Hauxe da Europako Mugikortasun Astea, eta, urtero bezala, garraio eredu jasangarriak sustatzeko askotariko ekintzak egiten ari dira Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitan. Tolosan konpromiso horrekin bat egin dute aurten ere, berritasun batekin oraingoan: bi egunez, oinezkoentzat izango dira erdiguneko Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua. Larunbatean eta igandean, Erdigunea autorik gabe egitasmoa ospatuko dute, eta ez da trafikorik izango bi kale horietan, espazioa oinezkoentzat berreskuratzeko.
Egitasmoa ez da trafikoa etetera bakarrik mugatuko. Izan ere, «espazioaz gozatzeko» kirol eta kultur jarduerak antolatu dituzte asteburu osorako herriko zenbait gunetan, hala nola saskibaloian jokatzeko kantxak, bizikletan edo patinekin trebetasuna lantzeko zirkuituak, kale antzerkiak, kontzertu bat, bigarren eskuko bizikleten azoka eta puzgarriak. Rondilla kalean, oinezkoentzako eserlekuak jarriko dituzte, eta loreontziekin atonduko dute kalea, «espazio atseginago bat» egiteko. Behin asteburua pasatuta, herriko beste gune batzuetan jarriko dituzte aste honetan jarritako elementuak.
«Haurrek gaitasun asko garatzea ahalbidetzen du Haurren Hiria programak: autonomia, taldean parte hartzeko gaitasuna, hiriaren eta udalaren gaineko ezagutza areagotzea…»
NAIARA BERASATEGI KideON ikerketa taldeko kidea
Kalean egingo dituzten jarduerez gain, izango dira bestelakoak ere. Esaterako, Haurren Hiria proiektua aztertu dute oraintsu, eta ondorioen berri eman zuten asteazkenean. Haurrek Tolosako Udalaren jardunean parte hartzeko kontseilua da Haurren Hiria, eta, programaren barruan, urtean bizpahiru aldiz biltzen dira udal ordezkariak herriko hiru ikastetxeetako 29 ikaslerekin. KideON ikerketa taldea arduratu da ikerketaz, eta ikasleen, irakasleen eta udal ordezkarien iritzia jaso dute.
Haurrek hainbat gai lantzen dituzte bilkura horietan, eta, Naiara Berasategi ikerketa taldeko kideak azaldu duenez, egitasmoak «maila askotan» eragiten ditu onurak: «Haurrek gaitasun asko garatzea ahalbidetzen du: autonomia, taldean parte hartzeko gaitasuna, hiriaren eta udalaren gaineko ezagutza areagotzea… Hori gutxi ez, eta onurak ditu ikastetxeen eta udalen jardunean ere».
Maitane Picaza eta Naiara Berasategi, KideON ikerketa taldeko kideak. AITOR ARROYO
Hain zuzen, saio horietan lantzen dituzten gaiak «baliagarriak» izaten dira ikastetxeentzat, Berasategiren arabera. Izan ere, esan du askotan bat egiten dutela ikasketa planetan jorratu asmo dituzten gaiekin, eta horrek «ekarpena egiten die». Gainera, ikerlariaren hitzetan, udalari ere «askotariko onurak» ematen dizkio programak, bertako teknikariak eta politikariak bilera horien bitartez jabetzen direlako haurren ikuspegiaren garrantziaz: «Herrian edozein politika martxan jartzeko garaian, ezinbestekoa da haurren begirada txertatzea». Horregatik, Berasategiren iritziz, «gero eta beharrezkoagoa» da ikuspegi inklusibo batez lan egitea, parte hartze prozesuak bideratzea, eta horietan haurrak ere egotea».
Berme zientifikoa
Ikerketa egiteko «metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa» erabili dituztela esan du Berasategik: «Galdetegiak erabili ditugu informazioa biltzeko, baina ahotsak ere jaso ditugu. Ikerketak helburu du jakitea zer puntu positibo izan dituen proiektuak, baita zer hutsune izan dituen ere, horietatik ikasten baitugu». Ikerlariak nabarmendu du berme zientifikoa izateak lagundu egiten duela «edozein proiektu hobetzen», eta aurrera begirako erronkak zehazten eta bideratzen.
Haurrekin «talde fokalak» egin dituzte egoera aztertzeko, eta proiektuan izan direnek adierazi dute «gustura» aritu direla parte hartzen eta sentitu dutela «ekarpen bat» egiten ziotela herriari. Berasategik dio halako egitasmoak ez direla «erabateko konponbidea», baina gerturatzen direla «politika parte hartzaileago» batera: «Ohiko joera da pentsatzea plangintzak helduen ikuspegitik bakarrik egin daitezkeela, eta sorpresa handiak hartzen ditugu haurrei hitza ematen diegunean». Izan ere, uste du haurrek proposamen «sendoak, zentzuzkoak, interesgarriak eta bideragarriak» egiten dituztela: «Bi norabidetan da onuragarria: haurrek hainbat gaitasun eskuratzen dituzte, eta udalak haien ikuspegia jasotzen du proiektuetan txertatzeko».
«Herrian edozein politika martxan jartzeko garaian, ezinbestekoa da haurren begirada txertatzea»
NAIARA BERASATEGI KideON ikerketa taldeko kidea
Ez da lehen aldia KideON ikerketa taldeak Tolosako ikastetxeetako haurrekin lan egin duena. Hain zuzen ere, aurretik egindako ikerketa bat izan zen azken honen abiapuntu. Aurreneko hartan, haurrak ikastetxera oinez joateak zer onura dituen aztertu zuten. Azterlan berak egin dituzte Euskal Herriko beste zenbait udalekin.