Sentipenekin gozatzeko, zabaldu atea

Sentipenekin gozatzeko, zabaldu atea

Zumaian ireki duten ihes gela berriak plazerari buruzko gogoeta egitea du xede. Herri horretako Bonbillobekoa kaleko 6. zenbakiaren alboan dago ihes gela. PLAZerA izena jarri diote, eta plazera eta plaza hitzen arteko jolas bat irudikatu nahi izan dute hala. Sorginlore Gizarte Elkarteak eta Ikertze Kultur Elkarteak prestatu dute egitasmoa, eXperientziak elkartearekin eta Ana Orozko arte zuzendariarekin batera. Zumaiako Udalaren eta eLankidetza Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren babesa du proiektuak.

«Ihes gela bat izanik, ezin da argitu erabiltzaileek barruan zer topatuko duten», esan du Maider Sagredo Sorginloreko kideak. Ez du gehiegi aurreratu nahi izan, eta, hortaz, «konta daitekeen arte» hitz egin du arduradunak. «Plazera eta plaza. Bi kontzeptu horietatik abiatuta, erabiltzaile bakoitzak bere modura irudikatuko ditu gauzak, eta oso esperientzia desberdinak biziko dituzte», azaldu du. Baina gela barruan zer topatuko duten jakiteko edo errealitateak erabiltzaileek irudikatutakoarekin zerikusirik duen ziurtatzeko onena bertaratzea dela dio Sagredok.

«’Plazera’ eta ‘plaza’ kontzeptuetatik abiatuta, erabiltzaile bakoitzak bere modura irudikatuko ditu gauzak ihes gela honetan»
MAIDER SAGREDO Zumaiako Sorginlore elkarteko kidea

Zumaiakoa Sorginlore elkarteak antolatzen duen hirugarren ihes gela da. Lehendabizikoa Ordizian egin zuten —Harimakila ihesi—, 2020an, baina ihes gela bat bihurtu aurretik «bizipen erakusketa bat sortzea» izan zuten asmo. Pandemia heldu zen orduan, eta, ezin zituztenez 30 lagun areto berean elkartu, talde txikietan antolatzen zituzten erabiltzaileak. Hiru hilabetez egon zen zabalik. «Ikusi genuen lanketa politak egiten zirela eta jendearen artean arrakasta zuela», esan du Segradok. Horrenbestez, Paradisu izeneko ihes gela ere abiatu zuten handik bi urtera, Orion, eta iaz, Beasainen. Zumaian abiatu berri duten PLAZerA, beraz, Sorginlorek antolatu duen hirugarren «jarduera pedagogiko-ludikoa» da. Urriaren 3an zabaldu zuten, eta martxoaren 29ra bitartean egongo da zabalik.

Sentipen desberdinak

Zumaiako PLAZerA ihes gelara joango denak ez du harrera gunerik aurkituko, ezta leihatilarik ere. Itxita dagoen ate batekin baino ez dute egingo topo, eta behin ate hori zeharkatuta abiatuko dute barneko esperientzia. Parte hartu nahi dutenek Ihesgelapedagogikoa.eus webgunean har dezakete txanda, doan. Asteazken, ostegun eta ostiraletan 16:30etik 18:00etara izaten da zabalik, eta larunbatetan, 10:30etik 12:00etara. Bi eta bost lagun arteko taldeetan banatuko dituzte erabiltzaileak, eta erlojupeko ibilbide bat egingo dute, plazeraren inguruko galderak erantzunez eta askotariko erronkak gaindituz. Ordubete izango dute gelatik ateratzeko. 

«Sentipen oso desberdinak biziko dituzte esperientziaz gozatzera datozenek», esan du elkarteko kideak. «Ihes gela guztiek ohi duten gisan, norberak kudeatuko ditu gelatik ateratzeko jartzen zaizkion erronkak. Ondoren, bakoitzak bere ikuspegitik eta bizipenetatik ulertuko du esperientzia». Gelatik atera ahal izateko, baina, «zentzumen guztiak adi» eduki behar direla gaineratu du Sagredok.

«Abiatu berri dugun ‘PLAZerA’ ihes gela hezkidetzarako tresna bat da guretzat»
MAIDER SAGREDO Zumaiako Sorginlore elkarteko kidea

Antolatzaileek argitu dute jendeak ongi pasatzea dela Zumaiako ihes gelaren helburu nagusia, baina «ildo pedagogikoa» duela oinarri. «Abiatu berri dugun ihes gela hau Hezkierak proiektuarekin lotuta dago; hau da, hezkidetza egiteko erarekin. Beraz, PLAZerA hezkidetzarako tresna bat da guretzat».

Sagredok jakinarazi du 12 urtetik gorako edonork parte har dezakeela, eta hala euskaraz nola gazteleraz egiteko aukera dagoela. Talde batzuk igaro dira jada gelatik, eta «ezustekoak» jaso dituztela dio elkarteko kideak. «Barre egin dute, eta tentsio uneak ere pasatu dituzte. Denek esan dute plazer hutsa izan dela bertan parte hartzea». Antolatzaileek gauza bakarra eskatu diete erabiltzaileei: ihes gela barruan bizitakoa «sekretupean gordetzea», erabiltzaile berriek «lehen pertsonan bizi dezaten plazera».