain, gazteak askoz lehenago joaten dira, eta jada ez da tabu bat laguntza psikologikoa jasotzea. Lehenengo krisialdiak sortzen direnean, laguntza eskatzen dute».
[articles:2130370]
Gazteetan, antsietate kasuak izaten dira kontsultan gehien artatzen dituztenak, eta depresio kasuak ere izaten dira. Bizitzako aldi horren zailtasunekin lotu ditu Del Riok patologia horiek: «18-30 urte artean, normalean lehen krisialdiak sortzen dira, ardura gehiago edukitzen hasten diren garai bat delako. Egokitzapenak egin behar izaten dira: ikasketa mundutik irten, eta beste gauza batzuen aurka borrokatzen hasi behar dute. Gehien ikusten ditugunak familia arazoak zein bestelako harremanetan izaten dituzten arazoak dira: bikotearekin, lagunekin…».
Hezkuntza sistemak garrantzi handia izaten du mota honetako arazoen «detekzioan», Del Rioren arabera. Azaldu du «sekulako karga» jasotzen ari direla ikastetxeak arlo horretan, buruko arazoen arta «oso azkar» aldatzen ari delako: «Geroz eta protokolo gehiago dituzte: bullying-aren aurkako eta suizidioaren prebentziorako protokoloak… Eta oso ondo dago hori, baina beharrezkoa da protokoloak errealak eta errealistak izatea». Positibotzat jo du hezkuntzan gertatzen ari den aldaketa; batez ere, mota horretako arazoei begiratzeko moduari dagokionez: «Lehen, garrantzia kentzen zitzaien arazo horiei askotan, baina orain ikuspuntua aldatzen ari da, eta geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio osasun mentalari. Nire ustez, pandemiak asko lagundu zuen aldaketa hori egiteko garaian».
Suizidioaren prebentzioari dagokionez ere aldaketa handia ikusi du psikologoak azken urteetan; batez ere, gaia ikusarazteari dagokionez: «Suizidioaz hitz egitea da prebentziorako lehen pausoa, eta orain arte ez zen ezer aipatzen hari buruz. Orain, ordea, hasi da gaia azaleratzen. Pertsona bat suizidiora heltzen da sufrimendu handia daukanean, eta sentitzen duenean sufrimendu hori betiko izango dela. Baina puntu horretara iritsi aurretik, gauza asko egin ditzakegu». Bide horretatik, psikologoak gomendio batzuk eman ditu suizidioaren prebentzioari begira: besteak beste, ingurukoen jarrera aldaketei adi egotea eta egoera zaurgarrian daudenak bakarrik sentitu daitezen eragoztea. «Horrekin batera, pertsona batek zerbait kontatzen digunean garrantzirik ez kentzea inportantea da».