«Garrantzitsua da sexuaren gaia txikitatik lantzea»

«Garrantzitsua da sexuaren gaia txikitatik lantzea»

Irungo Udalak abian du gazteentzako sexu aholkularitza zerbitzua. Asexora-T izena du, eta Maialen Dorronsoro sexologoak (Albiztur, 1994) kudeatzen du, Martindozenea Gaztelekuan. Zerbitzuak errespetua eta berdintasuna ditu ardatz. Asteazkenetik ostiralera izaten da, 09:00etatik 18:00etara. Gazteek sexuaren gainean dituzten kezkak eta zalantzak argitzeaz gain, gazteekin harremana dutenekin ere egiten du lan. Irungo erdigunera lekualdatuko dute egoitza, zerbitzua herritarrentzako eskuragarriagoa izan dadin.

Zer da Asexora-T zerbitzua?

Irungo Udaleko Gazteria arlotik abiatu den sexu-aholkularitza zerbitzu bat da. Haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzua da. Gazteekin hasten gara lanean, baina haiekin kontaktuan daudenengana ere iritsi nahi dugu. Apustu indartsu bat egin du udalak. Beste herri batzuetan, beharbada, aholkularitza askoz puntualagoa izaten da. Gurean, asteazkenetik ostiralera egoten naiz ni, goizetik arratsaldera.

Zein da zerbitzuaren helburua?

Helburua da gazteei aholkularitza sexologikoa ematea, eta dituzten kezkei eta zalantzei erantzutea. Gaiaren inguruan informatzeko eta baliabideak eskaintzeko erreferentziazko puntu bat izan nahi dugu, nora jo izan dezaten. Doako baliabide bat ematen dugu, denentzat dago eskuragarri, eta konfidentziala da. Beste helburu garrantzitsu bat da, adibidez, gazteekin gaia lantzen hasten garenean, sexualitatea ikuspuntu positibo, errespetuzko eta berdintasunezko batetik lantzea, ideia horiek gizarteratzeko eta gazteak balio horien arabera hezteko.

Zer-nolako egoerak artatzen dituzue?

Zerbitzu hau oso zabala da, eta jende askorengana iristen gara, hala 8 urteko haurrengana nola gurasoengana. Horregatik, pazienteek askotariko kezkak izaten dituzte.

«Helburua da gazteei aholkularitza sexologikoa ematea, eta dituzten kezkei eta zalantzei erantzutea»

Zein izaten da, oro har, pazienteen kezka nagusia?

Adin tartearen arabera, kezkak asko aldatzen dira. Gurasoengandik jasotzen ditugun kezkak, adibidez, honako hauek izaten dira: «Nola hitz egin dezaket nire seme-alabekin sexuari buruz?», «goizegi al da halako gauzak esplikatzen hasteko?», «zein da horretarako adin egokia?». Gurasoek jakin nahi dute nola komunikatu haurrekin sexuaren gaia lantzeko garaian. Haurrekin, identitateri edota gorputzaren aldaketei buruz hitz egiten dugu gehien. Gaztelekuan dauden nerabeekin —hau da, 10 eta 14 urte bitartekoekin—, harremanak lantzeari buruz aritzen gara, bereziki: jendearekin nola hitz egin eta nola harremanetan jarri behar duten. Helduagoekin, praktikei buruz aritzen gara: lehenengo sexu aldiez eta praktika jakin batzuk egiteko moduez. Bulegoan egoteaz gain, haur txokoetan eta gaztelekuetan egoten naiz, eta online ere ematen ditut saioak.

Eta zer ezaugarri izaten dituzte pazienteek?

Askotarikoak dira. Haur txokoetan eta gaztelekuetan egoten den jendearengana askoz errazago iristen gara, badakitelako ni hemen nagoela, eta hartu-emana oso erraz egiten da. Jende horrek aurpegia jartzen dit eta ezagutzen naute. Baina gure helburua ere bada haurtxokoetatik eta gaztelekuetatik harago joatea, zerbitzua gehiago ezagutarazteko. Gurasoekin egoten gara, eta ikastetxeetara ere joaten gara formakuntzak egitera.

Zenbat pertsona pasatzen dira bulegotik?

Zaila da jakitea. Jende asko etortzen da hona egunero. Online, 30-50 eskaera jasotzen ditugu urtean. Zerbitzua berria da oraindik, askok ez naute ezagutzen, baina ikusten ari gara pixkanaka jende gehiagok idazten eta galdetzen duela. Batzuek zerbitzua jaso ondoren ere jotzen dute nigana, eta harreman eta jarraipen bat egiten dut haiekin. Gazteekin egoteaz gain, haien hezitzaileekin ere egoten naiz, eta kontsultak egiten dizkidate.

Zergatik da garrantzitsua gazteentzako sexologia zerbitzu bat?

Garrantzitsua da perspektiba aldaketa egitea. Orain arte, sexua beti izan dugu helduen gauza bat izango balitz bezala, eta horregatik sortzen dira gurasoen kezka horiek: «Noiz hasi behar dut sexualitateaz hitz egiten?». Kezka hori irauli nahi dugu. Guk esaten dugu sexu heziketa ez egitea ezinezkoa dela, mezuekin eta jarrerekin gauzak erakusten ari baikara. Sexua ulertzen badugu praktika gisa, helduen gauza bat izango litzateke soilik, baina identitatea eta emozioak txikitatik landu daitezke. Etorkizunean nahi badugu jendeak harreman osasuntsuak, adeitsuak eta errespetuzkoak izatea, eta norbera ongizate batean egotea bere gorputzarekin eta identitatearekin, garrantzitsua da gaia txikitatik lantzea.

«Sexua ulertzen badugu praktika gisa, helduen gauza bat izango litzateke soilik, baina identitatea eta emozioak txikitatik landu daitezke»

Gazteentzako zerbitzua izan arren, gurasoekin eta ingurukoekin ere egin nahi duzue lanketa, ezta?

Guretzat garrantzitsua da gazteekin eta haurrekin egunerokotasunean dauden pertsona horiek trebatzea eta haiekin gauzak lantzea. Nirekin hilabetean behin egon daitezke, baina gazte edo haur horiekin egunero egoten dira. Agente guztiak norabide berean jarri nahi ditugu. Garrantzitsua da erreferentziazko pertsona horiekin gauzak lantzea eta bidea elkarrekin egitea.

Martindozenea gaztelekutik Carlos Blanco Aginaga kultur zentrora aldatuko duzue egoitza. Zer aukera emango dizkizue gune berriak?

Gaztelekua erdigunetik nahiko urrun dago. Gaztelekura etortzen den jendearentzat ondo dago, baina etortzen ez direnentzat zailagoa da iristea. Orain arte egin dudan lana egiten jarraituko dut, baina Carlos Blanco Aginaga zentrora joateak kokaleku ezin hobean jarriko gaitu, erdigunean egongo baikara, liburutegiaren ondoan. Gazte asko egoten da hor, ikusgaitasuna askoz handiagoa izango da, eta beste zerbitzu batzuekin harremanetan egongo gara. Espero dugu egoitza berriak erraztasun gehiago ematea. Beste helburuetako bat da gazteak egoten diren tokietara joatea; haiek etorri beharrean, ni mugituko naiz haiengana.