Desioak eskatzea

Desioak eskatzea

Igande goiza zen. Giro freskoa egiten zuen, eguzkitsua. Aldapan gora zihoazen lagun taldetxoak, hiru korrikalari kontzentratu, bi bikote, umezko eta gurasozko kuadrillak. Izerdia irristatzen zitzaien kopetetatik, berotutako eztarrien arnasestuak ozentzen zituzten. Berdea zen den-dena; arbola sail handiak, muinoak, bideak, zelaiak. Jendea eta jende gehiago zebilen aldapan gora eta aldapan behera. Hernioko tontorrerako ehun-berrehun metro baino falta ez zirela, harrizko etxolara eta ondoko gurutzera iristen ziren banaka-banaka. Gurutzeari eskuineko besotik eranzten zizkioten burdinazko uztaiak. Gorputza pasatzen zuten uztaien barrutik atalez atal; beso bat, burua, beste besoa, saihetsak, gerria, hanka bat eta bestea. Bitartean, begiak ixten zituzten batzuek. Beste batzuek ez. Itzultzen zuten burdinazko uztaia gurutzearen ezkerreko besora, eta beste burdinazko uztai batekin gauza berbera egiten zuten, eta beste batekin, eta beste batekin… Uztai guztiak besoz aldatu arte gurutzeari. Desio bat eskatu behar da hori egin bitartean, eta eskatutako desioan fuerteki pentsatuz joan aldapan gora, azken metroetan. Handik pasatzen denak eskatu egin behar omen du zerbait. Errituala ondo eginez gero, bete egiten omen da eskaria. Hala, besotik-eskura eskutik-besora dabiltza uztaiak gelditu gabe igandea joan eta igandea etorri Herniopeko harrizko etxolaren ondoko gurutzean.

Ez-dakit-noiz esan ziguten inportantea dela han eta hemen okasioa dugun bakoitzean desioak eskatzea: definitu desioa, kontzentratu horretan, itxaron segundo bat, bi, eta ez inori esan zer pentsatu duzun. Horrela esan ziguten ez-dakit-noiz, eta horrela izango da. Ametsak apaltzen dira aroka, imajinazioa mugatzen da, fantasiak lurreratzen, sinesmenak itzaltzen, baina biharko zerak konpliarazteko aukerak hemen dabiltza etengabe, ziotenez: betileek eskura egiten digute salto; tximeleta zuriak azaltzen zaizkigu leihora; kandelak pizten dizkigute urtebetetze eguneko tartetan; zenbaki berak errepikatzen dira ordulari digitalaren bi aldeetan; urteak bukatu egiten dira; izar uxo bat azaltzen da justu gure gainean (zeruari begira-begira bi ordu eta erdi pasatu eta gero).

Ez-dakit-noiz esan ziguten inportantea dela han eta hemen okasioa dugun bakoitzean desioak eskatzea: definitu desioa, kontzentratu horretan, itxaron segundo bat, bi, eta ez inori esan zer pentsatu duzun.

Noski, igual aldiro-aldiro ez zara gauzak eskatu eta eskatu ibiliko, edo ez jendearen bistan, baina batzuetan ondo etortzen da segundo erdi batez sinestea eskatu behar zenean eskatu behar zen bezala eskatu duzulako beteko dela eskatu duzun desioa. Beldur txikiak baretzen ditu sinesteak. Nahiz eta ez sinetsi-sinetsi. Uste dut kontua ez dela sinesmena, ezer egin ez eta geure buruarekin ondo eta lasai sentitzeko motiboak izatea baizik; egin putz eta nahi duzuna izango zara. Eta etorriko da. Eta etorriko direnen zain gaudela eskatzen ditugu desio berriak, inportantea hori delako: okasioa dugun bakoitzean han eta hemen desioak eskatzea. Ez besterik.

Lehengo igandean, tontorrerako ehun-berrehun metro baino falta ez zirela, aprobetxatu nuen arnasa hartzeko, eta burdinazko uztaien barrutik pasatu nituen nik ere beso bat, burua, beste besoa, saihetsak, gerria, hanka bat eta bestea. Lotsa handi-handi-handia sentitu nuen; ez nazala inork ikusi, zer pentsatuko dute. Nik berez ez dut gauza horietan asko sinesten, baina bueno, behin han egonda, badaezpada-badaezpada eskatu egin nuen nire desiotxoa.