Memoria, erbestetik etxera

Memoria, erbestetik etxera

Arrasaten Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak izeneko erakusketa eta izen bereko liburua aurkeztu zituzten irailaren 19an. Baina bertan jasotzen diren gertaerak duela 88 urte hasi ziren; 36ko gerra hasi eta erakusketako protagonistek ihes egin behar izan zutenean. Hain zuzen, gerratik ihes erbestera joan behar izan zuten haurren istorioak bildu dituzte Intxorta 1937 memoria elkarteak, BCA’1937 UK-Euskadi elkarteak eta Memory as Transgenerational Care ­—Memoria Belaunaldiarteko Zaintza Moduan— egitasmoko lantaldeak. 

Intxorta 1937 elkarteko Julia Mongek azaldu du hiru zatitan banatzen dela proiektua: «Alde batetik, erbestealdiaren testuingurua osatu du Josu Chueca historialariak. Bestalde, Monica Jatok memoriaren zaintza landu du, eta Judith Martinez Estrada artista bisualak egindako artelanekin osatu dugu ekimena». Jato Birminghamgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikerlaria da, eta memoriaren transmisioa eta zaintza lantzen du. Martinez Estradaren gurasoak, berriz, Australiara migratu zuten espainiarrak dira, eta artistak lekualdatzearen gaia lantzen du bere obretan.

«Gipuzkoan, espero baino ume gehiago identifikatzea lortu genuen: 10.500 izen-abizen dauzkagu»
JULIA MONGE Intxorta 1937 elkarteko kidea

«Duela bost urte egin genuen ekitaldi batean, gerrako haurra izandako gizon bat etorri zitzaigun, erbesteratu behar izan zuten umeen gaia alde batera utzita geneukala esanez. Konturatu ginen egia zela, eta gaiari heldu genion», azaldu du Mongek. Debagoienean ikerketa bat egiten hasi ziren elkarteko kideak. «Beste elkarte memorialista bat hasi zen gerrako umeak elkarrizketatzen 1986an, eta elkarrizketa horiek lortu genituen. Hala ere, horrez gain, artxibo askotan ibili gara informazioa biltzen: Espainiako guztietan, Katalunian eta Frantziako departamentuetako artxiboetan». Baina ohartu ziren «material asko» zegoela, eta Gipuzkoako Aldundian herrialdeko proiektu bat aurkeztu zuten, ikerketa zabalago bat egiteko. «Espero genuen baino ume gehiago identifikatzea lortu genuen: 10.500 izen-abizen dauzkagu Gipuzkoan. Iaz omenaldi handi bat egin genien Donostiako Kursaalean, eta gerrako ume izandako ehun pertsona biltzea lortu genuen».

Proiektuarekin buru-belarri zebiltzala elkartu ziren Jato eta Martinez Estradarekin. Bi horiek Manchesterko Unibertsitatean (Erresuma Batua) erakusketa bat egitekoak ziren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik Erresuma Batura joan ziren umeen bizipenak bilduta. «Erresuma Batuan joan ziren haurrak soilik kontuan hartzen zituztenez, proiektu txikiagoa zen, baina erabaki genuen indarrak batu eta zerbait handiagoa egitea. Horretan genbiltzala, konturatu ginen guk memoriaren transmisioan aspalditik egiten dugun lana teorizatzen zutela haiek. Elkarlan horren fruitua dira erakusketa eta liburu hau», esan du Mongek.

Josetxu Riviere.

«Erbesteratutako umea izan nintzen, baina ez nuen itsasontzian bidaiatu, nire amaren sabelean baizik»

Josetxu Riviere, irailaren 19an, Arrasaten, erakusketaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA

 

Ursitina Andres Zamorakoa (Espainia) zen jaiotzez, baina Euskal Herrira etorri zen 3 urterekin. Bergaran eta Gasteizen bizi ondoren, Arrasatera iritsi zen, eta bertan Jose Riviere arrasatearrarekin ezkondu zen. Sozialista zen Riviere, eta 1934ko urriko iraultzan parte hartu zuen. Jose Antonio Primo de Rivera Espainiako diktadorea fusilatu zuten egun berean ezkondu ziren, hain zuzen ere: 1936ko azaroaren 20an. Urtebete beranduago jaio zen Josetxu Riviere, bien semea. Baina ez Arrasaten; Terrassan (Herrialde Katalanak) baizik. «Erbesteratutako umea izan nintzen, baina nire amaren sabelean bidaiatu nuen, ez itsasontzian», dio Rivierek. Tropa faxistek Arrasate hartu zutenean, Frantziako Estatuko hegoaldetik ihes egin zuen Riviereren amak, ahizparekin, haurdun zegoela. Handik, Bartzelonara joan ziren.«Gerraren erdian jaio nintzen: 1937an. Gero Bilbora etorri zen ama, gerra bukatzear zela, eta bertan bataiatu ninduten. Azkenean, Arrasatera bueltatu zen, aitarekin». Orduz geroztik, Arrasaten bertan bizi izan da familia osoa, eta bertan jarraitzen du Rivierek gaur egun ere.

Ursitina Andres, Josetxu Riviere eskuetan duela. JOSETXU RIVIERE

Jesus Orbea Gallastegi eta Begoña Ariznabarreta Orbea.

«Erbestetik bueltatu zirenean ezagutu zuten anai-arrebek Jesus, jada hilabete batzuetako haurra zela»

Jesus Orbea Gallastegi eta Begoña Ariznabarreta Orbea, irailaren 19an, Arrasateko Kulturaten, erakusketaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA

Osaba-ilobak dira Jesus Orbea Gallastegi eta Begoña Ariznabarreta Orbea. Soraluzen jaio ziren: 1938an aurrena eta 1953an bigarrena. Gerrako umeen memoriaren eroaleak dira. Orbearen zazpi anai-arrebek eta amak egin zuten ihes gerratik, aita jaioterrian, Soraluzen, utzita. Ariznabarretaren ama izan zen ihes egin zuten neskato horietako bat. Biek zaindu eta zabaldu dute familiakoen memoria. «Soraluzetik Bilbora joan ziren, eta bertan banatu zen familia: lau mutilak Belgikara bidali zituzten. Ama, berriz, Antoni, Bitori eta Rosario ahizpak hartuta Santanderrera [Espainia] joan zen bi hilabeterako, eta gero, Saint-Etiennera egin zuten ihes, Frantziara», dio Ariznabarretak. 1937an, ordea, amari deitu zioten aita gaixorik zegoela esateko, eta neskato txikiena hartuta bueltatu zen Soraluzera. «Beste bi ahizpak Frantzian geratu ziren, gerran gertatu ohi ziren sexu erasoen beldur zirelako».

Frantzian Olerondik irten eta gero, iritsiera Oostduinkerkera, 1937an, Flandrian. Argazkian daude Orbea Gallastegi anaiak. Ezkerretik hasita bigarren ilaran lehena Tomas da, gero Angel dago, eta gero Esteban eta Hilario. INTXORTA 1937

Ama etxera bueltatu eta hilabete batzuetara jaio zen Jesus Orbea, 1938an, eta gerra bukatu ahala joan ziren neba-arreba guztiak etxera bueltatuz. «Pobrezia asko zegoen gerraostean, baina familia pozik zegoen, guztiak berriro onik elkartu zirelako. Erbestetik bueltatu zirenean ezagutu zuten anai-arrebek Jesus, jada hilabete batzuetako haurra zela», esan du Ariznabarretak. Hala ere, anaietako batzuk Belgikara bueltatu ziren urte batzuk beranduago, Jesus Orbeak esan duenez: «Hilario, Esteban, Angel eta Tomas bidali zituzten Belgikara umeak zirela, eta azken biak berriro bueltatu ziren hara 20 urterekin, Espainiako soldaduska egin behar ez izateko». Umetan Belgikako familiarekin harreman estua egin zuten bi anaiek, eta haien etxera bueltatu ziren. «Soldaduskara ez joateko, Bidasoa igeri zeharkatu zuten, eta Belgikako familiako aita etorri zitzaien Hendaiaraino [Lapurdi] bila», azaldu du Orbeak. Bi anaiek bizimodua aurkitu zuten Belgikan, eta bertan geratu ziren. «Aurten hil da bizirik zegoen azken anaia, 96 urterekin. Iazko udan joan nintzen Bruselara bisitan», adierazi du Orbeak. Biek tentuz zaintzen dute orain familiaren memoria.