Ontzigintza, zurezko artxibo batean

Ontzigintza, zurezko artxibo batean

Duela ehun urte eraiki zen Gipuzkoa ontzia. Hala ere, paperek diote datorren urtarrilean beteko duela mendea; San Sebastian egunean, hain zuzen ere, urtarrilaren 20an. Izan ere, Gipuzkoa izenez bataiatu zuten salbamendu ontzi hori 1924an eraiki zuten, baina 1925eko San Sebastian egunean inauguratu zuten modu ofizialean, Donostian. Han bertan sortu zuten, eta nazioartean mugarri bat ezarri zuen. Ehun urtean ibilbide eta erabilera asko izan ondoren, Pasaiako Nabalaldea industrialdeko biltegi batean dago gordeta, beste dozenaka ontzirekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Itsas Museoak 30 urtetik gora daramate modu tradizionalean egindako egurrezko azken ontziak bildu, eraberritu eta gordetzen.

«Ezaugarri berezi batzuk ditu Gipuzkoa ontziak, garai hartako beste itsasontziek ez zauzkatenak», adierazi du Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak. «Dozenaka batzuk pasatu behar izan ziren gainontzeko lekuetan mekanismo horiek erabiltzen hasi ziren arte». Esaterako, bi motor ditu erreskate ontziak —garai hartan, bakarra eduki ohi zuten—. Lema sistema ere berezia da, Alberdik azaldu duenez: «Beste ontziei kroskoaren [itsasontzi baten barruko egitura, ontzia ur gainean mantentzen duena] kanpoaldean gehitzen zitzaion lema. Gipuzkoa-ri, ordea, barrualdean sartu zioten; kroskoan tunel bat eginda dauka, eta tunel horren barruan daude lema eta elizeak. Horiek itsasora salto egin gabe garbitu daitezke, tunelaren atea barrutik zabalduta».

Gipuzkoa ontzia, Donostian, inauguratu zen egunean, 1925eko urtarrilaren 20an. EUSKAL ITSAS MUSEOA

Gipuzkoa sorospen ontzia zen arren, beste jabe batek erosi eta yate erako ontzi gisa erabili zuen bere azken urteetan. «Estalkia erabat aldatu zioten, motorraren kaxa kendu, yateek edukitzen duten etxolatxoa eraiki zioten…», esan du Alberdik. Nabalaldeko biltegira eraman zutenetik, ontzia eraberritu eta hasierako itxurara bueltatu dute, Gipuzkoa ontziaren beraren inaugurazioko argazki batzuetan oinarrituta.

Gipuzkoa itsasontzia, Pasaiako Nabalaldea biltegian, jaso zuten bezala, yate itxura hartuta. EUSKAL ITSAS MUSEOA

Pasaian lan handia egin dute azken urteetan itsasontziak bildu eta leheneratzen. Izan ere, ontziak leku ezberdinetatik heldu izan dira biltegira, eta gehienak, egoera kaskarrean, ontzi tradizionalen mantentze lanak egiteko ontziolarik ez dagoelako. «Itsasontziak jaso zirenean, ez zeuden egoera onean. Ontzigile tradizionalik ez dagoenez, jendeak ezin izaten ditu konpondu. Egurrezkoak mantendu zituzten mantendu ezin ziren arte, eta gero aldundiari eman zizkioten. Beste batzuei jatorrizko ezaugarriak aldatu zizkieten. Hori da Gipuzkoa ontziaren kasua». Euskal Itsas Museoak ere urteetan egin du ontzi horiek bildu eta konpontzeko lana. «Gehienak Gipuzkoakoak dira, eta, besteen artean, badaude Bizkaitik eta Lapurditik ekarritakoak».

Hainbat ontzi, Nabalaldeko biltegian, joan den uztaileko irudi batean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Izan ere, Euskal Herrian jadanik ez dago itsasontzi tradizionalak eraikitzen dituen ontziolarik. Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egiten dituzte halako ontziak, baina ez negozio gisa. Alberdik esan duenez, «Espainian badaude egurrezko ontziteria tradizional bat mantentzen saiatu diren lekuak; Galizian, esaterako. Eta egurrezko ontziak daudenez, badaude horiek konpontzeko ontziola tradizionalak. Hala ere, galduz doan kontu bat da».

Egurrezko jakinduria

Pasaiako biltegian dauden ontzi gehienak XX. mendekoak dira, eta ontzigintzan jada galduta dagoen tradizio bat erakusten dute. XX. mendearen hasieran, ontzioletan aparatu elektrikoak erabiltzen hasi ziren, baina oraindik ontzigintza tradizionalari eusten zioten. «Itsasontziak betiko moduan josi eta muntatzen zituzten, baina, adibidez, zuloak egiteko daratulua eta halako tresnak erabiltzen hasi ziren. Horrek esan nahi du gailu elektrikoak euritik babesteko aterpe bat behar dutela ontziolek, ordura arte teilaturik ez zuten arren. Beraz, ontziolak ere aldatuz joan ziren aparatu horiek erabiltzen hastearekin batera». Hori da, esaterako, Orioko Mutiozabal ontziolaren kasua.

«Ontzigileak, azkenean, arotzak dira, baina arotz bereziak: egur okerrekin lan egiten dute»
XABIER ALBERDI Euskal Itsas Museoko zuzendaria

«Ontzigileak, azkenean, arotzak dira, baina arotz bereziak: egur okerrekin lan egiten dute. Etxe bateko bigak egiteko, egur zuzenak erabiltzen dira, baina ontzien formetarako egur okerrak behar dira», esan du Euskal Itsas Museoko zuzendariak. «Bestalde, jakin behar dute ontzi bat eraikitzen eta diseinatzen. Ontziak planorik gabe eraiki zituzten mendeetan, proportzio sistema bat erabilita, XVIII. mendera arte». XVIII. mendetik aurrera sortu zen itsasontzien ingeniaritza hori, baina gerrako ontziak egiteko erabiltzen zen, gehienbat. Arrantzarako, modu tradizionalean eraikitzen jarraitu zuten. «Bi mundu horiek elkarrekin bizi izan ziren XX. mende amaierara arte», azaldu du Alberdik. «Nabalaldean dagoen bildumako itsasontzi gehienak modu tradizionalean egindako ontzien azken ordezkariak dira».

Gipuzkoa itsasontzia, leheneratuta, Pasaiako biltegian. EUSKAL ITSAS MUSEOA

Nabalaldeko biltegian, Gipuzkoa itsasontziaz gain, bestelako altxorrak ere aurkitu daitezke. Besteak beste, Calderon ontzia. Pasaiako portuan aritzen zen Pilot erako itsasontzi hori. Hau da: itsasontzi horretako pilotuaren lana merkataritza ontzi handiei portura sartzen laguntzea zen. «Pasaiako portuko pilotua joaten zen ontzi hartan. Bertan joaten zen merkataritza ontzi handietaraino, horien lema hartu eta portuan modu egokian sartzeko», esan du Alberdik. Urte askoan, traineru bat erabiltzen zuen horretarako, arraun bidezkoa. Calderon ontzia, ordea, mota horretako lehen ontzi motorduna izan zen. «Euskal ondareari dagokionez, aurrekari bat da. 1939an eraiki zuten».

Calderon ontzia, Nabalaldean, bildu zuten bezala. EUSKAL ITSAS MUSEOA

Horrez gain, badaude dozena bat batel txiki, Gipuzkoatik ez ezik Bizkaitik eta Lapurditik ere ekarritakoak. «Leku bakoitzeko batelek ezaugarri propioak dituzte. Leku batean edo bestean sortutako ontziak ez dira berdinak. Ontzigile bakoitzak bere estiloa zuen: batzuek popa zabalagoa egiten zioten, beste batzuek zorrotzagoa… Bezeroak nahi zuen ontzi motaren arabera, ontzigile batera edo bestera jotzen zuen», azaldu du Euskal Itsas Museoko zuzendariak. Horrez gain, esan du enkargua egiten zuen bezeroaren neurrira eraikitzen zutela batela ontzigile batzuek, haren altueraren edo besoen neurriaren arabera. «Traje baten gisa egiten zituzten itsasontziak: neurrira».

Alberdiren hitzetan, ondare «materiala eta immateriala» dira Nabalaldean bildutako ontziak; ontzigintza tradizionalaren inguruko jakintzaren materializazioa. «Jakintza horren zurezko artxibo bat da. Mendeetan Euskal Herrian garatu diren ontzigintzarako soluzioak daude itsasontzi horietan, inon bildu gabe eta idatzi gabe daudenak». Egurrezko artxiboan dago mendeetako jakintza.