«Lau urte daramatzat esaten azken denboraldia izango dela, eta hemen jarraitzen dut»

«Lau urte daramatzat esaten azken denboraldia izango dela, eta hemen jarraitzen dut»

Alba Menendezek (Zarautz, 1991) hamasei urte daramatza Donostiako Bera Bera eskubaloi taldean jokatzen, eta taldeko beteranoa eta kapitaina da, 32 urterekin. Ondo ezagutzen ditu goi mailako kirolari izatearen exijentziak, baina badaki zer den egindako lanaren ordain gozoa dastatzea ere, palmares zerrenda luze bat lortu baitu Donostiako taldearekin. Iragan denboraldian jokatutako hiru txapelketak irabazi zituzten —Espainiako Liga, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa—, eta hasi besterik egin ez duten sasoian, dagoeneko Iberiar Superkopan izan dira garaile. Kirol ibilbide oparo horren amaiera, baina, geroz eta gertuago ikusten du Menendezek. Eskubaloia noiz lagako duen oraindik erabaki ez duen arren, hasia da prestatzen une horren osteko bizimodurako.

32 urte dauzkazu. Nola ari zara prestatzen eskubaloia utzi osteko bizimodurako? 

Iazko maiatzera arte eskubaloia zen nire zaletasuna eta ogibidea; jokalari profesionala nintzen, eta hortik bizi nintzen. Iaz, ordea, ni bila aritu gabe, lanerako aukera bat sortu zitzaidan. Enpresen Administraritza eta Zuzendaritza Gradua eta Marketina ikasi nituen, eta praktikaldia egin nuen enpresatik deitu zidaten eskaintza bat eginez. Duela urte batzuk bi aldiz pentsatu gabe emango nien ezezkoa, baina 33 urte betetzera noa, eta geroz eta hurbilago ikusten dudan bestelako bizimodu batean pentsatuta, proba egitea erabaki nuen, eta lanean hasi nintzen. 

Nola uztartzen dituzu lana eta eskubaloia?

08:00etatik 14:00etara bulego batean aritzen naiz lanean, salerosketen esparruan, eta arratsaldean entrenatzera joaten naiz. Eskubaloia alde batera utzita, nire aurreneko lana da bulegokoa, lan mundu errealeko nire lehen esperientzia. Biak uztartzea oso zaila izango zela pentsatzen nuen, eta bada nekagarria, baina uste baino hobeto moldatzen naiz. Lanean hastea erabaki nuenean, banituen nire beldurrak. Izan ere, eskubaloiak fisikoki nekatu egiten du, baita psikologikoki ere, eta ez nekien gai izango nintzen horretaz gain beste lan batean behar bezala aritzeko. Gainera, mota horretako nire lehen lana izanda, banekien gauza pila bat ikasi beharko nituela. Hasiera gogor samarra egin zitzaidan, baina gustura nabil. Pentsa, orain, lanean oporrak ditudanean eta eskubaloia bakarrik edukitzen dudanean, aspertu ere egiten naiz.

Lanean hasteak eraginik izan al du zure kirol errendimenduan?   

Neke fisiko handiagoa nabaritzen dut, lo gutxiago egiten dudalako. Entrenamenduen ordutegia ere pixka bat egokitu egin behar izan dut. Esaterako, taldekideek goizean egiten dute gimnasioko saioa, baina nik arratsaldean egiten dut, goizez lan egin ahal izateko. Lehen, eguerdian siestatxoa egiteko aukera izaten nuen, eta orain, ez. Lehen, igandean ere garaiz jaikitzen nintzen eguna ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eta sekula ez litzaidake bururatu ere egingo 11:00k arte ohean gelditzerik. Orain, berriz, horixe egiteko desiratzen egoten naiz.   

«Lana eta eskubaloia uztartzea oso zaila izango zela pentsatzen nuen, eta bada nekagarria, baina uste baino hobeto moldatzen naiz»

Erabakita al daukazu noiz utziko duzun eskubaloia?  

Ez. Lau urte daramatzat esaten azken denboraldia izango dela, eta hemen jarraitzen dut. Azken urteetan denboraldi baterako berritu izan dut kontratua, neure buruari esanez azkena izango zela, baina gero iristen da maiatza eta… Ez dakit datorren urtean hemen egongo naizen ala ez.   

Kirol ibilbidearen bukaera adinarekin lotu duzu. Noiz bihurtzen da bat zaharregia eskubaloirako?  

Kasuak eta kasuak daude. Espainiako Ligan hiru edo lau klubetako jokalariek gainontzekoek baino baldintza hobeak dituzte, eta talde horietako bat gurea da. Bera Bera ligako talderik onena da, gu kirolari profesionalak gara, baldintza onak dauzkagu, eta horrek guztiak kirolean urte gehiagoz jarraitzeko aukera ematen digu. Profesionalak ez diren taldeetan, jokalariek lehenago utzi ohi dute kirola, askok ikasketak bukatu eta lanean hastea egokitzen zaien garai horretan uzten dute, jarraitzeak ez dielako merezi. Hala ere, ligako baldintza onenak izanagatik ere, inork ez dezala pentsa eskubaloian jokatzeagatik aberasten ari garenik. Ondo bizitzeko lain ematen digu, baina eskubaloia ez da futbola.

Euskal Herritik kanpo, jokalariek eskubaloia lagatzen dute fisikoki jarraitu ezin dutenean, eta ez lanagatik. Atzerriko herrialdeetan ligak askoz profesionalagoak dira, jokalariek askoz gehiago kobratzen dute, egonkortasun handiagoa dute, eta horrek ahalbidetzen die kirolean ibilbide luzeagoa egitea. 

Alde handia al dago emakumezkoen eta gizonezkoen baldintzen artean? 

Futbolean adinakoa ez, baina aldea badago, bai hemen eta bai atzerrian.  

Jokalarien baldintzak hobetzeko ahaleginik egiten al dute klubek? 

Gure kasuan, bai. Duela bi urtera arte, hamar hilabeteko kontratua izaten genuen eta udan kontratua eten egiten ziguten. Azken bi urteotan, 11 hilabeteko kontratua izan dugu, eta helburua da urte osokoa izatera iristea. Urratsak egiten ari gara, poliki, baina norabide onean.

Alba Menendez Bera Bera klubeko emakumezkoen taldeko kapitaina, umea zela, sarri joaten zen familiarekin eskiatzera, eta asko gustatzen zitzaion kirol hori. Eskubaloia utzitakoan, berriz heldu nahi lioke eskiari. Argazkian, Menendez, Baqueira Bereten (Herrialde Katalanak), podiumean, erdian.

Zarautzen eskubaloian hasi zinen garaian, irudikatzen al zenuen honaino iristerik?

Inola ere ez, eskubaloian jokatzen ere kasualitatez hasi bainintzen. Umetan oso kirolzalea nintzen, denetatik egiten nuen, baina 14 urterekin kirol bakar bat aukeratu behar izaten genuen, eta eskubaloia aukeratu nuen nik, kuadrillako beste bi lagunek hala egin zutelako. 

Garai hartako oroitzapen onak al dituzu?

Oso onak. Oso urte politak izan ziren. Lau denboraldi egin nituen Zarautzen, eta sekulako taldea geneukan. Espainiako txapelketetara ere iritsi ginen. Horren gainetik, ordea, lagunarteko giroa nabarmenduko nuke: herriko eskola guztietako ikasleak elkartu ginen taldean, eta horrek jendea ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera eman zigun.  

Eta horren ostean, Bera Berara egin zenuen jauzi… 

Unibertsitatean hastear nengoela deitu zidan Bera Berak, eta aitortu behar dut une hartan ia ez nekiela Bera Bera zer zen ere. Banekien Donostiako klub bat dela, Zarauzkoa baino pixka bat hobea, baina ez nengoen daukan sonaren jakitun. Deia jaso nuenean, zalantzak izan nituen, betidanik izan bainuen ikasketak atzerrian egiteko asmoa, eta Bera Beraren eskaintza onartzeak hemen geratzera behartzen ninduen. Gurasoen eta, batez ere, aitaren laguntzaz hartu nuen erabakia. Esan nuen urtebete probatuko nuela eta gero ikusiko nuela jarraitu nahi nuen edo ez. Halaxe hasi nintzen, eta gaur arte. 

Hamasei urte geroago, taldeko jokalaririk zaharrena zara, denbora gehien daramana. Taldeko kapitaina ere bazara, erreferente bat. Zama handia al da hori? 

Ez dakit zama den, baina esperientziaz betetako motxila handi bat daramat bizkarrean, eta bai sentitzen dudala ardura taldera datozen gazteei gurean gauzak nola egiten diren erakustekoa: Bera Bera zer den, nola egiten dugun lan, exijentzia zenbatekoa den… Gu talde txapelduna gara, helburu jakin batzuk ditugu, eta beti hor goian egotea da horietako bat. Kanpotik datozenek hori badakite, ikusi egin dutelako, baina ikusi ez dutena da hori lortzeak zenbat lan eskatzen duen. Hain zuzen ere, taldeko beteranoon lana da gazteei hori irakastea. 

Zein izan da zure kirol ibilbideko momenturik okerrena?

Bera Berako bigarren denboraldian bizkarrean min hartu nuenekoa. 18-19 urte nituen, baina hernia bat neukan, eta ebakuntza bat egin behar izan zidaten. Medikuek ere ez zekiten esaten berriz eskubaloian jokatzerik izango ote nuen, eta ez ziren momentu gozoak izan. Bera Berako lehen denboraldiaz, berriz, oroitzapen gazi-gozoak dauzkat. Eskubaloian lagunartean ibiltzetik nazioarteko jokalariekin parez pare jokatzera pasatu nintzen, eta neure burua hor kokatzea eta aldaketa asimilatzea pixka bat kostatu egin zitzaidan. Asko gogoratzen naiz lehen denboraldi hartaz.

«Kanpotik datozen jokalariek badakite beti goian egon nahi duen talde bat garela, ikusi egin dutelako, baina ikusi ez dutena da hori lortzeak zenbat lan eskatzen duen» 

Eta zein izan da momenturik onena?

Txapeldunen Liga jokatzea sekulako esperientzia izan zen, talde oso onak izan genituelako aurkari, baina uste dut, eskubaloia uzten dudanean, iaz Illunben jokatu genuen Erreginaren Kopako partida izango dela maitasun handienarekin gogoratuko dudan unea. Garaipena etxean gelditzea sekulakoa izan zen, eta, gainera, oso ondo jokatu genuen.   

Zer irakatsi dizu eskubaloiak? 

Presioa kudeatzen eta taldean lan egiten. Hori ikasi izana baliagarri zait orain bulegoan ari naizenean ere.

Gauza asko alboratu behar izan al dituzu eskubaloiagatik?

Orokorrean, ez daukat gauzak galdu izanaren sentipenik, salbuespen batekin: Bera Beran hasi nintzenetik, ez dut eskiatzera joaterik izan. Umetan sarritan joaten nintzen familiarekin, ikaragarri gustatzen zitzaidan, eta eskubaloia uzten dudanean, gauza banaiz behintzat, berriz heldu nahi nioke horri. 

Jokatzeari uzten diozunean, eskubaloiari lotuta jarraitu nahi al duzu? 

Entrenatzaile gisa-eta ez dut ikusten neure burua. Gainera, eskubaloia lagatzearen alderdi on bat asteburuak libre edukitzea izango litzateke, eta entrenatzaile gisa hasteak oraingo dinamikan jarraitzea esan nahiko luke. Beraz, ez zait planik tentagarriena iruditzen. Partidak ikustera joango naiz, baina ez dut uste talde bati lotuta jarraituko dudanik.  

MOTZEAN

Eskubaloia ez den beste kirol bat? Edozein. Lagunartean egiteko, frontenisa.

Eredutzat izan duzun emakumezko kirolari bat? Zoritxarrez, ez dut erreferenterik izan. Gaztea nintzela emakume gutxi aritzen zen kirolean.

Entrenamendu saioa bukatzean, zer egitea gustatzen zaizu? Taldekideekin kafe bat hartzera joatea, edo, bestela, Zarautzera bueltatu eta itsasoa ikustera joatea.

Autobus bidaietan nola entretenitzen zara? Telesailak eta filmak ikusiz.

Gustuko duzun kantu bat? Vetusta Morlaren Valiente.

Liburu bat? Paol Watzlawicken El arte de amargarse la vida.