«Horrela jarriko naiz?», galdetu dio Aiora Zulaikak (Lasarte-Oria, 1975) argazkilariari, hortzak estu, irribarrez eta bi besoak Anoetako Ikastolaren alboan dagoen zurezko barandan jarrita. «Tira, lehen argazkiak proba moduan egiten ditut, urduritasunak-eta uxatzeko», erantzun dio argazkilariak. «Horrela ondo?», galdetu dio Zulaikak berriz, burua albo baterantz okertuta. Argazkilariak, segidan, bi begiak jaso ditu kameraren bisore optikotik, eta irribarre batez erantzun dio. «Ohituta egon beharko zenuke hainbeste urte kameren aurrean pasatu ondoren…». Ezezkoa egin du buruaz Zulaikak. «Ez pentsa», esan du. «Sudur gorririk gabe erabat biluzik sentitzen naiz halakoetan». Zulaikak 26 urte daramatza Pirritx pailazoarena egiten, eta esan du pertsonaiak «asko eman» diola baina berak ere asko eman diola hari.
Babesa ematen dizu sudur gorriak?
Bai, niri bai. Irrigintzan dabiltzan guztiek ez dute sudur gorriaren beharrik. Ni asko babesten nau. Sentitzen dut superbotereak ematen dizkidala: sudur gorria janzten dudanean, transformatu egiten naiz. Pirritxek Aiorak baino naturaltasun handiagoa dauka kameraren aurrean.
Sudur gorria maskara moduko zerbait da orduan zuretzat?
Bai, maskara bat, eta nire alter egoa ateratzeko aitzakia. Sakatu beharreko botoi bat da niretzat sudur gorria.
Bizitza erdia daramazu sudur horren atzean.
Pixka bat gehiago ere bai. Bizitza erdia baino gehiago daramat Pirritxen eta nire bizitza uztartzen.
«Asko-asko bete nau Pirritxek, asko-asko eman dit, baina, era berean, asko-asko eman diot nik ere»
Eta zer moduz konpontzen zarete?
Oso ondo. Egia da pailazo gisa egin nituen lehendabiziko urteak ikasi eta ikasi pasatu nituela. Ikasten nuen nola mugitu, nola hitz egin, nola kantatu, nola jokatu oholtzan… Gure taldean, adibidez, Marimotots [Mertxe Rodriguez] antzerkigintzatik dator, eta gainerako kideek ere egin dituzte milaka ikastaro. Ni pailazogintzan hasi nintzenean, nahiz eta Lasarte-Oriako gaztetxean aritzen nintzen antzerkian, ez neuzkan oholtzan hamaika urte zeramatzaten pailazoek beste tresna. Orduan, zer egiten nuen hasiera hartan? Nik ikasitakoak nire pertsonaiari eman eman eta eman. Eta, noski, harengandik ere jaso dut nik. Baina, une batetik aurrera, oso eroso egoten zara pertsonaiaren barruan.
Badute antzik Pirritxek eta Aiorak?
Gauza batzuetan bai, eta gero eta gehiago, gainera. Baina beste alderdi batzuetan ez dute batere antzik.
Adibidez, zertan?
Pirritx oso ausarta da, eta gauza guztiak oso egingarriak iruditu izan zaizkio beti. Aiora ere ausarta da oso, baina bizitzak erakutsi dio ezkorragoa izaten. Ekintzaileak dira biak, euskaltzaleak ere bai, amak… Pirritxek mundua alda dezake nahi izanez gero, baina Aiora kontziente da gaur konpontzen saiatuta ere bihar konpontzeke egongo dela.
Nola uztartu dituzu bien bizitzak?
Asko bete nau Pirritxek, asko eman dit. Baina, era berean, asko-asko eman diot nik ere hari. Beti esaten dut bizitza erdia daramadala Pirritxena egiten, baina bizitza oso bat eskaini diot kasik. Esan behar dut oso pozik nagoela eta oso zorteko sentitzen naizela garai batean Pirritxena egiteko aukera eman zidatelako nire herriko hiru zoro euskaltzalek. Haiei begira ikasi nuen aurrena, eta haiekin batera gero.
Nola iritsi zitzaizun proposamena?
Herrigintzako kontu batzuetan eta herriko euskara elkartean aritzen nintzen orduan. Baina, aldi berean, buru-belarri ari nintzen Arte Ederretako Graduko pintura espezialitatean. Laugarren maila amaitu nuen, eta azkeneko urtea falta zitzaidan. Nire ametsa zen azken urte horretan Erasmus egitea, Birminghamen. Zer pasatu zen? Nire disgusturako, ez zidatela Birminghamera joateko plaza hura eman. Dezepzio handia izan zen hori niretzat, espero ez nuen albiste bat.
Zergatik?
Ikasketetan ohituta nengoelako nahi nuena lortzen, eta uste nuen Birminghamera joateko plaza lortzea nire esku egongo zela, baina ez zen hala izan. Gaztetan, gainera, dena izaten da egundokoa eta dena bizitzen da izugarri. «Eta zer egingo dut orain?», pentsatu nuen.
Eta zer egin zenuen?
Porrotxek [Joxe Mari Agirretxe] hots egin zidan handik oso gutxira. Ezagutzen genuen elkar herriko hainbat saltsatatik. «Honek badu zerbait pailazogintzarako», pentsatu zuten niregatik, antza. Udazkenetik aurrera euren ikuskizunetan parte hartzeko proposamena egin zidan. «Egingo al zenuke Perez Sagutxoarena, izeba Maritxurena…?». Kristorena izan zen hori niretzat. Horixe zen une horretan behar nuena, eta baiezkoa eman nion deitu eta hurrengo egunean; eta egun hartan bertan unibertsitatetik hots egin zidaten.
Zer esateko?
«Aiora, Birminghamen ez, baina Portugalen badugu zuretzako moduko aukera zoragarri bat…». Noski, ni zoratzen nengoen Porrotxek bezperan egindako proposamenarekin, eta, beraz, ezezkoa eman nien unibertsitatekoei, ezin niolako Porrotxek eskainitako aukera horri uko egin. Hala hasi nintzen taldean zenbait pertsonaiaren rola betetzen.
Aiora Zulaika, izeba Maritxu pertsonaiarena egiten, 1997. urtean, Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean.
Orduan Ainhoa Beristain zaldibiarrak egiten zuen Pirritxena…
Bai, eta handik denbora batera taldea utzi behar izan zuen, eta haren ondotik hasi nintzen ni Pirritxena egiten. Ainhoak sortu zuen Pirritx desberdina zen: bihurriagoa, zoroagoa… Noski, nork bere clownetik sortzen du pertsonaia. Ni gorpuzten hasi nintzen Pirritx hura xaloagoa zen, goxoagoa… Erabat egin gabekoa, nolabait esateko. Pirritx buztin puska busti bat zen hasieran, eta urteekin hartu du forma. 23 urte nituen buztin zati hori nintzenean, eta gaur arte.
26 urte pasatu dira ordutik. Zer-nolako bidea izan da orain artekoa?
Orain arte egindako bideari balioa ematen diot, noski. Baina ni konturatzerako, parean dauzkadan begiek esaten didate zer balio izan duen. Txiki-txikitan jasotako begirada horiek berak ikusten ditut 30 urteren bueltan dabiltzan gazteengan, nire ikasleengan… Uste dut guk emandako maitasun horren buelta bat dela. Infinitua da jasotzen dugun maitasuna, egunerokoa. Azken batean, maitasun istorio bat da pailazoon eta publikoaren artekoa.
Asko aldatu da gizartea geroztik. Publikoa ere aldatu da?
Umea bera baino gehiago, umearen ingurua da aldatu dena. Umeak berezkoak ditu ilusioa, sortzeko grina, alaitasuna, bizipoza… Daukaten energia hori guztia ez da aldatu. Ingurua aldatu zaie, eta horrek baldintzatzen ditu. Badago aldaketa bat nabarmen sumatu duguna hasi ginenetik hona: haurraren adina. Nik 11-12 urterekin ikusten nituen pailazoak, eta orain dela bizpahiru hamarkada gu ikustera etortzen ziren haurrak adin horretakoak ziren: 11, 12, 13 urtekoak. Gaur egun askoz ere gazteagoak dira, 6 edo 7 urtekoak asko jota. Ez dakit ez ote garen ari haurrei haurtzaroa laburtzen. Hala ere, badira, behin nerabezaroa gaindituta, gure ikuskizunak ikustera itzultzen direnak ere. «Gure haurtzaroa izan zarete», esaten digute. Guretzat zoragarria da hori.
Aiora Zulaika, Agustin Mujika eta Joxe Mari Agirretxe, 2003an, Zaldibian, herri horretako hainbat haurrekin ikuskizun bat grabatu ondotik. Irudian, Zulaika, goian, ezkerretik hasita lehenengoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Esan duzu zuk 11 urterekin ikusten zenituela pailazoak. Adin hartan jakin zenuen pailazo izan nahi zenuela?
Bai. Kontua da 11 urte nituela 40 ordu euskaraz maratoia antolatu zutela Lasarte-Orian. Saltsa horretan zebiltzan Agustin Mujika Takolo eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx. Asteburu osoko kontua izan zen, eta baldintza zen euskaraz egitea. Mikrofono bat geneukan, eta ezin ginen isilik egon bost minutu baino gehiago. Alegia, helburua zen euskaraz hitz egitea, etengabe. Egun hartan bertan, txistua jo behar izan nuen nik, eta pailazoen ikuskizuna zegoen gero. Txistua altzoan hartu, eta pailazoak ikustera joan nintzen: Takolo, Pirrutx eta Porrotx. Mundu bat zabaldu zitzaidan barnean, sekula ez bainuen ikusi pailazo euskaldun batzuen zuzeneko ikuskizun bat.
Eta gogoratzen zara zer pentsatu zuen orduan 11 urte zituen Aiora hark?
Gogoan dut jantzita zer neraman ere: begiak itxi, eta ikusten dut nola nengoen kaikua jantzita eta txistua altzoan hartuta. Eta hala nengoela, zera pentsatu nuen: «Nik egunen batean pailazo izan nahi dut, hauek bezala». Gerora suertatu zitzaidan aukera hori, eta huraxe izan zen nire bizitzako loteria.
«Urte hauetan guztietan jaso dugun maitasunak eta aitortzak gainditzen ditu bidean jartzen dizkiguten oztopo guztiak»
Zein izan da zuen pailazo taldearen helburua?
Euskara eta alaitasuna izan ditu ardatz. Herrigintzatik, balioetatik eta haurraren kultura balioestetik abiatu dugu gure egiteko modua. Horrek markatu du gure xenda.
Zuen helburua euskara eta alaitasuna zabaltzea izanik ere, hainbat traba jarri dizkizuete bidean, politika kontuak tarteko. Nola bizi izan duzue hori?
Gu herrigintzatik gatoz, eta herrigintzak ekarri gaitu honaino. Herrigintzak eman digu gaur egun daukaguna. Egia da maitasunez eman dugun guztia itzuli zaigula maitasunez, eta urte hauetan guztietan jaso dugun maitasunak eta aitortzak gainditzen dituela bidean jartzen dizkiguten oztopo guztiak. Pertsonak gara, sentitzen dugu eta zauriak dauzkagu, baina herritarren babesa izan dugu ukendu.
Orain baduzue ikuskizunik esku artean?
Badugu, bai. Pirritx ez da oholtzan izango, baina atzean izango da, noski, ahal duenetan laguntzen. Jendeak jende asko ikusiko du oholtza gainean, beraz, inork ez du Pirritxen falta sumatuko.
motzean
Zer film genero nahiago duzu?
Komedia.
Leihotik begiratzerakoan, zer paisaia ikusi nahiko zenuke egunero?
Zarauzko hondartza.
Antzezteko oholtza bat?
Mila esango nituzke, baina Arrasateko Monterron esango dut.
Zergatik?
Anfiteatro natural bat da, eta jendez beteta ikustea magikoa da.
Pertsona guztiek dute pailazo bat barnean?
Bai. Batzuek kapa asko kendu behar dituzte deskubritzeko, eta beste batzuek errazago aurkitzen dute.