Bihar ospatuko dute Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia, Azpeitian, Izpiz izpi lelopean eta eguzki lorea ikur gisa hartuta. Festa egunerako gutxi falta den honetan, egunaren antolaketako kideak «erruz» eta «ilusioz» aritu dira lanean: muntaketakoak, trafikokoak, jasangarritasunekoak, gastronomiakoak, ekitaldietakoak, hezkidetzakoak, komunikaziokoak… Lau gune prestatuko dituzte festa egunerako: Azpeitiko plazan, Esklabetan, Ikasberri ikastolan eta Loiola auzoan.
Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibak hartu zuen aurtengo Kilometroak antolatzeko lekukoa, iazko udazkenean, eta festa egunaren antolaketarekin hasi aurretik, hainbat oinarri finkatu zituzten. Azpeitiko ikastolako kideek «Kilometroak jaia beste era batera» egiteko ahaleginari heltzea erabaki zuten. «Kilometroen urtea harremanak egiteko, elkarlanerako eta komunitatea aktibatzeko urtea izatea nahi genuen, besteak beste. Hala, Kilometroen eguneko jaiari beste dimentsio bat ematea erabaki genuen, txikiagoa», esan du Gorka Artola aurtengo Kilometroak jaiaren koordinatzaileak. «Urte guztian ere, inor ito gabe, baina jendearen barrenean eragiten saiatu gara egin ditugun ekintza guztietan».
Hainbat ikasle, Kilometroen harira antolatutako Ikasle Topaketetan, apirilaren 19an, Azpeitian. AITZIBER BESGA
Ikasberri ikastolako kideek hiru ardatzen gainean antolatu dute Gipuzkoako ikastolen aurtengo jaia: euskara, kulturartekotasuna, eta aniztasuna eta herrigintza. Ikastolako gurasoekin egindako «kafe tertulia» batean erabaki zituzten ardatz horiek. Hala gogoratu du prozesuaren hasiera Artolak. «Andoni Garaizar zenak bideratu zuen kafe tertulia hura, eta hark argitu zigun bidea ardatzak erabakitzeko orduan». Azpeitiko ikastolako Artezkaritzako kidea eta gurasoa zen Garaizar, eta azaroan hil zen, Kilometroen aurkezpenaren aurretik, moto istripu batean.
Ardatz horiek oinarri hartuta, hainbat ekintza egin dituzte otsailetik hona Kultur Izpiak egitasmoaren barruan, Euskal Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean: besteak beste, UEMA, Zaparraie euskara taldea, Lagun Onak mendi bazkuna, Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz kooperatiba, BERRIA, Guka, Azpeitiko Udala, hainbat jatorritako azpeitiarrak, Emakumeen Txokoa, Erniarraitz bertsozale elkartea, Errigora eta Agerraldia, Tuterako (Nafarroa) Argia ikastola, Lizarra (Nafarroa) ikastola, Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola, Garena elkartea, Oiongo (Araba) San Bizente ikastola, Getxoko (Bizkaia) San Nikolas ikastola, Zangozako (Nafarroa) ikastola eta Baionako Bernat Etxepare lizeoa.
Ardatzak landuz
«Azpeitia eta haren ingurunea arnasgunea dira euskararentzat, ia erabat erabiltzen dugulako eguneroko harremanetan». Horiek izan dira Kilometroen antolaketa urtean oinarri izan dituzten hiru ardatzak, Artolak esan duenez. Hala ere, Kilometroen koordinatzailearen hitzetan, hori ez da ohikoena Euskal Herrian: «Uste dugu gure ikasle guztiek eurekin eraman behar dutela euskara, unibertsitatera, lan mundura eta toki guztietara». Hori dela eta, apirilean, UEMAk eta Azpeitiko Zaparraie euskara taldeak Ikasle Topaketak antolatu zituzten Azpeitian, Euskal Herriko bost ikastolatako DBHko eta Batxilergoko berrehun bat ikaslerekin. Topaketan, besteak beste, Euskararen egoera gaur hitzaldia eman zuen Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa teknikariak, eta, hainbat jolasen bitartez, ikasleek elkar ezagutzeko edota elkarri esperientziak kontatzeko aukera izan zuten. Ondoren, topaketen balorazioa egiteko eskatu zieten ikasleei, eta ontzat jo zuten egun hartan bizitakoa.
Kilometroen antolatzaileek Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute oinez, Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunarekin batera. Joan den otsailean abiatu zuten egitasmoa, Tuteran, eta ez zaie askorik falta Azpeitirainoko ibilbidea osatzeko. Bederatzigarren eta azken etapa urriaren 19an egingo dute, Beasaindik Azpeitira artekoa, 27 kilometrokoa. Bidean, etapaz etapa, Nafarroako Erriberatik Gipuzkoako Urola Kostarako bidean dauden askotariko egoeren berri izan dituzte, «naturaz gozatuz» eta «euskararen aldeko eragileekin eta norbanakoekin harremanak sendotuz».
«Urte guztian ere, inor ito gabe, baina jendearen barrenean eragiten saiatu gara egin ditugun ekintza guztietan»
GORKA ARTOLA Aurtengo KIlometroak jaiaren koordinatzailea
Artolak esan du antolatzaileek kulturartekotasunean ere sakondu dutela urte honetan, eta horren aldarria egin nahi dutela biharko jaian. «Azpeitian kultur eta jatorri desberdineko jendea bizi garela aldarrikatu nahi dugu, eta, gainera, haiekin egin nahi dugula bidea, non gauden ahaztu gabe, eta euskaraz, baina inor bidean utzi gabe, elkarri entzunez eta elkarrekiko errespetua landuz».
Aniztasuna ere izango dute aldarri. «Ezberdinon arteko harremanak aitortu eta sustatu nahi ditugu. Denontzako gizarte bat nahi dugu, denok elkarrekin eta eroso biziko garena». Ardatz horiek herrian txertatzeko, Aniztasun izpiak, Kilometroak Txikia eguna ospatu zuten apirilaren 27an. Egun osoko egitaraua prestatu zuten, eta Azpeitian bizi diren hainbat kultur komunitatetako kideek parte hartu zuten. Arratsalde hartan, gainera, inklusioaren aldeko Krostadarra lasterketa herrikoia egin zuten.
Herritik, herriarentzat
Bateko eta besteko eragileak batu dira Kilometroak direla-eta egin dituzten ekintzetara, eta Artolak adierazi du ekintza guztiak herriarentzat sortuak izan direla: «Nabarmendu nahi dugu herritik eraikitako ikastola bat garela, eta, herriko eragile garen heinean, herriko beste eragileekin batera egin nahi dugula herri hobe bateranzko bidea». Gaineratu du Azpeitian «auzolanerako ohitura handia» dagoela, «herri aktiboa» delako. «Horren adibide da Kilometroetako kantua Azpeitiko Skapaie elektrotxarangak egin izana eta Dinamoa sormen gunean grabatu izana, Kulturaz-en laguntzarekin. Gainera, bideoklipa herritarren parte hartzearekin osatu da».
Dena prest dute biharko jai handirako. Mila boluntario inguru arituko dira lanean eguneko jarduera guztiak ondo atera daitezen. Koordinatzaileak aurreratu du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituztela. «Euskara, aniztasuna eta auzolana. Kilometroen hiru ardatzetan eredu ditugu haiek, eta halaxe adieraziko diegu igandeko jai handian».
Skapaie Elektrotxaranga eta Azpeitiko Ikasberri ikastolako ikasleak, ‘Izpiz izpi’ aurtengo Kilometroetako kantuaren bideoklipa grabatzen, maiatzean, Izarraizko Atea parkean. AITZIBER BESGA
Denentzako moduko jaia antolatu dutela dio Artolak, eta, horrenbestez, Azpeitira agertzeko deia egin dio jendeari. «Jolasak, kontzertuak, kale antzerkia, zirkua, jan-edanerako postuak, puzgarriak, herri kirolak, magia ikuskizunak, yoga, judoa, tailerrak… izango dira».
EGITARAUA
1. GUNEA: HERRIKO PLAZA
10:00-13:00. Erronka.
11:00. Bertso saioa.
11:30. Herri kirolak.
13:00. Muxikoak.
13:30-14:30. Erronka.
14:30. Imuntzo eta Beloki.
16:00. La Basu.
2. GUNEA: ESKLABAK
11:00. Karaokea.
12:30. Iagomago eta Julen magoa.
13:30. Skate erakustaldia.
14:30-15:30. Deñe.
15:30-17:00. Go!azeneko kideen ikuskizuna.
Egunean zehar: bizikleta zirkuitua eta puzgarriak.
3. GUNEA: IKASTOLA
10:00. Irekiera ekitaldia.
11:00. Skapaie elektrotxaranga.
12:00. Troia kale antzerkia.
13:00. Leherkaitz.
14:30. Ukabil.
16:30. Tapia eta Leturia.
18:00. Janus Lester.
4. GUNEA: LOIOLA
11:00. Erronka.
12:30. Ro.
14:00. Eraldatzen.
15:00. Trini Fox.
16:30. Urtz.
Egunean zehar: artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira.
Egitaraua, osorik, Kilometroak.eus-en.